INFO

Presoak etxeratzearen alde egin dute ehunka lagunek Gasteizko jaien bihotzean

Mobilizazioari bide eman dioten ikurra eta leloa, Ama Zuriaren Enparantzatik abiatu aurretik. (Endika Portillo | Foku)

Gasteizko Ama Zuriaren jaien testinguruan, euskal presoak behingoz etxeratzearen alde egin dute ehunka lagunek astelehen honetan. Festen egun nagusian ospatu da mobilizazioa, Sarek deituta eta Ama Zuriaren Enparantzatik abiaturik. Bertan ere, 26 ordu lehenago, ‘Etxera’ leloa denon begietara agertu zen Zeledonen jeitsieraren aurretik.

Neska eta blusa ugari batu dira mobilizaziora. Alde Zaharra zeharkatu ondoren, etxeratzearen aldeko adierazpena irakurri dute Sare kideek.

Honetan sufrimenduarekin behingoz bukatzeko beharra nabarmentzen da, bai eta elkarbizitzari bultzada ematekoa ere. Bide horretan salbuespen legedia guztiz indargabetu behar dela aipatu dute manifestariek, presoen etxeratzeari jartzen zaizkion trabak alboratuz.

Udako kanpaina honetan zehar hiri eta herrietan zabaltzen ari da Sareren aldarria, honelako mobilizazioaren bitartez. Sanferminen bezperetan, esaterako, manifestazioa egin zuten Iruñea helburu berdinarekin.