INFO

Haurdun geratu zara? Milanek zainduko zaitu

Italiako klub handiak erabaki historikoa hartu du emakumezkoen taldeari dagokionez: kontratua berehala berrituko dio haurdun geratzen jokalariari eta seme-alaben zaintza lagunduko du. «Futbolaren munduan denok askatasun osoz hartu beharko lituzkete erabaki pertsonal garrantzitsuak», ziurtatu du.

Irudi honekin eman du albistea klub «rossoneroak». (Milan FC)

Pausoz pauso, bada zerbait. Milan emakumezkoen futbol taldeak bidea seinalatzen erabakia hartu du, Italian ez ezik Europa osoan eragina izan dezakeena. Denboraldi honetatik aurrera jokalari bat haurdun geratzen bada, berehala bere kontratua berrituko du, urtebetez. Eta honetaz gain umearen zaintza klubak bermatuko du, gurasoek laguntza behar izanez gero.

Milan futbol taldearen jabetza AEBetakoa da, eta aspaldi inklusioaren alde egiten ari da zenbait neurriren bitartez, gizonezko futbolarien elastikoaren koloreaz esaterako. Rossonero mantentzen da oinarri gisa, jakina, baina esate baterako iaz hirugarren ekipazioa fuksia zen, LGBTQIA+ eskubideei aipamena egiteko asmoz.

Orain erabaki praktikoagoa dator, ez bakarrik sinbolikoa, eta Italiako aurrenekoa da bide hori hartzen: hartutako konpromisoaren bidez errezagoa izango da ama izatea futbolari batentzat.

Emakume bat haurdun geratuko denean Milanek automatikoki kontratua berrituko dio urtebetez, baldintza ekonomiko berberak luzatuz. Eta ez futbolariei bakarrik

 

Baina nola garatuko da prozesua? Emakume bat haurdun geratuko denean Milanek automatikoki kontratua berrituko dio urtebetez, baldintza ekonomiko berberak luzatuz. Honek ez die bakarrik jokalariei eragingo, baizik eta emakumezko futbol taldean lan egiten duten emakume bakoitzari: prestatzaile fisikoak, laguntzaileak...

Furlani: «Gure familia kudeatu nahi dugu»

Seme-alabaren babesa ekonomikoa eta logistikoa ere, klubak kudeatuko du behar izanez gero. Europa mailan guztiz berritzailea da hau. «Harro gaude proiektu honekin», azpimarratu du Giorgio Furlani kirol zuzendariak (gizonezkoen zein emakumezkoen arloak berak gidatzen ditu). «Guk gure familia kudeatu nahi dugu eta gure eredua beste klub batzuk ere jarraitzea espero dugu. Futbolaren munduan denok askatasun osoz hartu beharko lituzkete erabaki pertsonal garrantzitsuak», erantsi du.

Une honetan Milan futbol taldearen jokalari multzoan ez dago amarik. Goi mailako futbolariak dira: rossonere batzuk selekzioetan daude, esate baterako Laura Giuliani atezaina, Valentina Bergamaschi eta Alia Guagni. Espainiako Silvia Rubio ere fitxatuta dago, 2022tik. Ikusteko dago orain ea norbaitek klubak emandako erraztasunak erabiltzen dituen, baina profesionaltasunari begira Milanek pausu oso handia eman duela iragar daiteke.