Lehen mailako lehen aukera izango du Joseba Aldabek sanmateotan, Tolosa ordezkatuz
Xabi Tolosak eskumuturreko minez jarraitzen du eta uko egin behar izan dio ostiralean hasiko den Logroñoko ferian jokatzeari.
Aukera baten zain hainbeste urte eman eta gero, orain dena arrapaladan etortzen ari zaio Joseba Aldabe atzelari igantziarrari. 27 urterekin, dagoeneko jauzia emateko esperantzak galduta zituenean, eman zion Aspek debutatzeko aukera iazko abenduan eta uda bikain baten ostean, astelehen honetan jokatuko du bere aurreneko lehen mailako udako torneoa, Logroñon, Xabi Tolosaren ordez, norekin eta Jokin Altunarekin bikotea osatuz.
Anoetarrak asteak daramatza eskuin eskuko eskumuturreko lesio bat osatu ezinda, Mastersean ligaxkako azken bi jardunaldiei ere uko egin behar izan zien Arangurenen mesedetan, eta astelehen honetarako osatzea espero bazuen ere, ez du, momentuz, bere burua berriz ere kantxaratzeko gai ikusten eta ez da Logroñon arituko. Iñigo Bikuñak ere azkenaldian eskuetako arazoak izan ditu eta Eibarko enpresak Igantziko atzelariaren uda eta sasoi bikaina saritu nahi izan ditu sanmateotarako aukera emanaz.
Afizionatuetan puntako atzelaria izaki, ez zaio askorik kostatu profesionaletan bigarren mailako partidetan nabarmentzea eta orain urtebete ezinezkoa zirudien aukera bat izango du parean astelehenean. Hori bai, gauzak oso zail izango ditu Zabala-Zabaleta bezalako bi jotzaile handiren aurrean. Igantziarrak ez du bi hauen jorik izango, baina oso atzelari sendoa da eta uda honetan argi ikusi da amezketarrarekin jokatzen duten atzelari guztiek nabarmen egiten dutela gora euren jokoan.
Ostiralean hasiko da feria
Logroñoko feria ostiral honetan hasiko da, Baikok prestatu duen aurre-kanporaketarekin. Artola-Salaverri Larrazabal-Imazen aurka arituko dira lehen partida honetan eta irabazleek osatuko dute Altuna-Aldabe eta Zabala-Zabaletaren multzoa. Javier Salaverrirentzat ez da edonolako partida izango ostiral honetakoa, beretzat ere etxeko ferian jokatuko duen lehen partida izango baita. Larrazabal eta Imaz oso sasoi onean heltzen dira feria honetara eta, printzipioz, faborito gisa irtengo dira.