INFO

Denboraldiaurre luzean lagunarteko zazpi partida jokatuko ditu Lointek Gernika Bizkaiak

Ausarta Barakaldo, Basket Zaragoza, Basket Landes, Ardoi, Kutxabank Araski eta IDK Euskotren birritan, horiek izango dira guztiz eraberrituta aurkeztuko den talde gernikarrak irailean zehar izango dituen arerioak. 2024/25 denboraldia bera urriaren 5ean hasiko du, Lugoko Ensinoren aurka.

Lucas Fernandez entrenatzaileak Lointek Gernika Bizkaia eraberritu bat zuzendu beharko du. (Gorka RUBIO | FOKU)

Lointek Gernika Bizkaiak bere denboraldiaurrea aurkeztu du asteazken honetan. Hasteko, hasi berri den abuztuaren azken astean elkartuko dira Lucas Fernandez eta bere jokalariak mediku azterketak gainditu eta aurreneko entrenamenduak burutzeko. Denboraldia, aurten Europako lehiaketarik jokatuko ez duenez, urriaren 5ean hasiko da talde bizkaitarrarentzat, Lugoko Ensinoren aurka. Hala, bitartean zazpi lagunarteko norgehiagoka jokatuko ditu.

Ausarta Barakaldo taldea, Challenge Ligara –garai bateko Emakumeen Bigarren Liga– igo berria dena, izango da gernikarren aurreneko arerioa, irailaren 8an Maloste kiroldegian. Handik hiru egunera, irailaren 11an, Aragoiko Mallen herrian –Tuteratik oso hurbil– Basket Zaragoza talde indartsua izango du aurrean. Neurketa biak ala biak eguerdiko 12.30etan jokatuko dituzte Lucas Fernandezenek.Malostera itzuliko dira bizkaitarrak denboraldiaurreko hirugarren lagunartekoa jokatzeko. Irailaren 14an izango da hori eta aurkaria Europako txangoetan hainbeste bider aurrean izan duen Basket Landes talde frantsesa izango da. Partida hau arratsaldeko 18.30etan hasiko da.

Irailaren 17 eta 18an, aldiz, Zizur Nagusiko Ardoi eta IDK Euskotrenen kontra jokatuko du Lointek Gernika Bizkaiak, nahiz eta oraindik ez duen zehaztu non eta zein ordutan jokatuko duen. Denboraldiaurreko neurketan multzoa, alabaina, oraindik ezingo du bukatutzat eman Gernikako taldeak, Emakumeen Ligako Euskal Kopa jokatu beharko baitu iraularen azken aldera.Hala, irailaren 26an Kutxabank Araski izango du aurkari 19.00etan, Beasaingo Aintzizar kiroldegian. 24 ordu beranduago, berriz, IDK Euskotren izango da Lucas Fernandezek zuzentzen duen taldearen denboraldiaurreko azken norgehiagokaren aurkaria.

Ikusi egin behar bitarte horretan nola uztartzen den Lointek Gernika Bizkaia berria, gogoan izan behar baita ia erabat aldatu den taldea osatu duela talde gernikarrak. Itziar Ariztimuño, Marta Alberdi eta Maya Dodson dira iaztik hona mantendu diren jokalari bakarrak. Osterantzean, Kendra Chery, Laura Westerik, Ane Olaeta, Irati Etxarri, Elena Buenavida, Awa Fam, Annika Soltau y Taylor Mikesellek osatuko dute talde bizkaitarra.