Awa Fam erauntsiak aurretik eraman du Araski Euskal Koparen aurreneko jardunaldian
Lehenengo laurdenean 14-28 aurrea hartu du Lointek Gernika Bizkaiak eta handik aurrera, Valentzia Basketek utzitako pibotaren bitartez, Lucas Fernandezen taldeak bikain kudeatu du bere aldea Maxuella Lisowa-Mbaka hegalekoak 28 puntu sartu arren. Neurketa azkenean 64-84 amaitu da bizkaitarren alde.
Oraindik 18 urte baino ez ditu baina dagoeneko Euroligan ere eskarmentua badauka eta denboraldi hau, Valentzia Basketek lagata, Lointek Gernika Bizkaiaren elastikoarekin emango du. Awa Fam du izena, 1,92 metro neurtzen ditu pibot espainiarrak eta Emakumeen Euskal Koparen aurreneko jardunaldian erauntsi baten modura pasa da Beasaingon Antzizar kiroldegian: 15 puntu, 9 errebote eta 22ko balorazioa gernikarrek Kutxabank Araskiren aurka 64-84 lortu duten garaipenean.
Aurreneko laurdenean erabaki da neurketa, egia esan, Lucas Fernandezek zuzentzen duen taldea 14-28 aurreratu baita. Ez da talde bizkaitarrean 10 puntura iritsi den jokalari bakarra izan, Taylor Ann Mikesellek ere 15 puntu sartu baititu, 13 Kendra Cheryk, 11 Laura Westerikek eta 10 Itziar Ariztimuñok. Partidako saskiratzaile nagusiena, ordea, berdez jantzita aritu da: Maxuella Lisowa-Mbaka, 28 punturekin. Alabaina, hegaleko belgikarra ia laguntzarik gabe aritu da; 11 puntu Natalia Rodriguezek, 8na Laura Aliagak eta Sami Hillek, eta ia ia akabo.
«Partida nahiko ona jokatu dugu, baina tarteka kontzentrazioa ere galdu dugu eta akats horiek konpondu behar ditugu», laburbildu du Itziar Ariztimuño Lointek Gernika Bizkaiako antolatzaileak.
Saiatu da, izan ere, Kutxabank Araski partidan sartzen, bere hegaleko izarraren bitartez batik bat. Bigarren laurdenean jokoari sendoago ekin dio, baina ohikoa duen eran, arrisku asko hartu ditu Madelen Urietaren taldeak eta behar baino baloi gehiago galdu ditu. Horrez gain, jaurtiketan ez dira finegi aritu gasteiztarrak eta hor uztaipean ez da Awa Famen parekorik izan.
«Taldeak gorabeherak izan ditu erasoan. Araskik tarteka bosteko oso txikiak atera ditu eta ez zen erraza behar bezala moldatzea, baina behintzat defentsan sendo aritu gara. Taldea oraindik bere burua eraikitzen ari da, baina gauzak behar bezala eraiki eta egiteko unea da guretzat. Lehiaketaren bitartez hobetzen eta hazten joatea zen gure asmoa eta lortu dugulakoan nago», gaineratu du Lucas Fernandezek.
Atsedenaldira 34-46 iritsi da partida, baina Lointek Gernika Bizkaiak, bere entrenatzaileak azpimarratu duen defentsa sendo horri esker, ez dio hurbiltzen laga Kutxabank Araskiri. Egia da Elena Buenavida edo Irati Etxarri bezalako jokalariek ez dutela beren egunik finena izan saskira begira, baina aldea beti 10 puntuen langaz goitik mantendu dute bizkaitarrek, gasteiztarren saiakerak saiakera.
Emakumeen Euskal Kopak ostiralean izango du segida: Lointek Gernika Bizkaia eta IDK Euskotren neurtuko dira Antzizar kiroldegian, 19.00etan hasita. Pasa den zapatuan Josean Gasca pabiloian lagunartekoa jokatu zuten eta orduko hartan donostiarrak nagusitu ziren, luzapenean 69-63 irabazita talde gernikarrari.