INFO

Jagoba Arrasateren Mallorca desorekatu eta lehen garaipena ospatu du Osasunak

Osasunak denboraldiko lehendabiziko garaipena eskuratu du larunbat honetan, Jagoba Arrasatek zuzendutako Mallorcari 1-0 irabazita. Gorritxoek meritu gehiago egin dute gola sartzeko. Greifek merituzko hiru geldiketa egin ditu 55. minutuan Ruben Garciak gol erabakigarria sartu duen arte.

Ruben Garcia izan da gorritxoen golegilea. (Iñigo URIZ | FOKU)

Jagoba Arrasatek itzulera gazigozoa izan du Sadarren: gozoa oraindik ere harmailetan berarekiko miresmena handia delako –bere iritsieran hamarnaka zale hurbildu ziren aireportura, berriatuarrari harrera xume bezain hunkigarria eskaintzeko– eta gazia porrot bat jaso duelako. Porrota, gainera, hein handi batean, merezitakoa izan da, talde bakoitzaren merezimenduak ikusita. Iniziatiba osoa gorritxoena izan da, hegaletan dituen bi balek bisitariengan eragindako desoreka ederki baliatuta: Bryan Zaragoza batean eta Ruben Garcia bestean, atzeko hegalekoen ezinbesteko laguntzekin, Bretones eta Areso.

Bi hegaletan dauzka Osasunak bere jokoaren desorekatzaile handienak, erdialdeko euskarrien argitasunarekin batera. Aimar Orozek sinatu duen partida bikaina izan da, hainbeste bere jaurtiketa baten aldaratzearen ondotik iritsi dela partidako gol bakarra, 55. minutuan. Ruben Garciak, uneoro oso entxugatua egon denak, harrapatu zuen baloia, boleaz jo eta Dominik Greif Mallorcako atezaina ezustean hartuta.

Gorritxoek borroka gogorra izan dute, hain zuzen ere, Greifekin. Merituak egin baitituzte atea zulatzeko baina uneoro eslovakiarraren eskuekin topatu dira. 18. minutuan, atzean egindako despiste baten ondorioz, Aimarrek jaurtiketa indartsu bat bota du baina atezainak ongi desbideratu du. Hegan egin du Budimirren jaurtiketa kornerrera bidaltzeko 32. minutuan eta Aimarren beste saiakera baten aurrean ere eskuak ongi kokatu ditu arriskua kanporatzeko. Aukera gehienek gorritxoen sinadura izan dute, joko azkar eta zuzenarekin, erdialdeko euskarriek hegaletara jokoa zabaldu eta areara bidalitako erdiraketen arriskua sortuta.

Mallorcari kosta zaio Sadarreko soropilean eroso sentitzea. Arrasateren estiloari jarraiki, mallorcarrek ere hegaletatik sortu dituzte jokaldi arriskutsu gehienak baina Herrera apenas sartu da jokoan.

Golak konfiantza eman

Osasuna nagusi izan da jokoan baina izan du sufritzeko tarterik ere, ongi defendatu gabeko erdiraketa batean, lehen zatiaren hondarrean. Estrategia baliatu nahi izan du Mallorcak lehen zatiko azken kornerrean eta Mojicak bigarren zutoinera bidalitako erdiraketa Takuma Asano japoniarrak errematatu du. Botez ezustean hartu nahi izan du Sergio Herrera eta horri esker salbatu da Osasuna. Kolpe latza litzakeelako atsedenaldiaren aurretik horrelako gol bat jasotzea.

Eta aldageletatik bueltan Vicente Morenoren taldea izan da Mallorcari kolpea eman ziona, 55. minutuan 1-0ekoa eginez. Area ertzetik atera beste saiakera bat egin du Aimar Orozek –oso parte-hartzaile ikusi zaio, iniziatibarekin, arriskuak hartzen eta atera begira– baina atzelari baten gorputzean jo du bere jaurtiketak. Aldaratzea, area barruan, Ruben Garciak hartu eta ahal izan duen moduan errematatu du, Dominik Greifen irteera ezerezean utzita.

Konfiantza eman dio golak Osasunari, jada menderatua zuen partida baten aurrean markagailuan agintzen jarri baita. Mallorcak azken minutuetan gehiago estutu du, puntu bat batzeko intentzioz. Dena dela, Osasunaren atzeko lerroak apenas sufritu du. Oraingoz behintzat, funtzionatzen du Vicente Morenoren jokamoldeak eta ez da gutxi, Iruñera iritsi berri den entrenatzaile bat izateko.