INFO

Urdaibaik beste erakustaldi bat eman du, Bermeo festa betean murgilduta dagoela

Urdaibaik beste garaipen bat pilatu du, oraingoan etxean, Bermeon, herria festa betean murgilduta dagoela. Jada bere hamargarren liga poltsikoratuta, denboraldi honetan lortzen duen hamairugarren garaipena da eta bihar, Portugaleten, langa berria ezarri lezake. 

Urdaibaiko eskifaia, Piskin Marinoil bandera astintzen. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Bere hamargarren Kontxako Bandera astindu berritan, Urdaibaik bere herriaren aurrean beste garaipen bat lortu zuen, liga erregularreko hamairugarrena, Hondarribiak 2015an ezarritako langa berdinduta. Erakustaldia eman dute Iker Zabalaren gizonek, bigarren luzean Zierbenari aurrea hartu eta bukaerarako, arerioak txikitu egin ditu. Bigarren izan dira galipoak, 21 segundora eta hirugarren Donostiarra, 24 segundora.

Arraun denboraldia bere azkenera iristen dago eta denak bere horretan jarraitzen du: Urdaibai jaun eta jabe izanez. ‘Bou Bizkaiak’ jada ziurtatuta dauka bere hamargarren liga garaikurra eta Kontxako bandera astindu berritan –hirugarrena erreskadan eta zortzigarrena bere historian–, ligan beste trapu bat bereganatu dute, ezin bereziagoa, etxekoa, Piskin Marinoil bandera. Etxean, Bermeon, jai giroan bete-betean murgilduta dauden herritarren aurrean irabazteaz gain, Hondarribiak 2015ean ezarritako langa berdindu du, txapelketa erregularrean hamairugarren garaipena ospatuta.

Bihar, Portugaleten, langa berria ezarri lezake ‘Bou Bizkaiak’ eta «inertzia honi azken ginga jartzea» suposatuko luke Gorka Aranberri patroiarentzat. Denboraldi zinez berezia ari da izaten zarauztarrarentzat ere, Kontxan “Aita Manuelen” marka berdindu baitzuen, patroi moduan bederatzigarren aldiz hain bandera preziatua astinduta.

Azken hamarkadako lemazain onena dela esaten dute zenbakiek baina ez soilik estatistikek, baita itsaso bihurrian aritzeko trebeziak ere. Gogoko ditu horrelako estropada eremuak eta gaur  erakustaldia eman du Bermeoko katxopetan dantza eginez.

Zierbenak hartu du aurrea lehen luzean baina poparean ‘Bou Bizkaiak’ zero kalera jo eta estriborretik sartzen ziren olatuak baliatu ditu bigarren ziabogarako lehen lekua hartzeko. Distantziak handitzen joan da eta bukaerarako, Aranberriren aldaka kolpe trebeekin, 21 segundoko aldea ezarri du Urdaibaik. Zierbena izan da bigarren eta Donostiarra, hirugarren, hauen arteko lehia interesgarri bilakatuz.

Hondarribiak, lehen txandatik, bukatu du laugarren, Oriok baino askoz denbora hobea eginda. Mirotzak oso deseroso aritu dira eta irabazlearengandik kasik minutu batera bukatu du txanda. Gainontzean, Lekittarra eta Ondarroaren arteko lehia bizia utzi zuen estropadak.

Piskin Marinoil bandera

1.    Urdaibai    20:29.26        
2.    Zierbena     20:50.34
3.    Donostiarra      20:53.90
4.    Hondarribia      21:04.98
5.    Orio      21:26.50
6.    Lekittarra      21:36.38
7.    Ondarroa      21:39.68
8.    Getaria      22:02.34

Eusko Label ligako sailkapena

1.    Urdaibai    203 puntu        
2.    Zierbena      177 p.
3.    Donostiarra      169 p.
4.    Orio      156 p.
5.    Hondarribia      154 p.
6.    Getaria      117 p.
7.    Lekittarra      104 p.
8.    Ondarroa      98 p