Eguraldi aldaketak bigarren txandan aritu den Hondarribiaren alde irauli du Orioko Bandera
Haizea zakarrago hasi da jotzen ohorezko txanda hasterako eta, hala, aurreneko lau postuetatik hiru bigarren txandan aritu diren ontziek bete dituzte. Zierbena izan da bigarren eta Urdaibai, bosgarren. Orioren ordez, berriz, Hondarribia pasa da orain ohorezko txandara.
«Pedro Navaja» abestiaren estribilloak «La vida te da sorpresas» dio eta itsasoa, ezustekoen zalea ez ezik, apetatsua ere bada. Haizearen indarra handitzen dela, hondoko itsasoa petraltzen dela, olatuek ez dutela enbarazu baino egiten, eta hara aurreikuspen guztiak pikutara! Poztekoa izaten da beti kirolaren mundu honetan ezustekoak oraindik ere eman daitezkeela ikustea eta aurtengo Eusko Label Ligari lotzen badiogu gure diskurtsoa, Urdaibaik ez duela irabazi eta poza azaldu beharko dugu, aurtengo denboraldian hirugarren salbuespena baino ez delako jazo. Aurreko bietan Zierbenak eraman du trapua, baina igande eguerdi honetan, Orioko Kanpina XII. Banderari dagokion estropada Hondarribiak eraman du, bere historian zazpigarren aldiz, nahiz eta bigarren txandatik aritu den.
Ez hori bakarrik, bigarren amaitu duen Zierbena izan ezik, aurreneko lau postuetan bigarren txandako hiru ontzi sartu dira: Getaria hirugarren sailkatu da eta Lekittarrak 32 ehunenekoren aldeaz aurrea hartu dio Urdaibairi. Bermeotarrak bosgarren lekuraino jaistea harrigarria bada, zer esan Oriori buruz, etxeko estropadan hamargarren amaitu duelarik «mirotzen» traineruak; Donostiarra, berriz, zazpigarren postuan sailkatu da, Ondarroaren atzetik.
Anabasa honetatik sailkapen nagusian ere nolabaiteko aldaketak suertatu dira. Urdaibaik 137 punturekin lidergoa mantentzen du eta oraindik 10 puntu ateratzen dizkio Zierbenari. alabaina, hirugarren postuan Hondarribia kokatu da, Donostiarrarekin 107na punturekin berdinduta. Orio, berriz, uneotan ohorezko txandatik at geratu da, 102 puntu dituela.
«Haizea aldatu dela badakigu, baina gure estropada aurreko egunetakoa baino zertxobait hobea izan da. Mutilei zorionak eman behar dizkiet egin duten lanagatik; behar zuten halako zeozer, nik uste. Bide honi jarraituta Hondarribia hobe bat ikusiko dugulakoan nago», onartu du Mikel Orbañanos Hondarribiko entrenatzaileak poza ezkutatu ezinik.
Orioko barran bestela ere hondoko itsasoa eta haizea ez dira falta izan, baina bigarren txanda amaitu geroztik, are eta nabarmenago egin du gorantz haizeak eta ohorezko txandan aritu diren traineruek lanak izan dituzte hiru itsas miliak betetzeko; baita beren txandari hasiera emateko garaian estatxari eutsi eta gutxienean lerrokaturik mantentzeko ere.
Kaleak, gako
Zentzu horretan, aurreneko kaletik aritu beharrak ez dio batere mesederik egin Urdaibairi, erre-punpa, olatu zikina eta itsasoaren beste hainbat sekretutan katramilatuta aritu behar izan dira gorka Aranberri eta enparauak. Zierbenak larunbatean estropada erdira arte eutsi zion Urdaibairi, baina hirugarren luzeaz geroztik beherantz egin zuen; igande eguerdian Urdaibai bera izan da ezinean aritu dena, ‘Bou Bizkaia’ ontziak hurbilago izan ditu sarri xamar Donostiarra eta baita Orio ere, nahiz eta etxeko traineruak hirugarren luzeaz geroztik hondoa jo duen.
Alabaina, «galipoek» ere beti izan dituzte Hondarribiaren erreferentziak etsai. Egoera hobeagoei zukua aterata –ez hain errazak nolanahi, 21 minutuak justuan libratu dituen ontzi bakarra izan baita ‘Ama Guadalupekoa’–, Joseba Amunarrizen gidaritzapean egindako lana gainditzear izan dira behin bainio gehiagotan. Azken ziabogan bertan ere Zierbenak segundo bat gutxiago behar izan du Hondarribiak baino eta ordurako zortzi segundoko tartea atera dio Urdaibairi.
Teoriak esango zukeen denboraldiko hirugarren garaipena eskuratu beharko zuketela «galipoek», baina ez da halakorik izan. Itsasoak ez die bakerik eman «galipoei’ eta hargatik sari banaketa eremura hurbiltzeko gonbita luzatu diete Hondarribiko arraunlariei.
Azken hauei ez zaie motza egin azken luzea. Zain eta zain tentsioa ezin disimulatuz, halakoren batean Zierbenak 21 minutuko langa jo duenean bakarrik lehertu da festa ‘Ama Guadalupekoa’ ontziko tostetan. Zierbenaren atzetik, berriz, gurutze-bidea amaitu ezinik hantxe helmugaratu dira nola Urdaibai hala Donostiarra eta Orio.
Esango du baten batek naturak eta kaleek zeresan nabarmenegia dutela estropadetan, baina jokoaren parte dira haize eta korronte aldaketak, olatuak eta mareak. Eta oraingoan Hondarribiari mesede egin dion lekuan, hurrengoan kalte egingo dio beste norbaiten alde. Hori ere bada traineru estropaden xarma.
Orioko XXXIV. Estropada - Orio Kanpina XII. Bandera
1- Hondarribia 20:59.62
2- Zierbena 21:03.98
3- Getaria 21:08.50
4- Lekittarra 21:11.08
5- Urdaibai 21:11.40
6- Ondarroa 21:12.02
7- Donostiarra 21:16.76
8- Kaiku 21:25.04
9- Cabo 21:25.84
10- Orio 21:29.74
11- San Pedro 21:34.94
12- Bueu 22:06.04
Eusko Label Liga
1- Urdaibai 137 puntu.
2- Zierbena 127 p.
3- Hondarribia 107 p.
4- Donostiarra 107 p.
5- Orio 102 p.
6- Getaria 79 p.
7- Lekittarra 65 p.
8- Ondarroa 64 p.
9- Cabo 57 p.
10- Kaiku 48 p.
11- San Pedro 29 p.
12- Bueu 14 p.