INFO

Osasun mentalaren garrantziaz ohartarazteko ospakizuna egin du Raul Garcia de Harok

Raul Garcia de Haroren ospakizuna Vallecasen. (Osasuna)

Vallecasen Osasunak astelehenean jokatu duen norgehiagokan gola lortu du Raul Garcia de Haro aurrelari gorritxoak eta ospatzeko modu bitxia izan du: buruari seinalatu dio hatzamarrarekin behin eta berriro.

Keinuak zekarren mezua ulertzea ez da erraza izan hasieran, baina jokalariak berak argitu dio zenbat hedabideri: osasuna mentalaren garrantziari buruz ohartaraztea zuen asmoa. Zehatzago, arazo horiengatik laguntza behar duen edonork eska dezala animatu nahi du Bartzelonan jaioa eta Andaluzia aldean hazi den jokalariak.

Aurretik ere gai honekiko gertutasuna erakutsi du Betisetik Osasunara etorritako golegileak. Kezka berezia ari da sortzen honen inguruan kirolaren esparrutik, konpetizioak dakarren zama zenbaitetan jasanezina bilakatzen delako: Simon Biles gimnasta edo Ricky Rubio saskibaloi jokalaria adibide ezagunak dira azken urte hauetan.

Osasun mentalari buruzko sentsibilitate handia duen beste futbolari bat dago euskal taldeetan: Alex Remiro Realeko atezaina. Eta Iruñeko klubari erreparatzen badiogu, Raul Garcia de Haroren taldekide batek kezka berdina agertarazi du golen ospakizunetan: Ruben Garciak ‘Joker’ren aurpegi-keinua egin izan ohi du, osasun mentalean arazoak dituzten pertsonen aldeko elkartasuna helarazteko asmoz.

Keinu hauek, bide batez, kirol mundutik mezu positiboak bidal daitezkeela eta gizarte mailako kontu garrantzitsuak azalera daitezkeela frogatzen dute. Tamalez, harmailak isilarazi nahi dituztenak eta antzeko harropuzkeriak gailentzen dira gehienetan.