INFO

Cementos Rezolako langileek greban jarraituko dute

Cementos Rezolako langileek geba mugagabearekin jarraitzea erabaki dute ostiral honetan. Pasa den asteratean bildu zen komitea enpresako zuzendaritzarekin eta proposamena ez onartu eta borrokan jarraitzea erabaki dute langileek. 56 langile kaleratzea dago arriskuan.

Cementos Rezolako langileek egindako protesta. (Maialen Andres | FOKU)

Ekainaren 28an abiatu zuten greba mugabea egun Añorgako Heidelberg Materials enpresako langileek, Cementos Rezola bezala ezagunagoa den horretan. Enpresak jakinarazi zuen 56 lanpostu kenduko zituela, eta abuztuaren 6an jakinarazi zuen enpresak azken erabakia, kaleratzeekin aurrera jarraituko duela. Enpesako langileek, egoera honen aurrean greban jarraitzea erabaki dutela jakinarazi du LABek.

Ostiral honetan egin dute langileek batzarra eta «aho batez» greban jarraitzea erabaki dute: «Akordio baterako baldintza izan da hasiera hasieratik kaleratze traumatikorik ez egotea, eta ez da horrela izan». LAB sindikatuak jakinarazi du ez dela bermatu irteerak borondatezkoak izatea, «horrez gain, enpresak langile jakin batzuk kaleratu nahi ditu gainerakoak baino baldintza okerragoetan», gehitu du.

«LABek argi dauka kaleratzeak efektibo egin arte enpresak bere erabakia alda dezakeela eta, zentzu horretan, borrokan jarraituko du lanpostuen eta enpresaren etorkizunaren defentsan», egin du aldarri sindikatuak borrokarako deia luzatuz.

Hasieratik jarraipen handia izan du Añorgako enpresak, lehen egunean plantillaren %100ak greba egin zuelarik. Enpresak komitearekin elkartzerakoan jakinarazi zuen «alternatiba laboral» bat proposatuko ziela kaleratutako bakoitzari; 15 langileri aurretiko erretiroa eskainiko zitzaion, 30 langileri enpresa barruko birkokatzeak: 15 Arrigorriagan eta 15 Britainia Handian, Herbehereetan, Alemanian edota Italian. Eta beste 11ri beste mota bateko birkokatzeak.

Langileek ez zuten akordio hori onartu eta borrokarekin aurrera egitea erabaki zuten, ostiral honetan berretsi dute greba mugagabearekin jarraitzearen erabakia.