INFO

«Maitasunaren eta elkartasunaren apologia» euskal presoen alde Plentzian egindako Itsas Martxan

Jendetza bildu da larunbat honetan Plentzian euskal errepresaliatuen eskubideen alde antolatu den XI. Itsas Martxan. «Maitasunaren eta elkartasunaren apologia egitera goaz. Ez zaituztegu bakarrik utziko, maite zaituztegu!», nabarmendu dute.


Euskal preso, iheslari eta deportatu guztiak etxean egon arte lanean jarraituko dutela berretsi dute Plentzian larunbat honetan ospatu den XI. Itsas Martxan. «Beharraren aurrean antolatzen eta elkartasuna saretzen dakien herria gara, eta Itsas Martxan ere maitasunaren eta elkartasunaren apologia egitera goaz. Ez zaituztegu bakarrik utziko, maite zaituztegu!», nabarmendu dute.

Bildutakoen aurrean Andrea Egozkue Itsas Martxako kideak azaldu duenez, «Itsas Martxaren hamaika urte hauetan frantziar eta espainiar Estatuen errepresioa salatu izan dugu hamaika aldarrikapenekin: ‘Dispertsiorik ez!’, ‘Presoak kalera!’, ‘Amnistia osoa!’… larriki dauden presoen egoera salatu dugu, Kepa del Hoyo eta espetxean zein espetxeetara bidaietan hildako lagunak gogoratu eta omendu ditugu; eta Aitor eta Galderren absoluzioa aldarrikatu dugu».

Eta «bidean izandako oztopo eta zailtasunak asko» izan direla gogoratu du bildutakoen aurrean: «Mina eta gorrotoa handia izan da, baina herri honen askatasun nahia eta aurrera egiteko nahia hori guztia baino askoz handiagoa izan da beti». Honekin batera, «belaunaldiz belaunaldi lanean ibilitako militanteen konpromisoari esker Euskal Herriak bizirik» dirauela, gaineratu du, maitasun eta elkartasun keinuak goraipatuz.

Palestinar herria ere gogoan izan du, «Israel genozidioa gogortzen dagoen honetan». «Estatu Batuen eta Israelen interes ekonomiko eta geopolitikoek herri oso bat desagerrarazi nahi dute», salatu du, eta «genozidioa» gelditzeko eta Palestina askatzeko aldarria egin du.