Lau hamarkada igarota ere, Uribarrik ez ditu parapolizialek eraildako ‘Pantu’ eta Tomas ahaztu
Aurten 45 eta 40 urte bete dira, hurrenez hurren, BVEk Jon Lopategi Carrasco ‘Pantu’ eta GALek Tomas Perez Revilla errefuxiatuak hil zituenetik. Bilboko Uribarri auzoan sortutakoak biak, belaunaldi eta garai batzuen isla. Haien memoria bizirik dagoela aldarrikatu dute larunbat honetan.
Azken hamarkadetan, urtero bildu izan dira Bilboko Uribarri auzoan ‘Pantu’ eta Tomasen memoria aldarrikatzeko. Aurtengoa hitzordu berezia izan da, larunbat honetan Egiari Sorrek deituta egin den ekitaldi xumean oroitu baitute aurten 45 eta 40 urte bete direla talde parapolizialek Jon Lopategi Carrasco ‘Pantu’ eta GALek Tomas Perez Revilla erail zituztenetik, hurrenez hurren.
«Pantu eta Tomasen memoriak, belaunaldi militanteen memoriak, bizirik dirau –azpimarratu du Oihana San Vicentek, Sortuko bozeramaile nazionalak, egin den ekitaldi politikoan–. Bizirik jarraitzen du, bere borrokak bizirik jarraitzen duelako. Euren bizitzekin amaitu zuten, herri baten askatasun gosea desagerrarazten saiatzeko, baina herri horrek hemen jarraitzen du, zutik, duin eta borrokalari».
Uribarriko Uzturre plazan, Karmelo Lopategi, ‘Panturen’ anai txikiena, eta, bere ondoan, Feli Ziluaga, Tomas Perez Revillaren alarguna aurkitu ditugu. «Hunkituta? Bai, oso», Felik. Lau hamarkadetan zabaldutako zauriak ez dira itxi, are gutxiago judizialki argitzen ez badira. Feli Ziluagak dio egun honetan behin eta berriz etortzen zaizkiola, 70-80. hamarkada haietan eta senarra hil aurretik, Ipar Euskal Herrian errefuxiatuek kolektiboak bizi zuen egoera beldurgarria.
Gerra Zikinaren urte haiek
Jon Lopategi Carrasco ‘Pantu’ 1979ko abuztuaren 2an hil zen, bezperan Angeluko Corsarioen hondartzako kanpinaren inguruan jasan zuen atentatuaren ostean. 36 urte zituen. Parapolizialek hiru errefuxiatuen aurka egin zuten tiro: Angel Iturbek zauritua gertatu zen; Arantza Sasiainek babestu ahal izan zuen bere burua. ‘Pantu’ hurrengo egunean hil zen.
Atentatu hark BVEk hartu zuen bere gain. Xabier Makazagak ikerlariak argitzen zuen legez, GAL sigla erabiltzen hasi aurretik, 1983 amaieran, gerra zikineko atentatuak aldarrikatzeko, beste hainbat siglez baliatu ziren parapolizialek: ATE, Batallon Vasco-Español (BVE), Triple A, Grupos Armados Españoles (GAE)...
‘Panturen’ heriotza urte odoltsu batean suertatu zen, 1979 hartan beste bi euskal errefuxiatu akatu zituztelako: Enrike Alvarez ‘Korta’ eta Justo Elizaran ‘Periko’. Urte bat lehenago, 1978ko abenduan, Jose Miguel Beñaran ‘Argala’ hil zuten.
Tomas Perez Revilla ‘Tomasón’ 1984ko uztailaren 28an hil zen Bordeleko ospitalean, ekainaren 15an jasandako atentatu bortitzak eragin zizkion zauriengatik. Biarritzeko Jano tabernatik ateratzen ari zenean, parapolizialek lehergailuz betetako motor bat leherrarazi zuten. Eztandak bete-betean hartu zituen Perez Revilla eta berarekin zegoen Roman Orbe Etxebarria.
‘Paris Match’ aldizkariak argitaratu zuen irudi bat herri honen imajinarioan gelditu da zintzilikatuta: bertan errefuxiatu biak ageri dira, gorputzak erredurez eta odolez beteta eta arropak, txikituta. Irudia hartu zuen argazkilari ‘anonimoaren’ izena ez da sekula jakin.
Bordeleko ospitalean hil zenean, zauriek eragindako triskantzaren eraginez, Tomas Perez Revillak 44 urte zituen. Minbiziaz gaixo zegoen atentatua jaso zuenean. 1976ko martxoaren 21ean beste atentatu batetik bizirik ateratakoa zen. Geroago frogatuko zenez, metrailatu zutenean erabilitako Marietta armak espainiar poliziak erabilitakoak ziren.
Testuinguruak
Larunbateko ekitaldi politikoan bi gai jarri dituzte mahaiaren gainean Oihana San Vicentek, Sortuko bozeramaile nazionala, eta Karmel Etxebarriak, Herri Batasuneko mahai nazionaleko kidea 80ko hamarkadan. Batetik, errefuxiatu bien memoria aldarrikatu nahi izan da; bestetik, testuinguru politikoei erreparatu nahi izan diote, bai duela 40-45 urtekoa zein egungoa, eta bien artean dagoen haria eta lotura landu.
«Euskal Herriak, pausu irmoekin, elkarbizitzarako eta gatazka politikoaren testuinguruan sortutako sufrimendu desberdinekiko errespeturako agertoki baterantz doan bitartean –aipatu du San Vicentek–, krisian dagoen estatu espainiar honek ez du ausardiarik Euskal Herriaren eta estaturik gabeko nazioen etorkizunari buruzko eztabaidari modu demokratikoan heltzeko».
«Dei egiten diegu Estatu espainiarrari eta haren estamentuei euren biolentziaren ondoriozko biktima guztiak aitortzera. Aitortza, justizia eta erreparazioa Estatuaren indarkeriaren biktima guztientzat», gehitu du Sortuko bozeramaileak.