INFO

Kontseilua: «Udaltzain guztiek jakin behar dute euskaraz, herritarren eskubideak daude jokoan»

EAEko Justizia Nagusiak euskararen normalizazioaren aurka hartutako azken erabakia dela eta, Euskalgintzaren Kontseiluak salatu du herritarren eskubideak daudela jokoan. ELA sindikatuak, bestalde, Euskal Polizia Legea aldatzea galdegin die alderdiei.

Donostiako Udaltzaingoaren bi lanpostutarako euskara eskakizuna atzera bota duen sententzia salatzeko elkarretaratzea. (Andoni Canellada | FOKU)

Ostegun honetan jakinarazi zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak udaltzainen aldi baterako lan poltsan euskara eskatzea baliogabetu duela. Euskararen aurkako erasoaldi judizialean beste urratsa bat gehiago. Euskalgintzaren Kontseiluak salatu du sententzia hauen bidez «botere judiziala hizkuntza-politiken joko-arauak aldatzen ari da, euskararen ofizialtasunaren mugak murriztuz eta, beraz, normalizazio prozesua oztopatuz eta herritarren eskubideak kaltetuz».

Euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi judizialaren bidez garatzen joan den jurisprudentzia darabilela azaldu du Euskalgintzaren Kontseiluak. Izan ere, Justizia Auzitegi Nagusiak uste du euskara eskakizuna eskatzea «neurrigabea eta diskriminatzailea» dela hizkuntza hori ez dakienarentzat, eta adierazi du lan poltsaren helburua «udaltzainen faltari» aurre egitea zela, eta, beraz, hizkuntza bigarren mailako aldagai gisa hartu behar zela.

Epai honen ondorioz lanpostu bakar baterako ere ez dela beharrezkoa euskaraz jakitea arbuiatu du Kontseiluak, eta egoera larria dela salatu du, «bereziki euskara eskakizuna duten postuak ordezkatzeko dagoen ezintasun nabarmena kontuan izanik. Are, herritarrak zaurgarritasun egoera batean daudenean artatzen dituen zerbitzu publiko bati bagagozkio». Udaltzainek herritarrekin duten harremana zuzena dela adierazi du Kontseiluak, herritarren segurtasunari lotutako lanpostuak izanik, udaltzain bakar batek euskararen ezagutza ez izateak «zerbitzu osoa eta herritarren eskubideak baldintzatu» dezakeela azaldu du.

Kontseiluak gogoratu du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak hainbatetan salatu duela herritarrek udaltzaingoarekin harremanean jasaten dituzten hizkuntza-eskubide urraketak. «administrazioko lanpostuei euskararen ezagutza eskakizuna ezabatzea zerbitzu publikoen kalitatea eta erantzukizun soziala kentzea da. Beraz, herritar guztien eskubideak bermatzeko bide bakarra langile publikoek euskara ere ezagutzea da, hizkuntza ofiziala eta berezkoa den heinean», azaldu du euskalgintzaren aldeko eragileak.

Normalizazioaren eta herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzearen alde dauden alderdiei hizkuntzaren auziaru berez dagokion zentralitatea eman diezaioten eta euskararen normalizazio prozesuak eskatzen dituen konpromiso eta neurriak hartzeko deia egin du Kontseiluak.

ELAren eskakizuna: Euskal Polizia Legea aldatzea

ELA sindikatuak euskararen aurkako azken eraso judiziala salatu eta alderdi politikoei eskatu die Euskal Polizia Legea alda dezatela hizkuntza eskubideak bermatzeko. ELAren ustez udalek kudeatu behar dituztela udaltzaingoko EPEak eta lan poltsak udaltzainen behin-behinekotasunarekin amaitzeko eta euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko.

Era berean, Euskal Polizia Legea aldatu behar dela azaldu du sindikatuak, «euskararen perfil eskaera betebeharreko baldintza» izan dadin. ELAko gogoratu du behin eta berriz eskatu duela eusakra profila EAEko polizia izateko eskakizunetan sartzeko, «udaltzain zein ertzain, baina alderdiek ez dute eskari hori aintzat hartu».

«Nekez bermatuko dira herritarren hizkuntza eskubideak, aukera zabalik uzten baitu errekurtsoak jartzeko eta kontrako epaiak ebazteko», ondorioztatu du sindikatuak.