Aminiren heriotzaren bigarren urteurrenean, gose greba hasi dute Evin espetxeko hainbat presok
Irango Evin espetxeko 34 presok, tartean Narges Mohammadi Bakearen Nobel saridunak, gose greba hasi dute Mahsa Aminiren heriotzaren bigarren urteurrenean. Kalean, aldiz, itzalita daude protestak, baina hainbat irandar askatasun gosez dira. Ez dute, ordea, Gobernuarengan konfiantzarik.
Narges Mohammadi Bakearen Nobel saridunak eta Irango beste 33 preso politikok gose greba hasi dute igande honetan, Mahsa Amini gazte kurduaren heriotzaren ostean sortu zen ‘Emakumea, bizitza, askatasuna’ mugimenduaren bigarren urteurrenean. Belo islamikoa ondo jantzita ez eramateagatik atxilotu zuten Mahsa Amini, eta komisarian hil zen.
«Beste behin, Evin espetxeko preso politiko eta ideologikoek gose greba hasi dute, gobernuaren politika errepresiboen aurka protesta egiten ari den Irango herriarekiko elkartasunean», jakinarazi du Mohammadik Instagrameko bere kontuan.
Evin espetxean dago preso Mohammadik, eta bertako ekimenen berri ari da ematen. Jakinarazi du, besteak beste, emakumeen pabiloiko 25 bat presok protesta egin dutela, ‘emakumea, bizitza, askatasuna’ oihukatuz.
Ekintzaile feministaren arabera, hiyab-aren erabilera inposatzeko emakumeek emakumeek pairatzen errepresioa gaitzetsi zuten hainbat presok, espetxeko patioan beloak errez. Ekintza hau ohikoa izan zen Aminiren heriotzaren ostean Iranen egin zen protesta aldian.
Amini 2022ko irailaren 16an hil zen, belo islamikoa ondo jarrita ez eramateagatik atxilotu eta hiru egunera, eta, horregatik, emakume askok hiyab-a erabiltzeari utzi zioten desobedientzia zibileko keinu gisa.
Hala ere, joan den apirilean, agintariek kanpaina berri bat abiatu zuten, andreak ilea estaltzera behartzeko. Hori egin ezean, Moralaren Poliziak emakumeak atxilotzeko agindua du. «Emakumeen aurkako gerra» deitu dio politika honi Bakearen Nobel saridunak.
Mohammadi (52 urte) Irango giza eskubideen alde altxatzen den ahotsik garrantzitsuenetakoa da, eta sei aldiz zigortu dute 2021etik: 13 urte eta hiru hilabeteko espetxealdia ezarri diote eta 154 zigorrada eman, besteak beste.
Ekainean eman zuten bere kontrako azken epaia: beste urtebeteko espetxe zigorra ezarri zioten, «sistemaren aurkako propaganda» egiteagatik, beloaren inposizioa kritikatzeagatik eta parlamenturako hauteskundeen boikotera deitzeagatik.
Askatasunak lortzeko irrikan
Hilabeteak iraun zuen Mahsa Aminiren heriotzaren ostean Iranen piztu zen mobilizazioak, baina autoritateek bortizki erreprimitu zuten: 500 heriotza, 22.000 atxiloketa eta 10 exekuzio eragin zituzten. Ordutik, aspaldi ez dela protestarik egin herrialdean, baina Irango gazte askok orduan eskatzen zituzten askatasun berberak irrikatzen dituzte oraindik.
Leila Teherango etxetresna elektrikoen enpresa bateko langilea da, eta ez du bere herrialdetik alde egiteko asmorik, baina askatasun sozialak, adierazpenekoak eta, batez ere, generokoak nahi ditu.
«Emakumeak gizon batek bezala baloratu daitezen eta aukera berdinak izan dezaten nahi dut», azaldu dio EFEri 2022an Aminiren heriotzaren ostean herrialdeko kaleetan protesta egin zuen emakume honek.
Bere ustez, irandar askok demokrazia laikoa nahi dute: «Erlijioak politikan edo gizarte gaietan eraginik ez duen kontu pertsonala izan behar du».
Eta ez du uste hauteskunde kanpainan nolabaiteko irekiera agindu zuen Masud Pezeshkian presidente erreformista berriak aldaketa asko ekarriko dituenik, arazoa sistema bera dela uste baitu.
«Presidentea edozein dela ere, sistema honetan ezinezkoa da Errepublika Islamikoaren zutabeen aurka talka egiten duten erreformak edo aldaketak egitea, beloaren kasuan bezala», ziurtatu du.
«Sentitzen dut hau ez dela nire herrialdea. Sistema politikoak sentiarazten dit ez naizela leku honetakoa», kontatu du Amirrek, Psikologian lizentziatutako 26 urteko gazteak.
Teherango gazte horren ustez, gobernu baten lana izan beharko litzateke herritarrak askatasunez bizi daitezen baldintzak sortzea, baina ez du uste hori Iranen gertatuko denik.
«Agintariei gehiago kezkatzen die emakumeek beloa janzteak gure etorkizunak baino», iritzi dio.
«Diktadura batean bizi gara», ziurtatu du, eta uste du presidentetzarako hauteskundeak egin arren agintariak ez duela nahikoa botererik gauzak aldatzeko, Ali Jamenei Irango buruzagi gorenak botere handiagoa baitu.