Ituño eta Ugarte hunkituta eta «harro» Aste Nagusiko pregoilari eta txupinera jantziak soinean
Bilboko Udaleko Jai Batzorde Mistoak eta Bilboko Konpartsek ostiral honetan aurkeztu dituzte, ofizialki, Aste Nagusian txupinera eta pregoilari lanean ibiltzeko jada prest dauden bi bilbotarrak: Itziar Ituño eta Nagore Ugarte. Hunkituta eta pozik agertu dira komunikabideen aurreko agerraldian.
Beti hartu ohi da ilusioz Bilboko Aste Nagusiko pregoilari eta txupinera jantziak hartu eta izendapen ofiziala egitea, baina ostiral honetan bereziki hunkituta eta «harro» agertu dira Itziar Ituño aktorea eta Nagore Ugarte Txibotarrak konpartsako kidea. Abuztuaren 17an lehertuko dira jaiak Bizkaiko hiriburuan eta 25 bitarte iraungo dute.
Arriaga Antzokitik pregoia irakurrita abiatuko dira jaiak, eta bederatzi egunetan enbaxadoreak izango direnak prest dira jada. Jantzi ofizialez jantzita egin dute ostegun honetako aurkezpena Bilboko Udalko Jai Batzorde Mistoak eta Bilboko Konpartsek lagunduta. Biek baliatu dute unea eskerrak emateko, eta Marijaiarekin batera «jaietako protagonistak» izateagatik pozik agertu dira.
Itziar Urtasun Jaietako zinegotzi eta Bilboko Udaleko jaien batzorde mistoko presidenteak esperientzia ederra izango dela nabarmendu die protagonistei: «Leku guztietan egongo dira, bederatzi eguneko enbaxadoreak izango dira, eta biek asko gozatuko dute».
Bestalde, Itziar Ituño aktore basauriarrak esan du izendapena «opari» bat dela eta «ohorea» dela Aste Nagusiko pregoilari izatea. Abuztuaren 17an bere ardura izango da Arriagako balkoitik pregoia irakurtzea, eta «bihotzez» eskertu ditu konpartsak eta Bilboko hirua. Hunkituta egin du aurkezpen osoa, eta herritarrek jaiez gozatzea espero duela esan du, eta «sustraiak» non dituen oso ondo dakiela adierazi du.
Sexu erasorik gabeko jaietarako deia
Ugartek nabarmendu du ohore handia dela Bilboko Konpartsak ordezkatzea, eta herritarrei festetan parte hartzeko eta gozatzeko deia egin die. Era berean, eta urduritasuna aitortu ondoren, Aste Nagusian Bizkaiko hiriburura joateko deia egin dute, eta antolatutako jardueren programa hiriko leku guztietan «zabalik» dagoela ziurtatu du. Era berean, sexu-erasorik gabeko Aste Nagusia izatea nahi duela azaldu du.