INFO

Gorliztik Plentziara egin du Marea Horiak, migranteak kriminalizatzen dituzten politiken kontra

Gorliztik abiatu eta Plentziarako bidea egin du larunbat honetan Ongi Etorri Errefuxiatuak erakundeak urtero antolatzen duen Marea Horiak. Europar Batasuneko migrazio politikak salatu dituzte, kriminalizazioa dakartela esanez, baina Euskal Herriko instituzioei ere eskatu dizkiete ardurak.

Marea Horiak migrazio politikak salatu ditu Plentzia eta Gorliz artean. (Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Ongi Etorri Errefuxiatuak (OEE) plataformak antolatuta, Marea Horia martxaren edizio berri bat egin da larunbat honetan Plentzia eta Gorliz artean. Protesta honekin, tokiko eta Europako gobernuek aplikatzen dituzten migrazio eta asilo politiken kontra egin du hainbat lagunek. Batik bat Europako Migrazio eta Asilorako Ituna arbuiatu dute, iritzita migratzeko eskubidea kriminalizatzen duela.

Marea Horian parte hartu duten lagunak Gorlizko Hondartzape arrapalan elkartu dira handik hondartzara jaisteko, eta Plentziarako bidea egin dute, OEEren bandera horiak eskutan. Bizkaiko udalerri honetako Astillero plazan desagertu diren migranteak omendu dituzte, eta loreak jaurti dituzte itsasadarrera.

OEE erakundetik gogoratu dute haien herrialdeak uztera behartuta Europa iritsi nahi duten milioika pertsonek hainbat arrisku eta zailtasun bizi behar dituztela bidean. «Migrazio behartuak prozesu mingarriak dira, eta bizitza arriskatuko dutela badakiten arren, krisi lazgarriak bizi dituzten horiek abiatzen dituzte bizitza duin baten bila», agertu dute ekimenaren antolatzaileek. Nabarmendu dute, gainera, azken hamar urteetan 60.000 pertsona hil direla Europarako bidean.

Europako Ituna, kriminalizazioaren iturri

Zentzu horretan, munduko herrialde industrializatuen ardurak seinalatu dituzte, esanez mendeak daramatzatela «haien baliabideak sarraskitzen, herrialde horietako mandatari ustelen laguntzarekin». «Horiek dira behartutako migrazioak eragiten dituzten krisi humanitario eta ingurumen-krisien kausa nagusiak», zehaztu dute.

Hala, Europar Batasunak aurten onartu duen Migrazio eta Asilorako Itunari arbuio irmoa adierazi diote Plentzia eta Gorlizko hondartzen artean batu diren pertsonak, esanez ez dituela aintzat hartzen migrazio prozesuen sakoneko arrazoi eta arazoak. «Jatorrizko herrialdeetatik behartuta alde egin ez dezaten baldintza ekonomiko eta sozialak sortzen lagundu beharrean, migratzeko eskubidea kriminalizatzen dute», adierazi dute.

Itun hori orain arteko kontentzio eta disuasio-politiken segida eta indartzea besterik ez dela ohartarazi dute, eta mugetan ezarriko duen kanporatze arbitrarioaren sistemak asilo eskubidea arriskuan jarriko duela esan dute. Horrek, OEEk agertu duenez, Europar Batasunean babesa bilatzen duten pertsonen bidaiari «sufrimendua eranstea» besterik ez du ekarriko.

Etxeko ardurak: errolda

Marea Horiko parte hartzaileen ustez, baina, ardurak ez dira soilik Europar Batasuneko goi mandatarienak. Etxe barrura ere bota dute begirada, Euskal Herrian aplikatzen diren harrera politikak hobetu daitezkeela iritzita. Neurri integralagoak eskatu dituzte, Lakuako Gobernuak soilik pertsona migranteak Araba, Gipuzkoa eta Bizkaira iristen direnean aktibatzen dituelako baliabideak.

Ildo horretatik, Getxo eta Uribe Kostako basoetan kanpatu zuten pertsonen kasua aipatu dute. «Uste dugu arazo honi instituzio guztiek erantzun behar diotela –Gobernu espainiarrak, Eusko Jaurlaritzak, aldundiek, mankomunitatek eta udalek–, eta ez zuzenean eragindako udalerriek bakarrik», esan dute.

OEEren aburuz pertsona hauek bizi duten egoera «ez da onargarria», eta galdegin du eman diezaien «berehala» jantoki sozialetara joateko txartela eta bermatu dadila hiru hilabeteko gehienezko epean errolda lortzeko aukera, «Bilboko Udalean egiten den bezala».

Horretarako, baieztatu dute, beharrezkoa da errolda lortzeko zitak bi edo hiru asteko epea ez gainditzea eta, beharrezkoa bada, gizarte zerbitzuetako pertsonala handitzea.

Bestalde, Eudeli galdegin diote martxan jarri dezala protokolo bat Euskal Herrian bizi diren pertsona guztiek errolda izan dezaten. Eskaera honek Bizkaiko 90 gizarte eragileren babesa duela ziurtatu dute.