INFO

Euskadi Fundazioaren inguruan kezka zabaldu da, Orbeak 30 urteko lankidetza amaitu ostean

1993. urtetik beti elkarrekin ibili dira Euskadi Fundazioa eta Orbea enpresa, baina bide horrek amaiera izango du aurten, Orbeak jakinarazi duenez. Kezka areagotu du honek, are gehiago Euskaltel taldearentzat denboraldi zaila izan dela kontuan harturik.

Euskaltel taldeko txirrindulariak, Orbea bizikleten gainean aldapan gora 2006ko irudi honetan, Itzulian. (Andoni Canellada | Foku)

Ustekabean heldu da albistea ostegun honetan eta zeresan ugari ematen ari dira txirrindularitza munduan, bai arlo profesional bai eta harrobi mailan ere. Bidea elkarrekin 31 urtez egin ostean, «Orbeak eta Euskadi Fundazioak bukatutzat emango dute elkarlana», enpresak ohar batean jakitera eman duenez.

Fundazioaren hasiera-hasieratik Orbea babesle eta hornitzaile (bizikletak, arropa...) izan du, 1993. urtetik hain zuzen ere, orain arte eta etenik gabe.

Orbeak onartu duenez, «ez da erabaki erraza izan». Aldi berean erantsi duenez, ordea, aski pentsatua izan da eta «guztientzako onena» izango delakoan dago Eibarren sortutako enpresa.

Une goxoak ekarri nahi izan ditu gogora agur esateko tenorean. Hiru hamarkada hauek «ilusioz» beterikoak izan direla eta momentu «ahaztezinak» ekarri dituela aipatu du. Nazioarteko tropelean garaipen handiak lortu dituzten zenbait txirrindularik «Orbea bizikleta baten gainean» trebatu direla nabarmendu du.

Etorkizunean ere txirrindularitza bultzatzen segituko duela aipatu du, baina «oinarrian» eragiteko lehentasuna adierazi du. Hurrengo urtean bertan «diziplina ezberdinetan» aritzeko «formulak» aurkeztuko dituela aipatu du, «txirrindularitzaren kultura» sustatze aldera.

Euskadi Fundazioak ez du momentuz baloraziorik egin baina erabakia kolpe gogorra izan daitekeela antzematen da. Enpresa mailan Euskaltelek duen garrantzia ere nabarmen ari da jeisten azken urteotan, MasMovilek 2021. urtean xurgatu ondoren.