INFO

Gaitzespen publikoak gora egin arren, EAEko jaietan sexu eraso kopurua bikoiztu egin da

Emakundek udako jaien balorazioa egin du eta, 2023 urtearekin alderatuta sexu erasoen kopuruak Bilbo, Donostia eta Gasteizen gora egin duen arren, «jarrera matxistak gero eta gehiago gaitzesten dituzten jai guneak sortzeagatik» eskerrak eman dizkie herritarrei.

Miren Elgarresta, aurreko agerraldi batean. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak EAEko udako jaien balorazioa egin du sexu erasoei eta emakumeen aurkako indarkeriari dagokienez. Jai guztiak amaitu ez diren arren, Elgarrestak Bilbo, Donostia eta Gasteizko jaiak aipatu ditu, «termometro sozial gisa» balio dutelako, eta «urtez urte, eraso matxisten gaitzespen publikoa handituz» doala nabarmendu du.

Elgarrestaren hitzetan, «jaietako pregoi edo hasierako hitz guztietan egon dira emakumeekiko errespetu eta askatasunaren aldeko deiak, jaien programek prebentzio-mezuak agertu dituzte, puntu lilak egon dira, 24 orduko zentroak martxan… Nire ustez, sentsibilizazioa, baliabideak eta zerbitzuak gero eta handiagoak dira, eta, protokoloek ezartzen duten bezala, jaiak antolatzen hasten direnetik indarkeria matxistaren prebentzioa hartzen da kontuan».

Zentzu horretan, ziur agertu da «urtez urte egiten ari den sentsibilizazio-lanak eraso asko prebenitzea lortu duela, eta, aldi berean, sentsibilizazio handiagoak erasoak salatzera bultzatu ditu emakume asko, sozialki eta erakundeen aldetik babestuagoak sentitzen direlako».

Horregatik, eskerrak eman nahi izan dizkie udalei, jai batzordeei, ostalaritzari, elkarteei eta mugimendu feministari, baita herritar guztiei ere, «jarrera matxistak gero eta gehiago gaitzesten dituzten jai guneak sortzen laguntzeagatik».

Erne jarraitzeko deia

Emakundeko zuzendariak «erne jarraitzeko» deia egin du, aurten hiru hiriburuetan izandako sexu-erasoen datuak kontuan hartuta: Zehazki, udaltzaingoek eta Ertzaintzak hiru hiriburuetako jaietan ezagututako sexu-askatasunaren aurkako delituen balantzea 19 salaketa izan dira, horietatik 6 bortxaketengatik.

Horrenbestez, gora egin dute salaketek 2023 urtearekin alderatuta, hiru hiriburuetan 8 salaketa izan baitziren iaz sexu erasoengatik.

Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan 10 salaketa izan dira sexu erasoengatik, horietatik 3 bortxaketagatik; Donostiako Aste Nagusian 3 salaketa jaso dira sexu erasoengatik, horietako bat bortxaketagatik; eta Bilboko Aste Nagusian 6 sexu eraso salatu dira, horietako bi bortxaketagatik.

Erasoekin batera, indarkeria matxista salaketak ere erregistratu dira (bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindakoak). Horrela, guztira 9 salaketa erregistratu dira Gasteizen (2023an baino 3 gutxiago), 12 Donostian (2023an baino 6 gehiago) eta 15 Bilbon (2023an baino 3 gutxiago).

Emakunde Sarirako hautagaiak aurkezteko epea, zabalik

Bestalde, gaurtik aurrera zabalik dago 2024ko Berdintasunerako Emakunde Sarirako hautagaitzak aurkezteko epea. Sari horren helburua da «publikoki aitortzea emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko lana dela-eta nabarmendu diren pertsona fisiko edo juridiko publiko nahiz pribatuen jarduna».

Sariak 14.400 euroko diru-zuzkidura gordina du eta hautagaitzak aurkezteko epea 2024ko urriaren 7an amaituko da.