Luis Garcia Plazaren mezua euskaraz Alaveseko zaleei: «Mendizorrotzan suntsiezinak gara»
Alavesen entrenatzaile madrildarra euskaraz hitz egitera ausartu da berriro Sevillaren kontrako norgehiagokaren atariko prentsaurrekoan. Nabarmendu nahi izan du taldeak eta zaleek «familia handi bat» osatzen dutela, eta Mendizorrotzan «suntsiezinak» direla.
Alavesek Sevillaren kontra neurtuko ditu indarrak ostiral iluntzean. Hain zuzen ere, gaueko 21.00etatik aurrera jokatuko da norgehiagoka, eta partida garrantzitsua da gasteiztarrentzat. Izan ere, talde andaluziarra maila mantentzeko aurkari zuzen bat izan daiteke denboraldi amaieran, eta hiru puntuak lortzeak balio bikoitza izan dezake.
Sevillak Getaferi irabazi zion etxean azken jardunaldian, eta Alavesek galdu egin zuen Espanyolen zelaian. Andaluziarrak bost puntu dituzte sailkapen nagusian, eta gasteiztarrek zazpi.
Hori dela eta, egun berezietan egin izan duen bezala, Luis Garcia Plazak Alavesen zaleak hauspotzeko mezua bidali nahi izan du partida atariko agerraldian. Entrenatzaile madrildarrak euskaraz egin du, eta ondorengo esaldia irakurri du: «Taldeak eta zaleek familia handi bat osatzen dugu, eta Mendizorrotzan suntsiezinak izango gara. Goazen Glorioso!».
헧헿헮헱헶혇헶헼헮헸 ✊ pic.twitter.com/fJgGbybFvM
— Deportivo Alavés (@Alaves) September 19, 2024
Ez da lehen aldia, Alavesen teknikaria euskaraz egitera ausartzen dena. Horregatik, «tradizioak» leloa jarri dio talde gasteiztarrak sare sozialetan zabaldu duen bideoari.
Joan den denboraldian ere pare bat aldiz gutxienez egin zuen euskaraz prentsaren aurrean. Adibidez, Rayoren kontrako partidaren atarian ondorengoa esan zuen «denok batera, garaipenaren alde» leloa erabili zuen.
Cadizen aurkako atarikoan, berriz, horrela mintzatu zen: «Bihar egun handia da Mendizorrotzan. Denok batera, hiru puntuen bila».
Lehen Mailara igotzeko ospakizunetan ere euskarazko mezu bat bota zuen Andra Mari Zuriko plazatik: «Hoberenak zarete, goazen Glorioso!». Alavesen entrenatzaileari Gasteizen pozik dagoela igartzen zaio, eta joan den denboraldiaren amaieran 2026ra arte luzatu zuen kontratua.
Bestalde, Alavesek beste bideo bat igo du sare sozialetara non jokalariak euskarazko hitzak erabiltzen entzuten dira entrenamenduaren amaieran. Kanpoko jokalari ugari izan arren, euskaraz mintzatzen diren zenbait jokalari daude Alavesen aldagelan. Esaterako, Asier Villalibre eta Jon Guridi.
Venga, todos juntos
— Deportivo Alavés (@Alaves) September 19, 2024
푩풂풕, 풃풊 풕풂 풉풊풓풖 푨푳푨푽푬́푺! ✊#AlavésSevillaFC | #GoazenGlorioso ⚪️ pic.twitter.com/17Ej9xYAxe