Bi egunean 160.000 haurrei jarri diete polioaren aurkako txertoa Gazan, OMEren xedea gaindituz
Duela bi egun hasi zen polioaren kontrako txertaketa kanpaina Gazan, eta dagoeneko 158.992 haurrek jaso dute lehendabiziko dosia Zerrendan berriz agertu zen birus honen aitzinean babesteko. Osasun Ministerioak kasu bat baieztatu du orain arte.
Polioaren kontrako txertaketa kanpaina abiatu dute Gazan. Bigarren eguna bete dute eta herritarren parte hartzea handia izaten ari da, Osasun Ministerioak jakinarazi duenez.
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) ere komunitatearen atxikimendua nabarmendu du. Azaldu duenez, UNRWA eta Unicef erakundeekin batera gauzatzen ari diren kanpaina honen helburua Gaza erdialdeko 157.000 ume txertatzea zen, eta bigarren egunerako gainditu dute xede hori.
Orotara, 10 urte baino gutxiagoko 640.000 haur txertatu nahi dituzte, eta %95eko txertaketa tasara iritsi. 2023an %89ra jaitsi zen, Israel eragiten ari den sarraskiaren ondorioz.
«Pausa humanitarioak»
Bi egun hauetan ez da istilurik gertatu 6.00 eta 14.00 artean armadarekin adostutako «pausa humanitarioetan», eta gazatarrek «modu seguruan» jaso ahal izan dute txertoaren lehen dosia.
Kanpainak asteazken honetara arte iraunen du Gaza erdialdean, eta ostegunean hegoaldean jarraituko du. Gero bertze lau egunez luzatzea espero dute hegoaldean, azkenik Zerrendaren iparraldera iristeko.
Ahoz ematen ari dira polioaren txertoa, tanta batzuen bidez. Irailaren amaierarako erakunde humanitarioek zein armadak bigarren immunizazio erronda bat espero dute.
25 urteren ondoren, berriz
Gazan ez zen birus honen arrastorik duela 25 urtetik, baina joan den abuztuaren 16an Osasun Ministerioak kasu bat erregistratu zuen: 10 hilabeteko haurtxo bat gaixotu zen polioaz. Israelek urrian areagotutako sarraskiaren ondotik jaio zen eta ez zuen txertorik jaso.
Geroztik agintariek erasoei egozten diete eritasuna berriz agertzea, jende pilaketari, ur eskasiari eta higiene faltari.