INFO

Athleticek «aurpegi onarekin» abiatuko du Europako ibilbidea

Ligako azken hiru partidak jarraian irabazi ondoren, zuri-gorriak indartuta joango dira Erromara. Nico Williamsek, Yurik eta Agirrezabalak min hartu duten arren, Valverdek hamaikakoetan egindako aldaketek emaitzen babesa jaso dute eta taldeak aste biribila izan du.

Athleticeko jokalariak Celtaren kontrako partida hasi aurretik. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

«Ez dut gogoratzen horrelako aste bat, non Ligako hiru partida dituzun eta hirurak irabazten dituzun». Ernesto Valverdek hitz horiekin aitortu zuen Athleticek azken bederatzi puntuak jarraian lortzeak duen garrantzia. Gaineratu zuenez, «Europako txapelketaren hasierari aurpegi onarekin aurre egiten laguntzen digu horrek». Izan ere, sei urteren ondoren, Erroman arituko da Athletic ostegun honetan.

Celtari irabazi ondoren, joan den astea «funtsezkoa» zela esan zuen Valverdek. Onartu zuen Las Palmasera «estu samar» iritsi zela taldea, irabazteko beharrarekin. Gogora ekarri behar da Atleticoren kontra partida hondarrean galtzeak min egin zuela. Valverdek esan zuenez, bi astez azken jokaldiaren inguruan «hausnartzen» egon ziren Lezaman. Lehen lau jardunaldietan lau puntu batuta, sailkapenaren erdialdean joan baitzen taldea etenaldira.

Horregatik, Kanariar uharteetan irabaztea «ezinbestekoa» zen, eta aho zapore gozoa utzi zuen garaipenak (2-3). Zuri-gorriak lehen zatian nagusi izan ziren erasoan, eta bigarrenean hamar jokalarirekin emaitza defendatu zuten. Hala, taldeak erakutsitako «ofizioa eta elkartasuna» azpimarratu zituen entrenatzaileak.

Aurrelarien lehen golak

Sancetek maila bikaina eman du liga hasieratik, baina erasoko gainontzeko jokalariak golik egin gabe heldu ziren bosgarren jardunaldira. Hiru gol bakarrik zeramatzan, eta zortzi egin ditu azken hiru partidetan. Etxetik kanpo lortutako lehen garaipenan Nico Williamsek denboraldiko lehen gola egin zuen, eta Iñakik hiru pase erabakigarri eman zituen.

Bederatzi zenbakia soinean daraman aurrelariak Leganesen egin zuen lehen gola. Zuri-gorriek 0 eta 2 irabazi zuten, bigarren zatian erabaki zen partida zaila. Ate aurrean talde eraginkorragoa izan zelako lortu zuten bigarren garaipena etxetik kanpo.

Erasoan talde sendoa daukala erakutsi zuen Athleticek. Celtaren aurka San Mamesen erdietsitako garaipenean ere antzeko irakurketa bat egin daiteke. Galiziarrak nagusi izan ziren hainbat unetan, baina zuri-gorriek kolpe irmoak emanez erantzuten zuten. Horren erakusgarri Guruzetak egindako golak. Lehenengoan, Minguezak min hartu zuela baliatu zuen Williamsek ihes egin eta erasoan zuloa irekitzeko. Bigarrena, aldiz, Celtak partida berdindu eta zuri-gorriak ezinean zebiltzanean heldu zen.

Aurrelari donostiarrararen denboraldiko lehen golak izan ziren. Iaz 16 gol sartu ondoren, zazpigarren partidara arte itxaron behar izan du ate aurrean asmatzeko. Djalok ere estreinako gola egin zuen, eta partida amaiera lasai hartu ahal izan zuen taldeak.

Guruzetak denboraldiko lehen golak egin zituen Celtaren aurka. (Oskar MATXIN EDESA / FOKU)
Guruzetak denboraldiko lehen golak egin zituen Celtaren aurka. (Oskar MATXIN EDESA / FOKU)

Bederatzi puntu jarraian lortu ostean, guztiz ezberdin begiratzen zaio etorkizun hurbilari. Ligako sailkapenaren goiko postuetan kokatu da Athletic. Hain zuzen, hirugarren tokian, gainontzeko aurkariek baino partida bat gehiago jokatu duten arren. Lehia guztiak irabazi dituen Bartzelona, eta Real Madril bakarrik daude zuri-gorrien gainetik.

Horrez gain, Valverde minutuen banaketa orekatu bat egiten ari da eta aldaketa ugari egin ditu hamaikakoetan. Jokabide horrek emaitzen babesa jaso du. Nico Williamsek, Yurik edo Agirrezabalak min hartu duten arren, taldeak edozein jokalari ordezkatu dezakeela erakutsi du. Hala ere, badirudi, Erroman jokatzeko aukera izan dezaketela. Unai Simonek eta Yerayk, berriz, lesionaturik jarraitzen dute.

Bestalde, talde italiarra azken partida irabazita helduko da. 3 eta 0 gailendu ziren Udineseri. Dovbyk aurrelari ukraniarrak egin zuen lehen gola, eta Dybala argentinarrak penalti bidez egin zuen bigarrena. Oier Zarraga zuri-gorri ohia, berriz, jokatu gabe geratu zen. Iaz bi gol egin zituen ligako 15 partidatan, eta denboraldi honetan bi norgehiagokatan parte hartu du.

Azkenik, Italiako Lehoiak Athleticen peñak oharra zabaldu du sare sozialetan Erromara joango diren hiru mila zale zuri-gorriei zenbait gomendio emanez. Era berean, Piazza del Popolon izango dela ostegunean elkartzeko tokia jakinarazi dute. Hitzordua 14.00etatik aurrera izango da.