INFO

EAk estatu berri baten beharra aldarrikatu du Alkartasun Egunean

Alkartasun Eguna ospatu du Eusko Alkartasunak, Euskal Herriarentzako estatus berri baten beharra aldarrikatuz. Eba Blancok adierazi du EAJ «bi uren artean» ikusten duela eta PSEri gogoratu dio erabakitze eskubidearen aurkako bere pozisioa gutxiengoarena dela.

Zornotzan ospatu dute Alkartasun Eguna. (EUSKO ALKARTASUNA)

Eusko Alkartasunak Alkartasun Eguna ospatu du Zornotzan egindako ekitaldi politikoarekin. Eba Blanco alderdiaren buruak adierazi du EAJ «bi uren artean» dagoela eta PSEri gogorarazi dio erabakitze eskubidearen aurkako bere jarrera «gutxiengoarena dela». Ospakizuna baliatu dute Nestor Basterretxea artista eta alderdikide bermeotarra omentzeko, bere jaiotzaren mendeurrenean.

Zornotzako Zubiondo parkean egin duten ekitaldian ehun afiliatutik gora izan dira eta Nazio Zuzendaritzako eta Kontseilu Nazionaleko kideek hartu dute parte. ‘Ekin etorkizunari’ izan da aurtengo topaketaren leloa.

Eba Blanco Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak nabarmendu du «zume demokratiko nahikoa» dagoela «estatus berri bati buruz hitz egiteko, Estatuarekiko harreman eredu berri bati buruz aritzeko, non euskal gizarteak bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko duen eskubidea aitortuko den».

Blancok azpimarratu duenez, estatus berria «beharrezkoa da, Gernikako Estatutua bete ez den 45 urteko esperientziaren ondoren». Izan ere, eskumenak «Madrilek nahi izan duenean edo gobernua premia-egoeran egon denean bakarrik transferitu dira, baina ez hitzartutakoa betetzeko borondate politikoa zutelako».

EAko buruak adierazi duenez, estatus berriak «Estatuarekiko harreman eredu berri bat izan behar du, non bermeak egon behar diren hitzartutakoa betetzeko eta euskal gizartearen borondatea errespetatzeko».

Hala ere, zalantzak agertu ditu EAJk Gasteizko parlamentuan erabakitzeko eskubidea defendatzeko duen borondatearen inguruan. Jeltzaleak «bi uren artean» eta «eskuak eta oinak lotuta» daudela adierazi du, PSOErekin dituzten gobernu itunen ondorioz. «Argitu eta frogatu behar dute, unean uneko adierazpenetatik harago, erabakitzeko eskubidea aurrera eramateko prest dauden edo eskumenen inguruko eztabaida hutsa izatea nahi duten», nabarmendu du Blancok.

Halaber, erabakitzeko eskubideak euskal jendartearen babes zabala duela adierazi du EAko idazkari nagusiak. «Inkesta ugarik beti nabarmendu dute. Azkena aste honetan aurkeztutako Naziometroak. Bertan berresten da euskal gizartean badagoela gehiengo esanguratsu bat, hain zuzen ere, %60tik gorakoa, erabakitzeko eskubidea babesten duena», gaineratu du.

Horren harira, Blanco akordio zabalen alde agertu da, baina «posizio minoritarioei beto eskubidea» eman gabe. «Hori guztiok argi izan behar dugu, bereziki PSEk eta Andueza jaunak, askotan ahazten baitute gutxiengoa direla», gaineratu du.

Basterretxeari omenaldia

Alderdiak gaurko eguna aprobetxatu du Nestor Basterretxea artista omentzeko. Azken hilabeteotan hainbat erakundek egin duten bezala; izan ere, Basterretxea euskal artistarik unibertsalenetakoa da, eta alderdiko afiliatua izan zen 2014an zendu zen arte.

Blancok «nazio minorizatu eta Estaturik gabeko gisa erreferente propioak izateko dugun beharra» azpimarratu nahi izan du, Basterretxea adibide gisa jarrita. Artistaren semeak jaso du oroigarria sendiaren izenean, hots, 1987ko Eusko Alkartasunaren kongresu eratzailerako egindako diseinuan oinarritutako pieza.