«Oso irekita» dago Kontxako sailkapen estropada; gutxik dute lekua bermatuta
Asteazken hoentan jokatuko dute gizonezkoek Kontxako sailkapen estropada. 23 ontzi arituko dira, eta zazpirentzat bakarrik dago lekua. Irueta Ondarroako arraunlariak, Perez Kaikukoak eta Fernandez San Juango prestatzaileak «oso irekita» ikusten dute lehia.
Asteazken honetan helduko diote gizonezkoek urteko hitzordurik garrantzitsuenari. Kontxako Banderako sailkapen estropada jokatuko dute 23 traineruk (18.00etan) –azkenean Hibaikak ez du arraun egingo, legediak eskatzen duen 14 seniorren baldintza betetzen ez duelako–. Ontzi asko, zazpirentzat bakarrik lekua dagoenean, Donostiarrak zuzeneko txartela baitu. Sailkapena lortzeko borrokan egongo diren hiru traineru dira Kaiku, Ondarroa eta San Juan.
“Erreka” ontziarentzat urte berezia da: 25 urte bete dira San Juanek azkenekoz Kontxa irabazi zuela, eta 100 urte lehen bandera lortu zutela herrian. «Kirol hau gure herrian odolean daramagu urte pila batez. Horrek esan nahi du jarraitzen dugula kirolari heltzen, maitasun horri. Zorionez, orain egoera polit batean gaude, belaunaldi berria berpizten ari da, betiko arraunketarekiko espirituan, eta horren atzetik lanean ari gara. Ea behingoz lortzen dugun, sei urteren ondoren, goi mailara igotzea», adierazi du Joseba Fernandez (Pasai Donibane, 1974) San Juango entrenatzaile eta arraunlariak.
KAE 1 ligan distira egin dute: hamahiru banderetatik 11 astindu dituzte. Liga «bikaina» egin dute, prestatzailearen ustez, eta nabarmendu du arraunlari guztiek parte hartu dutela: «Emaitza onak ikusteaz gain, guretzat garrantzitsua zen proiektuari heltzea. Eta horrek esan nahi zuen arraunlari guztiek protagonismoa izan behar zutela. Zorionez, 22 arraunlariek parte hartu dute garaipen guztietan».
Joseba Fernandez (San Juan): «Ea zazpi urteren ondoren, zazpi txartela horietako bat lortzeko gai garen. Ea ekainean eman genuen maila asteazkenean emateko gai garen»
2017an sailkatu zen azkenekoz San Juan Kontxarako. «Estropada ahalik onena» egiten saiatuko dira, Fernandezen hitzetan, jakinda estropada eremuak eskatzen dizkien lanak zeintzuk diren. «Eremua beharbada konplexua izan daiteke, denbora guztian interpretatzen egon behar duzulako. Lan asko dugu aurretik, baina oso ondo prestatu dugu. Ilusio handia dugu. Ea zazpi urteren ondoren, zazpi txartela horietako bat lortzeko gai garen, eta ea ekainean eman genuen maila asteazkenean emateko gai garen».
Kontxako Banderaz gain, irailean ere kanporaketak jokatuko ditu San Juanek, urrezko mailara igotzeko. San Juango entrenatzaileari ez zaio era egokiagorik bururatzen kanporaketak prestatzeko, Kontxako Banderan lehiatzea baino. «Moralez beteko gintuzke sartzeak... eta bi igandetan arraun egiteko aukera izateak. Ez diot arazorik ikusten Kontxako Bandera jokatzeari kanporaketen aurretik. Dena onuragarria ikusten dut. Disfrutatzeko aukera dugu, eta herriari poztasuna emateko aukera».
Ondarroa «hobeto»
San Juanen antzera, Kaikuk ere ez zuen lortu iaz Kontxarako sailkatzea. Bederatzigarren amaitu zuten sailkapeneko estropadan. Aurten ere «zaila» ikusten du Zunbeltz Perez (Santurtzi, 1994) Kaikuko arraunlariak. Jon Elortegi entrenatzailearen ziklo berri bat hasi dute Sestaon, eta «gustura» egon dira prestatzaile berriarekin. Hamargarren amaitu dute Eusko Label Ligan, eta balorazio «baikorra» egiten du arraunlariak. «San Pedrorekin agian borrokan egon gara lehen estropadetan, baina gero lortu dugu aldea handitze,a eta guretzat “erraza” izan da. Estropada onak zein txarrak egin ditugu, baina baikorra da osatu dugun denboraldia».
Zunbeltz Perez (Kaiku): «Donostiarra oso hurbil egon da azken bi estropadetan. [...] Baina uste dut Bermeok beste pauso bat emango duela Kontxan. Jende oso ona du traineru barruan»
Ondarroak, berriz, iaz lortu zuen Kontxako Banderarako sailkatzea. Aurtengoari begira, Asier Irueta (Ondarroa, 1989) Ondarroako arraunlariak uste du aurten joan den urtean baino «aukera gehiago» dituztela: «Sailkatzea zaila da, baina iaz baino hobeto gaude. Iaz ere behetik gora egin genuen udan, eta sasoi onean ailegatu ginen. Aurten momentu onean goaz». Eusko Label Ligan zortzigarren postuan amaitu dute. Helburua bete dutela adierazi du Iruetak. «Urte hasieran helburua hauxe jarri genuen, bigarren txandan lehiatzea. Eta betetzen ari gara, gorabehera batzuekin, baina gustura».
«Espekulaziorik ez»
Sailkapen estropadan 23 traineruetatik zazpi bakarrik sailkatuko dira. Nork dute txartela bermatuta? Iruetak eta Fernandezek bat egin dute esanez, Urdaibaik eta Zierbenak bakarrik dutela sailkapena oso bideratuta. «Hirugarren txarteletik aurrera ez dago horren argi. Iruditzen zait ez Hondarribiak, ez Oriok, ez Getariak ezin dutela lasai egon asteazkenean. Bete-beteko estropada egin beharko dute sartzeko. Demostratu dute Ondarroak eta Lekeitiok, baita Aresek eta guk egindako denboraldiagatik ere. Oso irekita ikusten dut aurtengo sailkapen estropada, beste urteetan ez bezala», nabarmendu du San Juango entrenatzaileak.
Iruetak Bermeo eta Zierbena ere aurretik ikusten ditu, baina gainerako traineruek ezingo dute «espekulatu» gero. «Hondarribia agian koska bat gainetik dago, baina ez dut uste asko erlaxatu daitezkeenik. Gainerako traineruek topera joan beharko dugu». Perezek, berriz, azken bi txartelak lortzeko lehian egon daitezkeen traineruak zerrendatu ditu: Ondarroa, Lekeitio, Cabo eta San Juan. Bereziki azpimarratu du “Erreka” traineruak egin duen denboraldia.
Asier Irueta (Ondarroa): «Sailkatzea zaila da, baina iaz baino hobeto gaude. Iaz ere behetik gora egin genuen udan, eta sasoi onean ailegatu ginen»
Faborito nagusia nor den galdetuta, Kaikuko arraunlariak adierazi du Bermeo dela hautagai nagusia, eta ondoren agian Donostiarra egon daitekeela. «Oso hurbil egon da azken bi estropadetan. Zarauzko eta Getariako banderak astindu ditu. Baina uste dut Bermeok beste pauso bat emango duela Kontxan. Jende oso ona du traineru barruan, eta ikusiko da beste urrats bat egingo duela».
Iruetaren iritziz, Bermeo, Zierbena eta Donostiarra dira hautagai nagusiak. «Donostiarra behetik gora doa, eta asteazkenean ez du estropada jokatuko. Fresko iritsiko den talde bat izango da. Beraz, kontuz ibili».
Fernandezek bi faborito nagusi ikusten ditu, «bat bestearen gainetik»: «Joan den urtean Urdaibaik demostratu zuen kupoen gainetik nola irekitzen duen diferentzia oso handia. Aukera izanda, etxekoak ez ziren arraunlariak sartuta, printzipioz antzeko egoera espero dut. Hala ere, Donostiarra demostratu du abuztu bukaeran aurrerapausoa eman duela. Ez dakit haiek ere kuporik gabeko aukera izanda indartzerik duen eskifaia. Uste dut baietz, zerbait baduela, besteen adina ez dut uste, baina zerbait bai».