INFO

Zapore gazi-gozoa geratu zaio Izeta VI.ari Euskal Pentatloia laugarrenez irabazi ostean

Aiarrak erakustaldia eskaini zuen aizkorako probara iristerakoan eta 30:53ko denborarekin, minutu eta bi segundo hobetu zuen bere markarik onena. Hala ere, Izetaren nahia 30 minutu azpitik bukatzea zen. Xabat Olaizola bigarren izan zen, 55 segundora, eta Beñat Telleria, hirugarren, 2:56ra.

Euskal Pentatloiko podiuma, Izeta VI.a erdian dagoela.
Euskal Pentatloiko podiuma, Izeta VI.a erdian dagoela. (Gorka RUBIO | FOKU)

Azpeitiko zezen plazak giro aparta jaso zuen larunbat gauean Euskal Pentatloiaren finala jasotzeko. Urte bateko geldialdia izango du proba honek 2026ko edizioan indarberrituta eta aurpegi berriekin itzultzea, baina bertan, Andoni Iruretagoiena "Izeta VI".ak beste marka ikusgarri bat lortu zuen: Euskal Pentatloia irabazi zuen laugarrenez, 30:53ko marka eginda. Halaber, aiarrak minutu eta bi segundo hobetu zuen bere markarik onena.

Irazabal, Zaldua eta Telleria IV.a lehiatu ziren lehen txandan, eta Telleria izan zen nagusi. Ondoren, Gisasola, Olaizola eta Iruretagoiena atera ziren. Izeta VI.ak ez zuen parekorik izan aizkoran, ihes egin zien aurkariei, eta txapela lortu zuen laugarrenez.

Kirolariak harriarekin hasi ziren: 100 kiloko harriari 25 altxaldi eman behar zizkieten, eta bertan Xabat Olaizolak Andoni Iruretagoiena Izetak VI.ak baino 28 segundo azkarrago eman zizkion.

Ondoren, 400 kiloko harriarekin bi plaza egin behar izan zituzten, eta zarauztarrak 29 segundoko tartea lortu zuen. Espero bezala, hurrengo probak aldatu zuen egoera eta Izeta VI.ak aurre hartu zuen hiru kanaerdikoak ebakitzerakoan. Xabat Olaizola iaz hasi zen aizkoran eta esperientzia falta hori ordaindu zuen. 1:51ko tartea zabaldu zuen garaileak.

Laugarren proban, 100 kiloko txingekin sei plazak osatu zituenean, aiarrak iazko denbora dezente hobetu zuen, 1:53eko denboran. Izetaren nahia 30 minutu azpitik bukatzea zen, baina korrika hasi orduko konturatu zen ezinezkoa izango zela.

«Hasieran asko jo dut, Xabati estutzeko ere, eta gero garesti ordaindu dut. Asko asko sufritu dut, negargurea nuen... gaizki gaizki…» adierazi zuen helmugan txapeldunak.

Hala ere, aiarrak minutu eta bi segundo hobetu zuen bere markarik onena eta inork lortu ez duena lortu du: Pentatloia lau aldiz irabaztea. Xabat Olaizola bigarren izan zen, 55 segundora, Beñat Telleria, hirugarren, 2:56ra, eta Irazabal izan zen laugarren, 4:26ra.

Nahiz eta zapore gazi-gozoarekin amaitu, Andoni Iruretagoiena "Izeta VI".ak badaki zer lortu duen: «Palmaresean aurrena geratuko da, horrekin geratuko naiz eta pozik».