INFO
Entrevue
Txiki Agirre ‘Keixeta’
Artista

«Ni naiz nire obraren lehen ikuslea, bestela ez luke mereziko hainbeste sufrimenduk»

Gorputzean zimurrak nola, eskulturen azalean arrakalak. Denboraren joana islatzen dute Keixetaren obrek. Publikoarekin partekatzeko unea iritsi da. «Publikoa da artelana bukatzen duena. Bertsio asko ditu lan batek, ikusle bakoitzak berea du», dio artistak.

Txiki Agirre ‘Keixeta’, Zumaiako Oxford aretoan duen erakusketan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Eskulturaren bolumenaren azala landu dut gehien. Etxean nengoela, duela bi hilabete, ogi koskor bat eskuan nuela azala eta mamiaren arteko jokuan sartu nintzen. Gaiak garrantzi gutxikoak direnean azalekoak direla esaten dugu euskaraz. Azalari eman nahi diot garrantzia nik. Azalak islatzen du barruan gertatzen dena. Alegia, gure gorputzeko azalak denbora markatzen du zimurren bidez. Edo zauria edo gaixotasuna markatzen dira azalean». Hortik erakusketaren izenburua. ‘Azalaren mamia’.

Txiki Agirre ‘Keixeta’ren (Arroa, 1963) lan berriena hartu du Zumaiako Oxford aretoak irailaren 8ra bitartean. Elkarrizketa amaitu eta erakusgelatik irteterakoan familiako kide batekin egin du topo. Berea bukatu du, orain ikusleen txanda da. Hala esan dio. «Publikoa da artelana bukatzen duena. Bertsio asko ditu lan batek, ikusle bakoitzak berea du. Nik badut nire bukaera eta zuk zurea izango duzu», adierazi dio NAIZi.

Sartu eta berehala bisitariarengan eragin nahi duen formatu handiko –metro eta erditik bi metrora bitartean– seriea kokatu du Keixetak. Getaria eta Zarautz arteko bidean itsas ertzean dauden harriak islatu ditu. «Inkontzienteki egin dut, margotu eta gero konturatu naiz zer diren. Inguruan dudanari begiratzen diot, direla flysch-ak… Era figuratiboan pintatutako egindako eskulturak dira», azaldu du.

Sei lan ikus daitezke sarreran eta serie bereko beste lau harago. Gris-beltzak eta gorriskak dute protagonismoa. Ilunetik argira eta berriz ilunera. Hau ere erabaki inkontzientea da. «Aurreko lanetan urdina asko ageri zen», gogoratu du.

Teknika propioak

Urteen poderioz asmatutako teknika propioak erabili ohi ditu Keixetak. Raku teknika erabiliz egosi ditu labean baldosa itxurako piezak. Kolore zuridun lur zigilatua aukeratu du, gainean egindako marka beltzak igerri daitezen. «Buztin plakak lan handia du, neuk egindakoak dira. 1.000 gradutan atera labetik eta minutu batean, minutu bat eta erdian, 600 gradutara jeisten da. pintxo morunoen paliloez oso epe laburrean marrazten dut. Hasieran egindakoa desagertuz bezala doa eta azkena egindakoak kolore ilunena hartzen du. Uretara bota, hoztu eta kolorea hortxe geratzen da», azaldu du.

Asko erakartzen du gestualitateak. «Ez dago astirik eta asko disfrutatzen dut. Suarekin jolastea bezala da. Egin aurretik pentsatua izan behar duzu, ez dago errore-marjinarik. Gestoa agertzea gustatzen zait. Umeen lana beti gustatu izan zait, agertzen duten birjintasuna. Ez daukat astirik heldua izateko, umeen lana bezalakoa da eta oso gustukoa dut», kontatu du.

Zeramika plaka berdinak erabiliz egindako lanak lurrean ikus daitezke harago. Portzelana estaliak, bolumena dute. Ondoan, zutik, sortzez urontzi itxura zuten piezak, Keixetaren eskuetan ezusteko formak hartu dituztenak. Dezenteko altuera hartu dute batzuek. «Hiru zatitan eginak dira, ez dago tornurik dena osoan egiteko tokia duenik».

Pinturen eta zeramiken arteko elkarbizitzaren lekuko da Oxford aretoa. «Batak bestea laguntzen du», argitu du.

Diziplinen elkar eraginaz gain, bada bigarren hartu-emana. Sortzailearen eta honek eskuetan duen materialaren artekoa. «Urte askotako esperientzia duzunean bion arteko haria sortzen da. Batzuetan nire aginduak betetzen ditu materialak edo‘nik horrela jolasten dut’, esaten dit, eta nik onartu egiten dut. Bion arteko elkarrizketa sortzen da. Gustatzen zait buztinak berak erabakitzea non erori. Ez dut behartu nahi. Teknika menperatzen duzunean obra berez sortzen da», zehaztu du.

Denboraren joana da Keixetaren arreta pizten duen gaietako bat. «Esperientzia jasotzen dugu, batetik, eta bestetik, erlojua martxan dago, bizitzak bukaera du», dio. Gure azalean zimurrak nola, arrakalak dituzte eskulturek. Apurtuta daude, artistak berak hala probokatuta.

Ez da obraren jiran bueltaka aritzekoa. «Koadro bat egiten denbora asko pasaz gero okertzen joaten da. Hasi eta bukatu egin behar da», dio irribarrez. «Gertatzen da koadroa ezin bukatu, gordean eduki hilabeeetan edo urtebetean, begiratu eta ‘bukatuta dago, ez du beste ezer behar’ erabakitzea. Komeni da bistatik ezkutatzea», gaineratu du.

Ikusi eta ikasi

‘Ikusi eta ikasi’, zioen Delirium Tremensek. Bat dator Keixeta. Zorteko ikusten du bere burua. «Eskolan baino gehiago ikasi izan dut lagunengandik. Ni baino helduagoak izan dira, artistak. [Juan Luis] Goenaga ezagutzen nuen, [Jose Luis] Zumeta eta Koldobika Jauregi lagunak nituen, Don Herbert… Guztiak desagertzen ari dira. Ikusiaz ikasi dut asko. Gaur egun galtzen ari den zerbait da. Donostiara, Bilbora edo Madrilera joaten naiz arte galeriatara eta ez dago inor. Guggenheimekin badut arazo txiki bat, adibidez. Urtean bizpahiru aldiz joaten naiz. Eta normalean, aurretik Arte Eder Museora joaten naiz. Doan da. Guggenheimen, aldiz ordaindu egin behar da. Umeak ere han daude, ilaran zain. Utz itzazu umeak bakean parkean! Mundu osoa Guggenheimen dago. Marzana Espazioan, Lumbreras Galerian.. ez dago inor. Nik txikitatik bisitatu ditut galeriak eta tristura daukat, bakarrik egoten naiz aspaldian. Lehen etxe guztietan zegoen artelanen bat bakoitzaren neurri ekonomikoaren arabera. Gaur egun bi metroko telebista dago, guztiz aldatu da kontua», egin du hausnarketa.

Online bidezko galeriak ari dira indarra hartzen egun. Nola ikusi artelana pantailaz bestaldean? «Erreferentzia izan dezakezu baina joan egin behar duzu ikustera. Zerbait esango dizu ala ez. Hori jakiteko sentitu egin behar duzu kolore edo testura hotza edo beroa… Sentsazio guzti horiek komunikazioa dira, musika den bezala. Futbola kontsumo-produktua da, artea ez, zoritxarrez», gaineratu du.

Galerista belaunaldi bat ere desagertuz doa. «Eta dauden gazteek borroka handia egin behar dute mantentzeko. Artistek berdin. Zure estudioa, materiala… Arte Eder ikasketak egindakoek ezin dute etxean lan egin, ez dute ezer saltzen. Adin batera arte bekak edo laguntzak jasotzen dituzte baina hortik aurrera utzi beharrean aurkitzen dira. Diseinora, irakaskuntzara dedikatzen dira».

Arteari bideratutako politika insitutuzionalak nola ikusten dituzu?, galdetu diogu. «Ez ditut somatzen, inolaz ere. Guggenheim berria egiteko proiektuak edo antzekoek ez dute zentzurik, bitartean artistek ezin dute lanik egin. Harrobia galdua dagoela esango nuke. Ezkorra naiz, bai, eta ingurukoekin gaiaz hitz egin dudanean ados daude nirekin».

Garbi dauka. «Ni naiz nire obraren lehen ikuslea. Bai ikuslea, bai kritikoa. Bestela ez luke mereziko hainbeste sufrimenduk. Ez nuke egingo egiten dudana. Bidea nekeza da. Estudioko lan ordu ugariek ez dute ordaindik gero. Sare sozialak zertan ari garen adierazteko erabiltzen ditugu. Baina gero erakutsi egin behar duzu egindakoa. Obra estudioan geratzeak ez du zentzurik», nabarmendu du Keixetak.

Zumaiako Udalaren eta Debako Udalaren eskutik eskolak ematen dizkie helduei. Zumaiako kultur etxean eta Deban garai bateko Arte Eskolaren eraikineko tailerrean. «Zeramika modan dago. Teknika asko ditu, gauza asko daude erakusteko, eta modan dago, gizarteak behar du. Pandemiaren ondoren gehiago nabaritu da. Etxeko lanak, umeak, lana, ikasketak… horien ondoren jendeak behar du erlaxazio momentu bat eta buztinak ematen du hori. Nik ditudan ikaslak medikuak, arkitektuak… dira».

Irakaskuntzak asko ematen dio. «Jendearekin harremanak beti ematen dizu. Batzuen egiteko erarekin ikasi ere egiten dut. Hartzen ditut detailetxoak niretzat aportagarriak direnak».

Etxean ez zuen giro artistikorik arnastu eta txikitatik sentitu zuen sorkuntza artistikoarekiko erakarpena. Autodidakta izan da. «Abilezia nuen marrazten eta animatu egin ninduten ingurukoek. Lan asko egin behar izan dut baina nire ametsa izan da honetara iristea. Beti. ‘Jarraitzen al duzu?’  Besterik ez dakit egiten, zer egingo diet ba esaten diet txantxetan aspaldi ikusi gabekoek galdetzen didatenean.  

Eibarrek paper inportantea jokatu du Keixetaren ibilbidean. «Garaiko Unibertsitate Laboralera joan nintzen ikastera eta kasualitatez zeramikako tailerra zegoen. Ordurako margotzen nuen. Hasi nintzen zeramikarekin 17 urterekin eta beti jarraitu dut. Aiako Tailerrera joan nintzen gero eta ondoren neure estudioa muntatu nuen», gogoratu du.

Eta irakatsi, ikasiz

Ikusi, ikasi eta irakatsi. Eta ikasleengandik berak ere ikasi. Hauxe zirkulua. «Nire lana inbestigazioa da. Obra batek bestera narama, beti harmailak igotzen. Inondik ere ez dut ikusten mugara ailegatu naizenik. Ez dut pentsatzen ‘iritsi naiz eta dena dakit’. Sorpresa da aurrera egiten laguntzen zaituena. Tailerrean zaudela ezuste asko gertatzen dira. Zeramikan suak agintzen du eta kontrolatu egin behar da. Badago neurri bateko kontrola baina pinturan bezala badago portzentaia bat ez dagoena zure menpe».

Bidea. «Gure lanean inportantea da prozesua, bidean gertatzen dena. Pentsamendu konkreturik gabe pixkanaka definitzen zoaz obra, prozesu horretan gertatzen zaizkizunak dira ni aberasten nautenak. Ikusleak ez du hori sentitzen, obra behin bukatuta dagoela ikusten du, baina ni bidean elikatzen naiz».

Irakaskuntzan dena ez da positiboa. «Ordu asko eskaini behar dizkiot», dio. Baina asko jasotzen du bueltan. «Jendearekin harremanak beti ematen dizu. Batzuen egiteko erarekin ikasi ere egiten dut. Ez dut kopiatuko, baina hartzen ditut detailetxoak niretzat aportagarriak direnak».

Estudioan, bakardadean. «Ez dago beste erarik. Lagunak bisitan datozenean gelditu eta zerbait hartzera edo pasiara goaz. emaztea badago ere ezin dut lanean jarraitu. Ezin dut berari kasu egin eta margotu, era berean egin. Musika bai, bestela hutsunea sentitzen dut».