INFO

Palestinaren aldeko keinuak eta sionismoaren arbuioa hedatu dira Donostiako Klasikoan

Gernika-Palestina sustengu taldearen aldarriari erantzunez, Gazako sarraskiaren aurkako keinuek hartu dute Donostiako Klasikoa. Palestinaren aldeko afixak eta banderak ikusi ahal izan dira ibilbideko hainbat puntutan.

Palestina eta Gernika gogoan izan dituzte hondartzetan ere. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


Euskal herritarrak Palestinaren alde eta Israel burutzen ari den sarraskiaren aurka agertu dira beste behin larunbat goiz honetan. Kasu honetan, Gernika-Palestina sustengu taldearen deiari erantzunez, Donostiako Klasikoa txirrindularitza probaren ibilbidearen hainbat puntutan ikusi ahal izan dira herrialde zapalduaren aldeko afixak eta banderak, eta baita Israel Gazan burutzen ari den sarraskiaren aurkakoak ere.

Ibilbideko hainbat puntutan ikusi da jendea tropela pasatzen zen unean Palestinako banderak astintzen, ‘Ez da gerra bat, genozidio bat da’ edota ‘Palestina aurrera!’ oihuez lagunduta. Errepidean margotuta Palestinako banderak eta ‘Free Palestina’ aldarria ere ikusi da hainbat puntutan, Pilotegiko igoeran kasu.

Zentzu horretan, elkartasunak ezin duela delitu izan aldarrikatu du Gernika-Palestina herri ekimenak sareetan, azken egunotan egin diren kriminalizazio saiakerei erantzunez.

 

Izan ere, azkenean txirrindularitza proba honetan parte hartu du Israel-Premier Tech talde israeldarrak. Gernika-Palestinak aste honetan bertan egin dio UCI World Tourri Israelgo txirrindularitza taldeari Klasikan parte hartzen ez uzteko eskari formala, baina erakundeak entzungor egin du eta herrialde sionistak bere ordezkaritza izan du Klasikoan.

Palestinaren aldeko sustengu taldeak larritzat jotzen du «gure herrietan sionismoaren presentzia normalizatzea» eta txirrindularitza zaleek larunbat goiz honetan paper garrantzitsua bete dutlea uste dute. Palestinar banderez jositako Donostiaren irudia nazioartean zabaltzea herrialdeari babesa adierazi eta elkartasuna erakusteko aukera bikaina izan dela uste dute.

Izan ere, Israel Premier Tech taldea tropelean aritzea ez dute Palestinan gertatzen ari dena salatzearekin bateragarri ikusten Gernika-Palestinako kideek: «Egoera hau ezin dugu naturaltzat hartu, ezin dugu gure lurraldearen sionismo arrazista eta genozidaren presentziaren normalizazioa onartu». Era berean, Palestinarren aurkako «okupazio israeldarraren etengabeko sarraskia» gelditzea eskatzen dute eta genoziodio honekin edozein onespen eta konplizitatea «irmoki» salatzen dute.

Zeregin horretan, aipatzekoa da Donostiako Udalak ere adierazpen bat onartu izana israeldar enpresa, erakunde edota elkarteekin harremanak «bertan behera» uzteko. Baita ostiral honetan, lasterketaren bezperan, ‘Donostiako Klasikoa Palestinarekin; Israel Premier Tech kanpora!’ lemapean Donostiako Bulebarretik irten zen bizikleta martxa ere.

Azkenik, gogora ekartzekoa da ostiralean taldeen aurkezpena egin zenean hasi zirela elkartasun keinuak zabaltzen. Sarraskia salatzeko eta talde israeldarraren partehartzearekiko ezadostasuna agertzeko talde bat bildu zen aurkezpenan, eta Israel-Premier Techeko txirrindulariak, bere aldetik, ertzainen babespean egin zuten aurkezpena.