INFO

Milango liburu-denda bateko erakusleiho osoa erosi du bezero misteriotsu batek

«Sentitzen dugu, dena saldu dugu» zioen kartela jarri behar izan zuten Milango Hoepli liburu-dendako jabeek erakusleihoan, bezero misteriotsu batek dena erosi eta gero. 10.000 euro ordaindu zituen, 200 liburu inguru etxera eramanda.

Liburu-denda baten artxiboko irudia. (Bodo SCHACKOW | AFP)

Bezero misteriotsu batek 200 liburu erosi ditu, 10.000 eurotan, Milango Hoepli liburu-denda ezagunaren erakusleiho osoa hustuz, jabeak Italiako hedabideei ostegun honetan azaldu dienez.

Joan den abuztuaren 22an, oporrek hustutako Milan batean, gizon bat Hoepli liburu-dendan sartu zen eta erakusleihoan ikusgai zeuden liburu guztiak erosi zituen: 200 ale baino gehiago 10.000 euro inguruko kostuarekin.

«Salmenta aparta. Txundituta geratu nintzen, eta zoragarria iruditu zitzaidan norbaitek erakusleiho polit hori erosi nahi izatea», azaldu dio une horretan dendan zegoen Matteo Hoepli jabeak ‘Il Corriere de la Seran’.

Bezeroak zuzenean jo zuen liburu-dendan lan egiten duen pertsonetako batengana, eta hark, hasieran, ezin izan zuen ulertu eskaera berezia, baina pixkanaka-pixkanaka erakusleihoa husten hasi zen.

«Erakusleihoa husten hasi ginen, lehenik liburuak saskietan sartuz, eta gero telazko poltsetara pasaz. Halaber, bezeroari galdetu genion ea nahiago zuen kartoizko kutxetan jarri, garraiorako erosoagoak izan zitezen, baina uko egin zion eskaintzari», azpimarratu du Manuela Stefanelli liburu-dendako zuzendariak.

Gero, beste pertsona baten laguntzaz, bezeroak taxi bati deitu zion erosketa berezi hura etxera eramateko.

Erakusleiho hartan artearen historiatik argazkigintzara zihoan liburu sorta bat zuen, baita gaurkotasunari eta historiari buruzko saiakerak ere, italieraz zein ingelesez.

Erositako libururik garestiena: ‘Bruce Springsteen, Lynn Goldsmith – Limited Edition’, 600 eurotan baloratua, eta merkeenen artean ‘Un eroe borguese’, Corrado Stajanoren eleberri bat, 12 euroan.

«Harritu gintuen beste gauza bat da ez zuela deskonturik eskatu eta zenbateko osoa, 10.000 euro inguru, kreditu-txartelarekin ordaindu zuela», gaineratu du Stefanellik.

Hoeplik, familia enpresa honen bosgarren belaunaldikoak, Milango egunkariari ziurtatu dio: «Ez dut gogoratzen nire aitona-amonen edo birraitona-amonen istorioetan hain aparteko gertakaririk. Orain nire seme-alabei eta bilobei kontatuko diet». Erakusleihoan kartel bat jartzea erabaki zutela ere azaldu du: «Sentitzen dugu, dena saldu dugu».