INFO

Arraun munduko 100 bat kidek bat egin dute iganderako Ernaik deitutako mobilizazioarekin

Kontxako estropadetan arraunlariak izan ohi dira protagonistak eta astearte goiz honetan zenbait arraunlari elkartu dira Ernaik iganderako antolaturiko mobilizazioarekin bat egiten dutela esan eta gazteei babesa adierazteko.

Ernaiko gazteak eta arraunlariak, irailaren 8ko mobilizaziora dei egiten Donostiako Kaiko arranpan. (Jon Urbe | FOKU)

Igande honetarako, irailaren zortzirako, Ernaik mobilizazioa du antolatuta, ‘Bat eginez independentziara!’ lelopean. Eta asterarte honetan arraun munduko ia 100 kidek bat egin dute mobilizazioarekin ‘Arraunlariok bat eginez’ manifestua aurkeztuta. Koloreak kolore, talde guztietako kideek adierazi diete babesa gazteei.

«Deialdiarekin bat egin, eta honekin batera Ernairen aurkako eraso ekonomiko eta politikoa gaitzetsi zein isunduak izandako gazte guztiei gure elkartasuna adierazi nahi diegu», adierazi dute arraunlariek. Aldarrikatu dute Euskal Herrian pertsona zein kolektibo orok behar lukeela eskubide politikoak inolako esku-hartzerik gabe aurrera eramateko aukera, eta hain zuzen ere, Ernaiko gazteei hori ukatu zaiela.

Azaldu dute «pozgarria» behar lukeela Euskal Herriko «hainbat eta hainbat gazte konprometituak eta ekintzaileak» izatea, «hori sustatu eta bermatu beharreko praktika litzateke, eta ez zigortua operazio honen bitartez egin bezala», zehaztu dute.

Mozal Legearen aurka

Era berean, manifestuaren sinatzaileek Mozal Legearen «aurkako jarrera» adierazi nahi izan dute, «izan ere, herritar ororen oinarrizko eskubideak kolokan jartzen dituela deritzogu», argudiatu dute.

Adierazpen askatasunaren aurkako tresna dela aipaturiko legea azaldu dute, eta gizarteko hainbat sektoreren aurka egiteko «sistematikoki erabilia» dela egun. «Era berean, Euskal Herrian lege honen erabilpenaren aurkako nahikoa adostasun dagoela deritzogu, eta, hortaz, uste dugu ez litzatekeela inoren eskubideak ukatzeko erabilia izan behar», kontatu dute arraunlariek.

Irailaren 8an arraunlari horietako askok Kontxako estropadan arraun egingo badute ere, 13.30ean mobilizazioarekin bat egiteko deia egin dute kirolariek: «Bidegabekeria honen aurrean arraun egitea dagokigu, indarrak batuz norabide berean ekinez. Gurekin batera dei egin nahi diogu euskal gizartearen osotasunari deialdiarekin bat egitera eta elkartasun hitzordu honetan parte hartzera».