INFO
Entrevue
Inge Ugarte eta Ines Arrue
Donostiako Piratak

«Hau ere bada erreibindikazio bat, geureak diren kaleak berreskuratzearena»

Abordatzearen eguna hemen da, baina Donostiako piraten ekimenak eta helburuak jai egun dibertigarri bat egitetik harago doaz. Inge Ugartek eta Ines Arruek laburbildu dute aurtengoa nola datorren, ostiralean Flamenkaren muntaketa lanetan etenalditxo bat eginez.

Inge Ugarte eta Ines Arrue, Donostiako bi pirata. (Jon URBE | FOKU)

Nola dator aurtengo Abordatzea? Berritasunik ba al da?

Ines Arrue: Parte-hartzaleei pasa zaie, izena ematearekin batera, halako galdetegi moduko bat, kuadrilla horien ezaugarriak bilatuz. Horren arabera, kolore bat esleitu zaie, horrela kolore bakoitzak kofradia bat aurkeztuz. Hemen hamar kofradia dira eta bakoitzak bere kofradiaren baloreak ordezkatzen dituen kolore bat dauka esleituta. Honela jende berria pixkanaka-pixkanaka mugimendura gerturatzea da asmoa.

20 urtetik gorako ibilbidea du jada jai honek, osasuntsu segitzen duela esango zenuteke?

Ines Arrue: Baietz uste dut. Eta froga hauxe da, hemen jarraitzen dugula 20 urteren bueltan, inoiz baino jende gehiagorekin, inoiz baino zabalagoa den mugimenduarekin. Baina aipatzekoa da, kofradiaz aparte badagoela bigarren eta hirugarren kapa bat, hau da, kofradietako kideak izan gabe zapia janzten dutenak edo bertara hurbiltzen direnak, Gipuzkoa mailan zein Euskal Herri mailan ere. Orokorrean  jendarte oso zabalak parte hartzen du jai honetan eta pixkanaka-pixkanaka goraka goazela esango nuke. 

Jaia eta aldarrikapenekin batera, Donostiako gazteak saretzeko balio du ekimenak?

I.A: Balore batzuen baitan erakartzen ditugu gazteak, eta gero nik uste dut mugimenduak balio duela gazte horiek trebatzeko. Agian, inoiz trebatu ez diren gazteak direlako, lehenengo aldiz hurbiltzen dira herri mugimendura eta bertan hamaika gauzatan trebatzen dira. Azkenean, hau eskola bat bezala da, nork bere trebetasuna ateratzeko.

Inge Ugarte: Abordatze egunean pauso hori emateko aukera ere badago askotan, eta askok mugimenduan sartzeko baliatzen dute.

Donostiako Piratek Aste Nagusiari kutsu herrikoia eman diozuela bistan da. Turismoaren hazkundearekin oraindik garrantzitsuagoa da helburu hori? Zer esaten dizuete Flamenkara hurbiltzen diren turistek?

I.A: Garrantzitsua da gu hemen egotea, horrek esan nahi baitu geure espazioak hartzen jarraitzen dugula. Izan ere, bistakoa da turismoa gero eta zabalagoa dela urtean zehar, hau da, lehen uztailetik aurrera izaten zen turisten etorrera; orain, aldiz, martxotik aurrera hasten da olatu hori, Donostiko kaleak turistaz betez eta herritarrentzat ia tokirik utzi gabe. Orduan, hau ere bada erreibindikazio bat, espazioak hartzearena, kaleak berreskuratzearena, eta guk okupatzea, erabiltzea eta betetzea geureak diren espazio horiek.

I.U: Bai, eta erabiltzen dugun ‘Donostia abordatzera!’ leloak ez du bere horretan zentzurik galdu. Lelo hori moldatzen joan da urteetan zehar, mugimenduak eta mugimenduaren parte ziren jendeak ere Donostian zeuzkan beharren arabera. Gaur egun turistifikazioa horren beste alderdi bat da.

Zuena gazteei bakarrik zuzendutako eskaintza da, edo bestelako adina dutenek ere goza dezakete?

I.A: Hau da, hain zuzen ere, gure helburua. Kofradia ezberdinak daude eta horietan adin ezberdinetako jendea dago. Horretan batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago asmatuko dugu. Askotan jendeak uzten du, jai hauetan parranda besterik egiten ez delakoan, baina hemen ere badago eguneko egitarau bat mundu guztiarentzat pentsatuta, eta beno, zergatik ez da egongo ere adineko pertsona bat parrandan? Gure helburua herriarekin eta herriarentzako jai bat sortzea da. Azkenean hori gara gu, alternatiba bat. Izan ere, ikusi dugu Udalaren festak ez direla guretzat, eta orduan gu geu ari gara festak sortzen eta era berean herriari festa hori eskaintzen.

I.U: Aurten egin den apustua, ‘Lasta Karpa’ formatu honek, beste giro bat eskaintzen du, lasaiagoa, ez parrandarena. Bestalde, gogoratu beharra dago Trinitate Plaza ere hor dagoela eta badela bertan beste giro bateko festa, lasaiagoa. Izan ere, plaza horretan afariak, musika lasaiagoa eta abar egoten dira.

Flamenka gune oso atsegina eta gertukoa da. Txiki gelditzeko arriskua dago agian? Nolakoa da bertako antolakuntza? Eta Trinitate Plazako saioena? Zenbat lagunen inplikazioa behar da?

I.A: Hori ez da arriskua, nire ustez. Hau da, gure jai honek erreferentzialtasun garrantzitsuagoa hartzea ospatzekoa dela esango nuke. Donostia mailan ere lortu nahi dugu; auzoetara zabaltzen dugu festa, Intxaurrondora, Gros aldera eta beste periferia batzuetara. Beraz, hau desbordatzen bada, gure helburua ongi betetzen ari garela esan nahiko du.

I.U: Bai, jende ugariren inplikazioa eskatzen du jai honek. Azkenean, urte osoan zehar planifikatu dugun lan baten emaitza da eta izugarrizko jendea ibiltzen da urtean zehar hau egiten.

Jai hauetan ere hainbat eta hainbat kontzertu daudela bistakoa da. Joko duten taldeak Donostiakoak izango dira, edo euskaldunak behintzat?

I.A: Hori bereziki zaintzen dugu. Euskal taldeei edo euskaraz kantatzen duten taldeei lehentasuna ematen diegu, eta gure bertako talentuak lehen lerrora eraman nahi ditugu. Era berean, emakumeak oholtzaratzea beste lehentasun bat da.

Prentsaurrekoan aipatu zenuten eraso sexisten aurkako agerraldia egingo dela abuztuaren 17an, eta gainera, hainbat puntu egongo direla hirian zehar edozeinek laguntzarik behar balu. Nola ikusten duzue egoera eta zein helburu markatu dituzue arlo honetan?

I.U: Kontzentrazioa egongo da, bai. Egoeraren arabera ikusiko da, finean oso zaila baita jakitea zer gertatuko den eta zer ez den geratutako, baina zoritxarrez badakigu salatzeko zerbait gertatuko dela. Bigarren larunbatean izango da elkarretaratzea. Kontuan hartzekoa da, era berean, Emaginekoek Bulebarrean jartzen dutela beraien puntua Udaletxearen bitartez. Beste gauza bat gehitu nahi dugu: guk ez dugu inongo artatzerik egiten, gure gunera erasoren bat-edo jasan duen norbait agertzen bada, zuzenean Emaginengana laguntzen diogu pertsona horri. Izan ere, iruditzen zaigu erantzukizun profesional baten beharra dagoela eta guk ez dugu horrelako erantzunik emateko gaitasunik.

Gasteizko txosnek arazoak izan dituzte Arabako Aldundiak TicketBai exijitu dielako. Honelako arriskurik ba al da Donostian ere?

I.A: Gai honen inguruan esateko duguna da elkartasuna adierazi nahi diegula Gasteizko lagunei. Enegarren saiakera da jai herrikoia zapaltzeko, itotzeko. Horrelako neurriekin jai herrikoiek ezin izango dute aurrera egin.