Mila boluntario, Pirritx, Porrotx eta Marimototsi omenaldia... dena prest Kilometroak jairako
Dena prest dago Azpeitian heldu den urriaren 6an ospatuko den Kilometroak jairako. Lau gune, mila boluntariotik gora, adin guztientzako eskaintzak eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsi omenaldia izango dira, besteak beste.
Urriaren 6an ospatuko da Kilometroak jaiaren aurtengo edizioa Azpeitian, ‘Izpiz izpi’ lelopean. Hamar egunen faltan, Gipuzkoako ikastolen festaren xehetasun guztiak eskaini dituzte ostegun honetan Ikasberri Ikastolan eskaini duten agerraldian. Bertan izan dira Alaitz Perez de Arenaza Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakaria, Gorka Artola aurtengo edizioaren koordinatzailea eta Alaitz Epelde ikastolako Artezkaritzaren ordezkaria.
Azaldu dutenez, urriaren 6an Azpeitira hurbiltzen direnek lau gune izango dituzte, adin guztientzako moduko ekintza eta ikuskizunekin. Goizetik hasita, gazteentzat Erronka probak izango dira ibilbide osoan zehar, txikienentzat jolasak, puzgarriak, tailerrak... Kale antzerkia, magia, karaokea, yoga, kapoeira eta beste hainbat saio ikusi eta parte hartzeko aukera ere izango da, baita hainbat musika talderen kontzertuak ere.
Jatekoa eta edatekoa ez dira faltako ibilbide guztian, eta bazkaltzeko 600 lagunentzako jangela ere prestatuko dute ikastolako gimnasioan.
Omenaldia Pirritx, Porrotx eta Marimototsi
Aurtengo edizioa «berezia» izango dela ere nabarmendu dute, izan ere Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei omenaldia egingo diete, «bete-betean bat egiten dutelako aurten lantzea erabaki dugun hiru ardatzekin: euskara, kulturartekotasuna-aniztasuna eta herrigintza». Hala, urte hauetan guztietan «uskal gizarteari egindako ekarpena» aitortu eta eskertu nahi diete Kilometroak jaian.
Bestalde, eraso matxistei aurre egiteko protokoloa ere osatu dute, herriko Emakume Txokoarekin eta Azpeitiko Udalarekin elkarlanean. «Kilometroak tratu onen aldeko eta eraso matxistarik gabeko jaia izatea nahi dugu. Hau bermatzeko eta Kilometroetara bertaratuko diren guztiak sentsibilizatzeko, gune bakoitzean puntu more bana egongo da», esan dute.
Aniztasun funtzionala dutene pertsonei ere deia egin diete Azpeitira bertaratzeko. Atzegi eta Marea Urdinarekin elkarlanean, ‘Pase Azkarrak’ egongo dira eskuragarri beharra duten pertsonentzat; horiekin lehentasuna izango dute Kilometroetan antolatuko diren ekintzetan parte hartzeko eta baita ilarak sortzen diren eremuetan sartzeko ere.
Horretaz gain, bi gunetan –3.gunean, ikastolan eta 1.go gunean plazan–, ‘Gune lasaiak’ egongo dira beharra duten familiak lasai egoteko.
Antolatzaileei garraio publikoan joateko deia ere egin dute eta, batez ere, euskara «erruz» erabiltzeko «ibilbidean, kontzertuetan, txosnetan, lagun artean eta ahal duzuen guztietan».
«Azpeitia arnasgunea da euskararentzat, eta Kilometroak jaia ere euskaltzale guztientzako arnasgune izatea nahi genuke», nabarmendu dute.