INFO

Beti Itziar Ituñoren taldean


Gehienok ‘Goenkalen’ ezagutu genuen Nekane Beitia ertzain hasiberriaren rola jokatzen. Pertsonaiak joan-etorriak izan zituen telesailean baina orotara 15 urtez aritu zen bertan lanean. Urte batzuk geroago nazioarteko erakusleihoan kokatu zuten bi izenburutan hartu zuen parte. Lehenengoa 2014. urteko ‘Loreak’ ahaztezina izan zen. Donostiako Zinemaldian hasita euskal lurretan izandako arrakastari esker, nazioartean zabalkunde handia izan zuen filmak. Bizitza profesionala –eta neurri batean pertsonala– aldatu zion izenburua, ordea, 2017-an iritsi zen: ‘La casa de papel’. Mundu osoan egin zen ezagun eta sare sozialetan milioika jarraitzaile berri lortu zituen. Jauzi mediatiko horrek, ordea, bazuen alde ilun bat; gehiegizko esposizioaren arriskuak agerian geratu ziren segituan. Are gehiago irudi ezagun horren atzean dagoena emakumea, euskalduna eta gizarte-kontzientzia handiko pertsona bada.

Itziar Ituñori buruz ari naiz, bai, baina zoritxarrez ez dut zineman egin duen lana soilik aipatuko; aktoreak jasandako boikot, irain eta eraso gutxiesgarriak nahitaez mahaigaineratu behar ditut. Mikrofonoa hartu eta zerbait esan edo aldarrikatzen duen bakoitzean, zenbait hedabide espainiar eta ultraeskuin kiratsa darien hainbat sektore, bera erasotzeko gosez azaltzen dira segituan. Azkenak, Bilboko Aste Nagusian esandakoengatik azaldu dira.

Baina erasoen aurrean Ituño beti tinko ageri da, seguru, kementsu. Miresgarriena zera iruditzen zait: azken urteotan jaurti dioten zaborra saihesteko erakutsi duen gaitasuna eta ausardia. Askoz errazagoa eta erosoagoa izango litzateke berarentzat ezer ez esatea eta bazter batean isilik geratzea, baina, duen oihartzun mediatiko ikaragarri hori, eskubide sozial, politiko eta kolektiboen aldeko mezuak jaurtitzeko baliatzen du.

Ituño, eredugarria zara, eta ez bakarrik artista gisa egiten duzun lanagatik, dituzun giza balioak itzelak direlako.

Beti Itziar Ituñoren taldean!