Bilboko Aste Nagusiko lehiaketa gastronomikoa berrituta itzuliko da aurten
Aste Nagusiarekin batera itzuliko da Bilboko Konpartsek antolatu ohi duten lehiaketa gastronomikoa. Berrikuntza batzuk badakartza ere, ohi bezala izaera herrikoia mantentzea izango da xedea.
Heltzear dago Aste Nagusia, eta baita jai aste horretako eskaintza gastronomikoa ere. Berrituta itzuliko da Bilboko Konpartsen ohiko Lehiaketa Gastronomikoa. Ostiral honetan aurkeztu dute aurtengo gastronomikoaren programazioa, Erriberako Merkatuan egin duten agerraldian. Idoia Ugaldek eta Txema Sanchezek eman dituzte lehiaketaren inguruko azalpenak, konpartsen federazioaren izenean.
Urtero lez, hilaren 19tik 24ra bitartean, astelehenetik zapatura, Aste Nagusiko Lehiaketa Gastronomiko herrikoia egingo dute Areatzan. Astelehenean pisto %100 begetala izango da, «janari jasangarri eta osasungarria aldarrikatzeko konpromisoaren» erakusle. Ohartarazi dute lehiaketara aurkeztu ahal izateko platera arrautzarik gabekoa izan beharko dela.
Asteartean patata tortilla lehiaketa egingo dute; asteazkenean, txipiroiak tintan; ostegunean, sukalkia; ostiralean, bakailaoa pil-pil eran; eta larunbatean, ohi bezala, marmitako txapelketa izango da.
Azken igandean, abuztuaren 25ean, pasta lehiaketa herrikoia izango da. Azken hau gastronomia lehiaketatik kanpokoa izango da, baina sariak banatuko dituzte, ohi bezala. Berritasuna norgehiagoka honetan dator. Izan ere, zezen buztana prestatu behar izaten zuten orain arte, eta aurten pasta izango da aukeratutako platera. Hainbat dira arrazoiak, azaldu dutenez, baina erabakia hartu dute, batez ere, «jaien izaera herrikoia babesteko, sukaldarien aniztasuna bermatuz eta txapelketa denon eskura jarriz».
Horregatik, pasta bezalako jaki bat aukeratu dute «munduko txoko guzietan kozinatzen» delako, eta aukera ematen duelako 10 minutuan prestatutako makarroi plater bat egiteko edo «mimoz prestatutako delicatessen gutizia bat».
Lehenengo domekan, 18an, goizean zehar barazki parrillada solidarioa izango da Areatzan. Beste parrillada solidario bat ere izango da bertan Aste Nagusiko bigarren zapatuan, 24an, hegaluze parrillada, hain zuzen ere. Horrez gain, Aste Nagusian zehar beste hainbat ekintza gastronomiko antolatu dituzte, hala nola baserritarren Gure Lurreko Merkatua, ardo dastaketak eta hainbat tailer, beste batzuen artean, kontserba eta koktel tailerra. Programazio osoa web aplikazioan daukate.
Umeentzat ere ekintza gastronomikoak izango dira goizetan, gastrotxikia, hain zuzen ere. Areatzan izango da haurrena ere, astelehenean (19), eguaztenean (21), barikuan (23) eta domekan (25).