Euskal selekzioaren ofizialtasunerako bidean, «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko deia Iruñean
Labriten, euskal ordezkaritzarik gabe, jokatuko den 22 urtez azpiko finalaren hasiera ekitaldiaren aurretik ekitaldi jendetsua egin du Euskal Herriko Euksal Pilota Selekzioaren Aldeko Mugimenduak.
Iaz Biarritzen bezala, euskal selekzioaren partaidetzarik gabe, Nazioarteko euskal pilota Federazioak antolatua, Munduko Euskal Pilota Txapelketa bat jokatuko da Iruñean, kasu honetan 22urtez azpikoen lehiaketa. Gaur egin da, Labriten, txapelketa horretako irekiera ekitaldia eta horren aurretik, nazioartean euskal koloreak defendatuz aritu nahi duten kirolarien eskubideen defentsan, ekitaldi jendetsu bat antolatu du EHEPSAM Euskal Herriko Euskal Pilota Selekzioaren Aldeko Mugimenduak. Jaialdi herrikoi eta ireki horretan, euskal selekzioaren aldeko manifestu bat irakurri dute, Jito Alai pilotalekuan nesken gomazko paletazko eta gizonezkoen eskuzko partidak jokatu dituzte eta, amaitzeko elkarretaratze bat egin dute Iruñeko bonboneraren aurrean.
Hendaian bezala, Amaia Larraldek eta Ekhi Ziarrustak irakurri duten lau puntutako testuan gogoratu dutenez, euskal gizarteak urte mordoxka bat daramatza selekzio propioen ofizialtasuna aldarrikatzen. «Lehen agerraldi publikoa 1990n Kuban jokatu ziren Munduko euskal pilota txapelketa hartatik dator. Bertan, euskal pilota selekzio bat egon zen gonbidatu gisa pilota partidu batzuk jokatzen eta hasierako desfilean parte hartzea lortu zuen. Hogeita hamalau urte luze pasa arren, gure etxean, Euskal Herrian, eta gure kirolean, euskal pilotan jokatu arren, ez da ezer aurreratu eta ezin dugu gure selekzioarekin parte hartu eta soilik, guretzat arrotzak diren Espainia eta Frantziako selekzioak ordezkatuz egiteko aukera dugu. Lotsagarria eta salagarria dela deritzogu», adierazi dute.
Duela gutxi, Madrilgo Kongresurako hauteskundeen atarian, argi printza txiki bat zabaldu zen, baina egoerak ez aurrera, ez atzera jarraitzen duela nabarmendu dute. «Madrilgo kongresuan 2021an politikariek lege berri bat onartu zuten eta besteak beste, euskal pilotan eta surf kiroletan euskal selekzioak ofiziala izateko aukera aurreikusten da. Baina teorian hori horrela izan arren, errealitatean egoera, tamalez, berdin jarraitzen du, alegia, euskal pilota selekziaoak ofizialtasunarik gabe jarraitzen du. Noiz arte horrela?», galdetu dute.
Ekainaren amaieran hamarnaka pilotarik aurrera pauso bat eman zuten, Hendaiako Daniel Ugarte pilotalekuan egindako agerraldi batean gaur hasi den munduko txapelketan Frantzia eta Espainiako koloreak defendatzeari uko egiten ziotela jakinarazita eta, kirolari hauen ereduari jarraiki, hiru eskaera luzatu dituzte.
Hiru eskaera
«Nazioarteko euskal pilota Federazioari dei egiten diogu, euskal pilota selekkzioari eman diezaiola bidea ofizialtasuna behingoz lortu ahal izateko eta beste herrialdeekin batera ofizialki txapelketetan parte hartu dezagun. Besteak beste, euskal pilotaren egoera larri honetatik atera ahal izateko».
Gaiak kirolaz haratagoko izaera duela ulertuta, bigarren deiak hartzaile zehatzak ditu, alderdi politikoak. «Nazioartean euskal pilota selekzioaren ofizialtasuna lortzea ez da, soilik, pilota federazioek edo eta pilota eremuen eginkizuna eta ardura, guztiona baizik, besteak beste, arazoa, juridikoa baino, politikoa delako. Horregatik, gaurko ekimen hau aprobetxatuz, dei zabala egiten diogu euskal pilota selekzioaren ofizialtasunarekin bat egiten duten alderdi politiko guztiei, bereziki, EAJ eta EHBilduri, alegia, hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia delako. Eta eman ditzatela eman behar diren urratsak, behingoz, gure herriak aspalditik ozenki aldarrikatzen duena ofizialtasuna lortzeko. Besteak beste, herri honen eskubidea ere badelako eta merezi dugulako!».
Eta, nola ez, Bidasoaz bi aldetako pilota munduko erakundeek ere jaso dute euren eskakizuna. «Azkenik, beste dei bat, oraingoan euskal federazio guztiei, EAEkoari, zein Nafarrokoari eta Iparraldeko Ligari, elkar hartuta urratsak eman ditzatela eta euskal pilota selekzioa nazioartean onartua izaten denean, ofizialtasuna hori, zazpi herrialdeek osatutako euskal pilota selekzioarentzat izatea».