INFO

Euskal selekzioaren ofizialtasunari atea itxi dio Nazioarteko Pilota Federazioak, mespretxuz

Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko presidente Xavier Cazaubonek euskal selekzio ofizialaren gaia «izorratutako disko bat» dela adierazi du eta berarentzat afera 2023ko uztaileko batzarrean amaitu zela. Iruñean selekzioaren alde mobilizatu zirenak ere mespretxuz ikusten ditu. «Nortzuk ziren?»

Xavier Cazaubon, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko presidentea. (Patxi Beltzaiz)

22 urtez azpiko munduko euskal pilota txapelketa lehiatu da azken astean Iruñean. Hari hau hartuta, Nazioarteko Federazioko presidente den Xavier Cazaubon elkarrizketatu du ‘Diario de Navarra’ egunkariak eta honek, mespretxuzko tonua erabiliz, atea itxi dio euskal selekzioak ofizialtasuna lortzeko edozein aukerari. «Izorratutako disko bat da».

Cazaubonek ate hori 2023ko uztaileko batzarrean guztiz itxi zela dio, momentu horretan ‘stand by‘ egoeran gelditzen zela aditzera eman zuten arren. Orduan, «federazio desberdinen artean sortutako liskarrak ekidite aldera», bozketa bertan behera utzi zuten.

Astelehen honetan argitaratutako elkarrizketan, aldiz, aukera dagoeneko erabat baztertuta dagoela adierazi du, bere lanean beste lehentasun batzuk dituela azpimarratuz. «Guretzat, afera hau 2023ko uztailaren 29an amaitu zen, karpetakada bat eman zitzaion. Gaia dagoen lekuan dago, haiek tematu egiten dira. Baina ez da berria», adierazi du.

Hortik aurrera bere tonuak gora egiten du eta lege biderik ez dagoela dio, EAJk bere garaian saldu zuenaren kontra. 2022ko urrian, jeltzaleek jakinarazi zutenez, Madrilgo Kongresuak batzordean onartu zuen Kirolaren Lege berriari EAJ eta PSOEren adostasunez egin zioten zuzenketa baten ondorioz, pilotako eta surfeko euskal federazioei nazioartean ofizialki lehiatzeko bidea ireki omen zitzaien, beste guztiei zailtzearekin batera. Orain, aldiz, badirudi pilota eta surfari ere ez zitzaiela bultzada eman.

Cazaubonek erabat ukatu du. «Oso erraza da. Kirolaren Lege bat dago, nik idatzi ez nuena eta nik bozkatu ez nuena. Eta Kirolaren Legeak ezin dela dionean, ba ezin da. Nazioarteko Federazioa Iruñean dago kokatuta, eta beraz Espainiako administrazio legepean dago. Legea aldatzen den momentuan aukera dago eskaera hori existitzeko? Bai, erantzuna bai da. Baina Legea ez da aldatu».

Eta afera hau noizbait konponduko ote den galdetuta, mespretxuz erantzun du Euskal Pilotako Nazioarteko Federazioko presidenteak. «Zenbat urte daramatza afera honek? Oraingoz Legea ez da aldatu, inork ez du aldatzea eskatu», insistitu du.

Abuztuaren 25ean abiatu zen Iruñeko munduko txapelketa, eta irekiera ekitaldian Joseba Asironek parte hartu zuen, euskal selekzio ofizialaren «desio kolektiboa» nabarmenduz. Era berean, Labrit pilotalekuaren atarian ere elkarretaratzea egin zen, ofizialtasuna aldarrikatzeko. Hauetaz mintzatzeko tonu bortitz bera erabili du Cazaubonek. «Nortzuk ziren? Manifestazio politikoa izan zen. Gai hauetan insituzionalak izan behar dugu». Besteak beste, txapelketa hartzen zuen hiriko alkate Asironek hartu zuen parte.