INFO

Sentsazio ezkorrek emaitza dotorea ilundu diote Miren Lazkanori

Miren Lazkanok emakumezkoen C1ean inoiz euskalherritar batek erdietsi duen emaitza olinpiko onena egin du: hamargarren bukatu du eta diplomen borrokan egonda, bi segundora. Donostiarrak, baina, lehen analisi ezkor bat egin zuen Vaires-sur Marnen, sentsazio eskasak oinarri hartuta.

Miren Lazkano, C1eko finalerdietan. (Olivier MORIN | AFP)

Egingo balu eta egingo ez balu... Baldintza hipotetikoak alferrik dira kirolean –eta, oro har, bizitzan–. Egindakoarekin denbora luzez damutzeak ez du soluziorik eskaintzen, eta kasu honetan, Miren Lazkanori ere baldintza hipotetiko horrek ez dio asetzen. «Finalean egoteko aukera hau izateak asko pozten nau baina beti da gogorra. Hor zaudenean, beti nahi duzu hobetu. Saiatu naiz eta zait atera eta jada hurrengoari begira», adierazi zuen, Vaires-sur-Marne kanalean batu ziren Euskal Herriko hedabideen aurrean.

Polita izan behar du estreinako Olinpiar Jokoetan, kanalaren ertzean lagun eta sendia zure jaitsiera jarraitzen eta hauspotzen egoteak, ikurrinak lepoan, Atletico San Sebastianeko kamisetak soinean. Hartuko du horren kontzientzia Miren Lazkanok berak ere baina «orain ez nago pozik; beste perspektiba batekin ikusten dudanean zerbait gehiago esango dut».

Hamargarren postuan bukatu zuen C1eko saioa (116.97), munduko onenekin lehiatuz finalean, diploma olinpikotik bi segundora geratuz, seiko zigor batekin. Finalera sailkatu ziren 12 piraguistetatik, hamar munduko 17 onenen artean zeuden eta donostiarra 28.ena da, finalisten artean bigarren postu baxuenarekin, alegia. Txapelketa zinez duina egin du, nahiz eta berak onartu legez, akats gutxiago egitea gustatuko litzaiokeen.

Onenei erreparatzen

«Jaitsiera on eta duin bat egiteko ez naiz gai izan». Tinkoak dira Lazkanoren hitzok, aho bizarrik gabe egin zituen adierazpenak, ezkortasunak debut txukun bat ilundu ziola.

Saio dotorea egin zuen finalerdietan, jarritako helburua egoki beteta. Laugarrena zen irteera lerroan eta beraz, finalera sailkatzeko aukera errealak izateko, bere aurretik atera ziren arerioek baino denbora hobea egin behar zuen. Bada, erronka bere buruari jarri eta bete: 116.27 segundoan osatu zuen ibilbidea, 16. eta 17. ateen artean katramilatu bazen ere. Azken txanpa ona egin zuen eta 20. atea ukitzearen arantza ere hor geratu zen.

Arantza horrek gehiago iraungo du Lazkanoren barnean baina bere hasierako helburua segituan ikusi zuen eginda: Juan Huang txinatarrak eta Marjorie Delassus frantziarrak bere atzetik egin baitzuten, bai eta Evy Leibfarth estatubatuarrak ere, azkenerako brontzezko domina irabazi zuenak.

Hain zuzen ere, Lazkanok nahiago du ongi egin duten piraguistetan erreparatu, gaizki egin dutenekin batera kontsolatzea baino. Berak nabigazio garbiagoa nahi zuen eta finalean, hasierako txanpan, bigarren eta bosgarren ateak ukituta, apur bat zapuztu zitzaion helburua baina «bigarren zatian zerbait polita egiteko aukera izan dut eta gutxienez, gai izan naiz horri aurre egiteko». Eta ez da gutxi Lazkanok lortu duena, hainbesteko presioarekin ere buruari buelta eman eta jaitsieran zentratzea.

«Bi urte gogor» igaro ondoren, 2021ean Europako txapeldun izan zena, final olinpikora iritsi da, barneko zurrunbiloa apur bat askatuta. Gainera, ez da amaitu bere abentura Parisen, bihartik aurrera kayak kross modalitatean lehiatuko baita: «Ahalik eta ondoen egiteko aukera daukat. Kanporaketak pasatzen jun ahala, ikusiko dugu».

Jessica Foxen garaipen bikoitza

Lazkanoren finala testuinguruan jartzeko, munduko rankingeko lehen hamarren artean dauden zazpirekin lehiatu du finala, tartean Jessica Fox moduko txapeldun handia. K1eko urrezko dominari C1ekoa batu zion australiarrak (101.06), Tokioko garaipena errepikatuz. Elena Lilik alemaniarra jantzi zuen zilarra (103.54) eta Leibfarth estatubatuarrak, brontzea (109.95).