INFO

Sancet, indarberriturik eta sasoi betean

Kopa irabazi ostean jokatu gabe amaitu zuen ikasturtea; eta, horregatik, Eurokopako deialditik kanpo utzi zuen Espainiako selekzioak. Udan atseden hartu, eta indartsu abiatu du denboraldi berria. Dagoeneko hiru gol egin ditu, eta futbolari erabakigarriena izaten ari da Athleticen erasoko jokoan.

Oihan Sancet Las Palmasen egindako gola ospatzen. (Sabrina Ceballos Sánchez | LA OTRA FOTO)

Oihan Sancetek maila bikainean hasi du denboraldi berria, eta Athleticen golegile nagusia da Ligako lehen txanpa honetan. Hiru gol egin ditu bost jardunalditan, iaz sei sartu zituenean txapelketa guztiak kontuan hartuta. Horietako bi Kopako partida esanguratsuenetan egin zituen. Hain zuzen ere, Bartzelonaren kontra San Mamesen zuri-gorriak 1 eta 2 galtzen zeudenean bigarren zatiaren hasieran, eta Mallorcaren aurka finalean markagailua berdintzeko.

Esan bezala, denboraldiko norgehiagoka garrantzitsuenetan agertu zen zortzi zenbakia, baina burumakur amaitu zuen denboraldia. Izan ere, ezin izan zuen Ligako azken bost partidetan parte hartu, min hartuta egon zelako. Hori dela eta, Eurokopa jokatu gabe geratu zen, nahiz eta ohikoa izan Luis de la Fuentek txapelketa aurretik egindako deialdietan.

Udan zehar Nico Williamsen izena bolo-bolo egon da komunikabide guztietan. Sancet, aldiz, isilean aritu da lan eta lan, eta indarberriturik itzuli da. Nafarraren erronka nagusia erregulartasun handiagoa lortzea izango da. Lehen taldera iritsi zenetik ibilbide gorabeheratsua izan baitu: belauneko lesio larria eta taldearen hamaikakoetan sartzeko zailtasunak.

19 urterekin egin zuen debuta Garitanorekin egin zuen debuta 2019an, baina Marcelinoren azken denboraldira arte ez zen hasierako taldean egonkortu. Bigarren aurrelari gisa erabiltzen zuen asturiarrak. Valverdek, ordea, zelai erdian kokatu zuen lehen partidetan. Pausuz pausu, Athleticen erasoaren zuzendaria bilakatu da, eta 2032ra arte sinatu zuen kontratua.

Denboraldi berrian erakusten ari da atzean utzi dituela arazo fisikoak, eta gorputz sendoagoa daukala ematen du. Pisua igo duela esan daiteke. Era berean, zelaian gogotsu ikusten zaio, sasoi betean dago eta talde zuri-gorriaren futbolari erabakigarriena izan da partida guztietan. Getaferen aurka gol polit bat egin zuen lehen jardunaldian, eta Bartzelonari egindako bisitan penalti puntutik asmatu zuen. Valentzia eta Atletico Madrilen kontra San Mamesen jokatutako partidetan ere nabarmendu zen, golik egin ez arren.

Las Palmasen, berriz, erakustaldia eskaini zuen atsedenaldiaren aurretik. Lehen gola sartzeaz gain, bigarren bat egiteko zorian egon zen. Gutxigatik joan zitzaion kanpora jaurtiketa bat, eta jokoz kanpo zegoelako baliogabetu zioten beste aukera argi bat.

Williams anaiak, Paredes eta Galarreta

Guruzetaren mugimenduen laguntzarekin, Sancet jokoan sartzen denean, Williams anaiek abiadura bizian hegan egiteko aukera aurkitzen dute. Horren adibide Las Palmasen egindako golak. Nicok denboraldiko lehena egin zuen, eta Iñakik golean amaitu zuten hiru pase erabakigarri eman zituen. Sanceti baliogabetutakoa ere berak eman zuen.

Badirudi berpiztu dela lehoien orroa. Ate aurrean kamuts aritu baitira denboraldi hasieran Williams anaiak eta Guruzeta. Aurrelari donostiarrak ez du oraindik golik egin, joan den urtean 16 sartu zituenean. Djalok ere ez du asmatu, eta jokatu gabe geratu zen Las Palmasen.

Valverdek Berenguerren aldeko apustua egin zuen Jauregizar kaleratu zutenean. Nafarrak egindako erdiraketa baten bidez iritsi zen Paredesen gola, partidako hirugarrena eta garaipena lortzeko ezinbestekoa izan zena.

Erdiko atzelaria hamaikakora itzuli zen Yerayren lesioaren ondorioz, eta atsedenaldiaren aurretik gol bat ekidin zuen atepean. Joan den denboraldian bikote ona osatu zuen Vivianekin atzeko lerroan; eta, badirudi, aurten ere erdiko atzelari ohikoenak izango direla.

Athleticek Las Palmasen aurka ateratako hamaikakoa. (Sabrina Ceballos Sanchez / LA OTRA FOTO)
Athleticek Las Palmasen aurka ateratako hamaikakoa. (Sabrina Ceballos Sanchez / LA OTRA FOTO)

Azkenik, Galarretaren lehen minutuak ere azpimarratu behar dira. Eibartarrak lan txukuna egin zuen zelai erdian, nahiz eta bigarren zatian Valverdek ordezkatu egin behar izan zuen. Taldea hamar jokalarirekin geratu zenean, entrenatzaileak zuhurtziaz jokatu zuen. Zelai erdia berriztu zuen azkar batean, eta Iñaki Williams utzi zuen goian bakarrik.

Hala ere, teknikariak partida ondoren aitortu zuen beranduegi mugitu zuela aulkia. Azaldu zuenez, Jauregizar eta Galarreta txartel horiarekin zeuden, eta atsedenaldian aldatzea pentsatu zuen. Baina, taldea ondo jokatzen ari zenez, erabakia atzeratu zuen. Hala, Prados zelairatzera zihoanean, Jauregizarrek gorria ikusi zuen, eta zuri-gorriek azken unerarte sufritu behar izan zuten bideratuta zeukaten garaipen bat defendatzeko.

Kanariar uharteetan irabazitako hiru puntuekin, Athleticek sailkapeneko goiko postuei gertutik begiratzen die. Ostegun honetan, arratsaldeko 19.00etatik aurrera, Leganesi egingo diote bisita. Datorren astean Europa Leagueko partida daukatelako aurreratutako jardunaldia da, eta igandean Celta hartuko dute San Mamesen.