INFO

Osasungintza publikoaren aldeko mobilizazioa Donostian: «Gaixotasunek ez dute oporrik hartzen»

Osasungintza publikoaren defentsan elkarretaratzea egin dute eguerdian Donostiako Ospitalearen aurrean, ‘Olatu Txuria’ ekimenak deituta. Kalitatezko osasun zerbitzua eskatu dute, baita udan ere, azpimarratu dutenez, «gaixotasunek ez dutelako oporrik hartzen».

Elkarretaratzea egin dute gaur Donostian. (@RebekaUbera)

‘Olatu Txuria’ ekimen herrikoiak deituta, mobilizazioa egin dute gaur Donostian, «kalitatezko» osasungintza publikoaren alde. Ohartarazi dutenez, «gaixotasunek ez dute oporrik hartzen» eta beraz, udan ere behar bezalako osasun zerbitzua behar dute herritarrek. Epe luzerako neurriak eskatu dituzte eta kritiko agertu dira Osakidetzako zuzendaritzak azken aldian proposatutakoekin, «adabakiak» baino ez direla iritzita.

Elkarretaratzea egin dute eguerdian Donostia Ospitalearen aurrean. Antolatzaileek «baliabideen eta langileen» murrizketak deitoratu dituzte eta argi utzi nahi izan dute osasungintza pribatua ez dela «panazea».

Halaber, ‘Olatu Txuria’ ekimenak haserrea agertu du, hauteskunde kanpainan hainbat alderdi politikok «lehen arreta langile gehiagorekin indartu eta Osakidetzaren kalitatea hobetzeko inbertsioak egingo» zituztela zin egin baitzuten, baina, momentuz «adabakiak» baino ez dituztelako jarri.

Mobilizazioaren antolatzaileen aburuz, medikuei aparteko orduak ordaintzea, zeina Osakidetzak iragarri duen neurrietako bat den, epe laburrera bakarrik funtzionatu dezakeen neurria da, inolaz ere afera errotik konpontzeko modukoa.

«Langile gehiago, osasun zentroak zabalik, Etengabeko Arreta Guneak eta haien bizi euskarri lana bermeekin bete dezaketen larrialdietako anbulantziak behar ditugu», aldarrikatu dute.