Berrasmatze prozesuaren lekuko
‘MUGARITZ, SIN PAN NI POSTRE’
Estatu espainairra, 2024. 95 minutu. Zuzendaria: Paco Plaza. Gidoia: Paco Plaza, Mapa Pastor. Argazkia: Adrian Hernandez. Musika: Mikel Salas.
‘The Bear’, ‘Julia’, ‘Master Chef’, ‘Chefs Table’, ‘Boiling Point’… Ikus-entzunezkoen mundua eta sukaldaritzaren unibertsoa uztartu eta milioika ikusle harrapatzeko formula egokia dela ohartu direnetik, ehunka proposamen sortu dira azken urteotan; bai fikzioan, bai dokumentaletan eta jakina, baita reality show-en mundu eztabaidagarria ere.
Ez dakit zer duen gastronomiak, baina pantailan jendea kozinatzen –eta jaten- ikusteak erlaxatu egiten nau. Hipnotizatua geratzen naiz platerak nola konposatzen dituzten ikusten eta sukaldaritzarekin lotura duten ia saio guztiak irensten ditut. Hemen ere antzeko zerbait gertatu zait.
Baserri zahar batean kokatua eta bi udalerriren (Errenteria eta Astigarraga) banalerroan Andoni Luis Adurizen Mugaritz jatetxe ezaguna aurkitzen da. Lan egiteko prozesuari dagokionez badu bereizgarri nagusi bat: hilabetez sormenean murgiltzeko jatetetxea itxi egiten dela ‘Mugaritz. Sin pan ni postre’ pelikulak hilabete horietan zehar egiten den lana erakutsiko du.
Ez da Andoni Luis Aduriz sukaldariari buruz egin den lehen dokumentala –‘La cocina de las palabras’ izeneko bat ere badago adibidez–, baina aurrekoarekin alderatuta hemen lantaldearen ikusgarritasuna askoz ere handiagoa da, ez da Adurizen izena hainbeste goresten. Are gehiago, Aduriz, dokumentala promozionatzeko amu nagusia den arren, pantailan duen presentzia ez da oso nabarmena. Gustatu zait, ezin hobeto islatzen duelako platerak sortu eta konposatzerako orduan langileen egunerokoa eta lana nolakoa den.
Baina erlaxatu eta ordu eta erdiz gozatzeaz harago, lan honetan ez dut ezer berezirik edo gehigarririk topatu. Aski ezaguna da maila honetako sukaldeetan bizi den estres maila. Baita egoten diren tirabirak edo tentsio uneak ere; bada hemen, dirudienez, ez da halakorik gertatzen, zentzu horretan «zuriegia» iruditu zait. Baliteke dokumentala grabatu den denbora tartean halakorik ez gertatzea, baina kosta egiten zait sinestea egia esan.
Bestalde, Paco Plaza zuzendaritza lanetan aritu dela kontuan izanda, ekarpen zinematografiko handiagoa espero nuen, nortasun gehiago, baina nahiko eszenaratze arrunta iruditu zait; oso txukuna eta akatsik gabea baina oso konbentzionala. Gehien gustatu zaidana kamera organikoki mugitzen dela da eta oso gertuko planoen aldeko hautua egin dutela; oso erabaki ona irudi zait, izan ere, honi esker, protagonista guztiekin konektatzen dugu, oso gertu sentitzen ditugu eta uneoro identifikatzen gara beraiekin. Gainera, bertan gertatzen diren elkarrizketak guztiz sinesgarriak eta oso egiazkoak dira. Umorerako tartea ere badago.
«Ogirik gabe eta postrerik gabe» dio filmaren leloak. Bada amaieran hori bota dut faltan, postrea; jatetxeko ateak ireki eta filmean zehar ikusi ditugun plater horiek jendeak nola dastatzen dituen ikustea, publiko «arruntaren» erreakzioa alegia.
Sukaldaritzaren mundua maite baduzu ‘Mugaritz. Sin pan ni postre’ jaki gustagarria irudituko zaizu; zinemaren ikuspegitik ordea, balio erantsirik eskaintzen ez duen lana iruditu zait, nahiko arrunta.