«Eibar nire etxea sentitzen dut, munduko motibazio guztia daukat»
Klubean infantiletan sartu eta zortzi urtetan zehar harrobiko eskailera osoa igo ondoren, Hodei Arrilaga (Mutriku, 2004) Eibarko lehen taldera igo da. Lesio batek aulkira bidali du baina titularra eta armagin onenetarikoa izan zen denboraldiko lehen bi jaurdunaldietan.
Behatzeko haustura batek aulkian utzi zuen Levanteren aurka, eta gauza bera gertatuko da Eibarrek astelehn honetan Albaceten (21.00) jokatuko duen partidan. Baina ez du lainotu Arrillagaren uda. Urtea, oro har; 2024ak errealitate bihurtu baititu bere ametsak: Eibarren filialarekin igo, lehen taldeko fitxa lortu eta denboraldia hamaikakoan hasi.
Eta urtea borobiltzeko, debuteko partidan taldeko onena izan eta LaLigak jardunaldiko hamaikakoan sartu zintuen.
Dena ondo atera zait, pentsa nezakeena baino askoz hobeto. Pena bakarra da Lehen Mailara igo ez izana. Baina agian orduan ez nukeen lekurik izango. Gauzak datozen bezala hartu behar dira, une txarrak pasatu eta aukerak aprobetxatu.
Dagoeneko ohitu zara «Hodei Arrillaga Eibarko jokalaria» irakurtzen?
Pixka bat kostatu zitzaidan. Harrobian urte asko eman ditudan arren, ez nuen imajinatzen ere gerta zitekeenik. Baina behin Ipuruan jokatu nuenean, nire burua zelaian ikusi nuenean, bat gehiago sentitu nintzenean, sinetsi egin nuen. Orain bai, badakit egia dela.
Inoiz imajinatu ez zenuela esan duzu. Eta ez da harritzekoa, beste jokalaririk ez baitago infantiletan hasi eta zortzi urteetan zehar harrobiko eskailera osoa igo duenik lehen taldera iritsi arte. Ez da erreza amets egitea aurrekaririk ez daudenean.
Hasieran ez nuen pentsatzen, ez dakit umeek zehazki horretan pentsatzen badute ere, baina egia da gero ere oso zaila ikusten nuela lehen taldera heltzea. Filialera iristen zarenean, oso zaila ikusi bai baina behintzat pentsatzen dozu “la ostia” izango litzatekeela. Azkenean, gorantz zoaz, gero eta gertuago ikusten duzu lehen taldea, eta agian ez zara ausartzen esaten baina bai amets egiten. Azkenean naturaltasunez etorri da, niregan konfiantza izan dute, lehenbizi denboraldiaurrea lehen taldearekin egiteko, gero jokatzeko eta gero fitxa egiteko eta oso oso pozik nago. Hala ere, nahiz eta arrunta ez izan, ez nuke esango harrigarria dela etxeko futbolari bat lehen taldera heltzea, harrobia indarra hartzen ari delako. Harrobiarekin lan ona egiten ari da kluba eta horrek gero eta aukera gehiago egotea ekarriko du.
«Ez da arrunta, baina ez nuke esango etxeko futbolari bat lehen taldera heltzea harrigarria denik, harrobia indarra hartzen ari delako»
Nola gogoratzen duzu Joseba Etxeberriak denboraldiko lehen partidan titularra izango zinala esan zizunekoa?
Egia esateko, aurreko astean ikusten nuen titularrekin entrenatzen nengoela... Ez nuen guztiz sinisten, pentsatzen nuelako zorte askorekin deialdian sartuko nintzela, agian debutatu minutu batzuk jokatuta... Baina horrela etorri zen eta ezin nintzen alaiago egon egon nire burua benetan hamaikakoan ikusi nuenean.
Etxekoa izanik, motibazio handiagoa daukazu? Presio handiagoa agian?
Motibazioa... munduko guztia daukat. Ez da bakarrik klubekoa naizela, ni bertakoa naiz, Mutrikukoa, ama ere eibartarra da... Oso gertu sentitzen dut dena, hau nire etxea dela sentitzen dut eta. Eta presioa baino, nerbioak sentitu nituen lehen partidaren bezperetan, zeilairatzean... Baina ez dut uste harrobikoa izateagatik izan zenik; suposatzen dut denentzat komuna den zerbait dela eta are gehiago zure debuta denean.
Zelaian ez zitaizun igarri, baina hiru kategoriatako jauzia nabarituko da.
Abiaduran eta kalitatean batez ere, oso pase gutxi huts egiten dira, pasean ez baduzu asmatzen berehala aukera bat sor diezazukete, edozein akatsak zigorra izan dezake... Jauzia handia da. Baina egia esateko, gustora sentitu naiz jokatzen. Eta lasai, behin hasi aurreko nerbio horiek kenduta.
Ez zaitez larregi erlaxatu, arriskutsua baita.
Ez, ez. Eta gertatuko balitz ere, familiak berehala jarriko lizkidake oinak lurrean. Oraindik ez dut ezer egin. Une txarrak etorriko direla, gaizki jokatuko ditudan partidak, jokatuko ez ditudanak... Lan asko egin behar dudala, egunero ahalegindu behar naizela eta nire onena eman asteburuan minutuak edukitzeko, asko hobetu...
Zertan hobetu behar duzu bereziki? Eta zein da egun zure bertute handiena?
Defentsiboki gustura sentitzen ari naiz, baina ofentsiboki, baloiarekin, gauza asko dauzkat hobetzeko.
Minutuen ematen duten konfiantzak ausardia areagotzen lagunduko dizu.
Horrela espero dut eta lehen partidan bertan nabaritu nuen, hasieran oso pase errazak ematen nituela, batez ere ez nuelako huts egin nahi, urduri ez jartzeko. Eta partida aurrera joan ahala, konfiantza irabazten joan nintzen, bigarren partidan are gehiago...
Taldeari ere hobekuntza nabaria ikusi zaio astetik astera.
Azkenean talde berria da, jende asko etorri da kanpotik, gazteak... Prozesu bat behar da, baina baikorrak izan gaitezkela uste dut.
«Asko gustatzen zait giroa, oso giro ona dago gure artean... Oso talde polita sortu da»
Zer da baikortasuna pizten dizuna taldea ikustean? Zer da gehien gustatzen zaizuna?
Asko gustatzen zait giroa, oso giro ona dago gure artean... Oso talde polita sortu da. Joko aldetik, batez ere oso ofentsiboa dela gustatzen zait, ez dagoela erasotzeko beldurrik, presio altua egiteko... Ausartak gara.
Ikusleak eskertzen du horrelako jokoa, baina ez dakit zuek, atzelariek, hainbeste gozatzen duzuen.
Nik bai. Altu defenditzea gustaten zait, gora joatea, atzean defenditzea baino gehiago. Naiz eta arriskuak hartu, nahiago dut.
Alaitasun horrek emaitzak emango dizkizue? Baikor ekin diozue denboraldiari?
Nik uste dut urteroko ilusioa dagoela, oso talde ona egin dugula eta gauza asko egin ditzakegula. Baina ez daukagu buruan maiatzean gerta daitekeena, badakigulako nolakoa den 2. maila eta nolako taldeak dauden. Asteroko partidan zentratzen gara, asteroko puntuak lortzen, horrek eramango gaituelako gora.