LABek dio Larrialdietako Zuzendaritza dela Laudioko ezbeharraren «azken erantzulea»
Osakidetzako Larrialdietako Zuzendaritzaren utzikeria izan da Laudioko pazientearen heriotza eragin zuten baldintzen erantzulea, LABen iritziz. Zerbitzu honek dituen hutsuneak «arrisku larriak» dakartzatela ohartarazi du. Gertatutakoa salatzeko, ostegunean Laudion elkartzera deitu ditu herritarrak.
Mediku faltagatik arreta beranduegi jaso eta Laudioko ZIU mugikorrean hil zen pazienteari jazotakoakoaren azken arduraduna Larrialdietako Zuzendaritza dela baieztatu du LABek, zerbitzu publiko honek «aspalditik» duen arazo larriari irtenbiderik emateko borondaterik ez duelako izan.
Ohar baten bidez, doluminak adierazi dizkie larunbatean hil zen gizonaren familia eta lagunei, eta heriotza honen larritasuna agerian utzi du ondotik. «Hamarkadetako utzikeriaren ondoren, berriro ere [urtarrilean beste pertsona bat hil zen antzeko baldintzetan], Laudioko bizilagun bat hil da larrialdietan lanpostuak ez betetzearen ondorioz», gaztigatu du.
Sindikatuak adierazi du Osakidetzako zerbitzu askotan daudela hutsuneak, baina Larrialdi zerbitzuen egoerak, bereziki, «arrisku larriak» dakartzala nabarmendu du, larrialdietako baliabideak ez daudelako beti bermatuta. Zehazki, LABen esanetan, ZIUen flotak «gabezia handiak» ditu, eta bere koordinazioaz erizain bakar bat arduratzen da denbora luzea.
«Osakidetzako zuzendaritzak egungo egoerari adabakiak jartzearen alde egiten jarraitzen du, aparteko orduen bidez edo bateraezintasunena bezalako legeak ez betez. Neurri horiek guztiak ez dira onargarriak, eta arrisku- egoerak ere areagotzen dituzte; izan ere, langileek oso luzeak diren lanaldiak hartzen dituzte beren gain, eta horrek ere segurtasun-gorabeherak eragiten ditu», azaldu du.
«Ez da ahaztu behar Larrialdietako Zuzendaritza izan dela, bere pasibotasunarekin, gertatutakoaren azken erantzulea», adierazi du sindikatuak.
Mobilizazioa ostegunean
LABen ustez, Osakidetzak duen «arazo larriari irtenbidea emango dioten epe ertain eta luzerako neurriak ezartzeko negoziazioa beste biderik ez dago», eta argi du «egiturazko neurriak» behar dituela EAEko osasungintza publikoak.
Biztanleria guztiari dei egin dio mobilizazio batean aldarrikapen hauekin bat egin dezan: abuztuaren 29an izango da, 19.00etan, Laudioko Herriko plazan.