INFO

Euskal ardi moztaileek ofizialtasuna lortu dute nazioarteko lehiaketetarako

Euskal ardi moztaileek nazioarteko lehiaketetan ofizialki parte hartzeko baimena eskuratu dute. 2026ko munduko txapelketan parte hartzea da beraien asmoa, eta horretarako taldea osatu nahian dabiltza; bestalde, 2025ean Euskal Herriko txapelketa ere egin nahiko lukete.

Euskal Herriko moztaileak Uharte-Arakilen, Artzai Egunean. (Gorka Rubio)

«Erabaki historiko» baten berri emateko baliatu dute aurtengo Artzain eguna Euskal Herriko zenbait ardi moztailek igande honetan Uharte-Arakilen. Izan ere, Euskal Herriari ofizialki eman zaio ardi mozte eta artilea sailkatzeko nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko baimena. 2025ean Euskal Herriko Txapelketa antolatu nahi dute, eta 2026an munduko txapelketan parte hartzeko Euskal Selekzioa osatzeko lanean dabiltza.

Munduko kontseiluak hartu zuen erabakia, Joseba Attard Euskal Ardi Moztaileen Elkarteko (EAME) lehendakariak egindako aurkezpenaren ondoren. Aurkezpenean artzaintzak eta ardiei ile moztean Euskal Herrian duen «garrantzi kultural paregabea eta bertako tradizioak zaintzeko zein lehenengo sektorea bababesteko egiten duen funtzioa» nabarmendu zituen. Nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko eskaera onartu zuten bertaratutako hamabost nazioek, frantziar eta espainiar Estatuek barne. «Euskal Herria nazioartean aintzatetsitako ekitaldietan lehiatzen diren nazioen liga entzutetsu batean sartuko da orain», azaldu dute.

Hiru urtean behin egiten da munduko txapelketa, milaka ikusle eta parte hartzaile elkartu ohi dira lehiaketaren bueltan. Hurrengo ekitaldia 2026ko martxoan izango da Mastertonen (Zeelanda Berria). Bertan parte hartzeko asmoz, Euskal Ardi Moztaileen Elkarteak adierazi du babesa eta laguntza bilatzen ari direla Euskal Selekzioa osatu ahal izateko.

Taldea osatzeko honako parte hartzaileak behar dituzte: bi moztaile makinaz, beste bi artaziz, bi artile kudeatzaile, epaile bat, entrenatzaile bat, eta taldeburu bat. Gogoratu dute Golden Shear World Councilen (GSWC) arauek diotela parte hartzaileak beraien herrialdeetan gutxienez aldez aurretik 5 urtez erroldatuta egon behar direla.

Munduko txapelketa

GSWCk antolatzen du txapelketa, «ardi mozketak eta artilearen kudeaketa sustatzeko helburuarekin». Ardi moztaileek adierazi dute elakrteak mundu osoko artilearekiko interesa defensatzen dutela, eta elkartea osatzen duten herrialdeak Zelanda Berria, Australia, Hegoafrika, Irlanda, Ingalaterra, Eskozia, Gales, Ipar Irlanda, Man uhartea, frantziar Estatua, espainiar Estatua, Estatu Batuak, Alemania, Norvegia eta Austria dira.

«Ardi ile mozketak ezinbestekoak dira animalien ongizaterako, haien erosotasuna eta osasuna bermatuz. Prestatutako profesionalek artilea mozten dute ahalik eta azkarren eta modurik eraginkorrenean. Mozketa lehia ikusteko modukoa da, non moztaile bakoitzak finaletan adibidez, 20 ardi mozten dituen 15 minutu baino gutxiagoa», adierazi dute Uharte-Araklien egindako aurkezpenean.

Euskal Herriko Elkartea, berriz, 2024ko maiatzean sortu zen, eta Euskal Herrian izaten iren ikastaro, lehiaketa eta erakustaldiak sustatzea du helburu, baita nazioarteko txapelketetan ordezkaritza izatea ere. 2025ean Euskal Herriko Txapelketa Nagusia antolatu nahi dutela kontatu dute, baina horretarako, bazkideak, babesleak eta batzorde antolatzaile baten bila dabiltzala.