INFO

Egungo gizartearen erradiografia gordin bat ‘On falling’ filmean

Biltegi handi bat, ehunka langile erabateko egoera prekarioan. Hori du Laura Carreira zuzendariaren ‘On falling’ filmak abiapuntu, eta pertsonaia nagusi den Auroraren barne gatazkak bere azalean jarriko du ikuslea, bizitzen ari denarekin enpatizatuz.

‘On falling’ filmeko lan taldea argazkian. (Idoia Zabaleta | FOKU)

Filmak irauten duen 104 minutuetan Joana Santosek gorpuztutako Aurora pertsonaiaren barne korapiloa sumatzen du ikusleak ere sabelean. Egungo gizarte modernoaren gaitzen erradiografia zehatza eta sotila egiten du Laura Carreira zuzendari portugaldarrak: prekarietatea, bakardadea, etxebizitzaren auzia, ustezko arrakasta irudikatu beharra, alineazioa, osasun mentala… Bizi garen gizarte kapitalistan erorketa baten bultzatzaile nagusiak izan daitezkeenak, azken batean. «Ez genuen soilik esan nahi protagonistaren lana zein txarra den edo alderdi ekonomikotik izan ditzakeen zailtasunak, existentzialagoa izatea nahi genuen, zein kostu dauka horrela bizitzeak? hori galdetu nahi nion ikusleari», zehaztu du Carreirak.

Eskoziako biltegi handi batean egiten du lan Aurorak, lantokiko lan mekanikoak eta hilabete amaieran justu justu ordaintzen duen pisu partekatuko bakardadeak irensten du. Nor den eta zer nahi duen zalantza egiteraino tentsioa eta enpatia landu ditu Carreira gidoilari eta zuzendariak bere lehen lan luzean.

Egungo gizarte kapitalistaren kritika egiten du, errealitateko ekintza eta xehetasun txikietan arreta jarriz. Esate baterako, hedabideen aurrean egindako agerraldian azaldu du zuzendariak Eskozian grabatua dela, baina «anonimoa» dela aldi berean: «Pertsonaia etxean bizi da, baina baita biltegian ere, eta erakutsi nahi izan dugu zer nolako deskonexio maila duen hiriarekin». Carreira bera, hiri berean bizi izan zen eta sumatzen zuen deskonexio hori ere islatu nahi izan du.

Gordina bezain epairik gabea

Epairik gabe lan egiteko apustua egin du lan taldeak era berean, beraien iritziz oso garrantzitsua baitzen «adeitsua» izatea, «zenbaitetan ilunegiak izaten dira horrelako filmak, eta pertsonaiak errudun egiten dituzte. Kasu honetan, pisukide eta lankideek ere ahal duten guztia egiten dute protagonistari laguntzeko, baina egiazki gertatzen dena da ez dutela denborarik elkar ezagutu eta zaintzeko».

Film politiko eta sozial bat da beraz, eta Carreira argi mintzatu da horren inguruan: «Erantzukizuna eta ardura bat dugu gizarte honekiko, eta heldu behar zaio, zenbaitek ekidin egiten dute, baina ez dugu ahaztu behar hori ere hautu politiko bat dela».

Aurorak, batez ere otorduetan, etengabe du mugikorra eskuan, eta horren inguruan galdetuta zuzendariak argitu du Auroraren «lagunik onena» dela: «Telefono mugikorrak gero eta zailago egiten du besteekin harremantzea, deskonexio hori eragiten du. Eta hori, guztiok egunero egiten dugu».

Santos aktoreak azaldu du protagonista prestatzeko unean, testuaz gain, bere ibilerak landu zituela batez ere. «Ni ere bakarrik bizitzen hasi nintzen apartamendu batean, eta Aurorak duen isiltasun hori barneratzea lortu nuen», nabarmendu du.