INFO

“Odissea Borealis” sortze-lana ekarri du 35 eguneko abenturak

Matteo della Bordella, Silvan Schüpbach, Alex Gammeter eta Symon Welfringerrek 1.200 metroko eta, gehienez, 7b zailtasuneko bide hori zabaldu dute. Bidaia horretan 450 kilometro kayak bidez egin dituzte.

Abentura horretan, eskalatzaileok 450 kilometro egin zituzten kayakean. (Symon WELFRINGER)

Groenlandiako hormatzarretara hurbiltzea ez da huskeria. Jakina, bitarteko garbiekin egiten bada. Eskuarki, eskalatzaileek helburu horretara egiten duten hurbilketa abentura handi bat bihurtzen da. Horrez gain, jakin badakite uharte erraldoi, zorrotz eta hotz horretako eguraldi txarra, izotza eta elurra, hartzen zein moskitoen “mehatxua”… jasan beharko dituztela. Alabaina, ezusteko horiek ez dituzte atzera botatzen.

Joan den udan hainbat taldek bisita egin diote Groenlandiari. Guk dakigunez, bederen, sona handiko hiru espedizio izan dira, eta horien berri emango dugu atalez atal. Horietako batek honako protagonistak izan ditu: Matteo della Bordella, Silvan Schüpbach, Alex Gammeter eta Symon Welfringer. Guztiak ala guztiak eskalatzaile eta alpinista oso zailduak.

Bada, 35 eguneko espedizioan, laukote horrek 450 kilometro egin zituen kayak bidez. Gogora dezagun zirkulu polarrean nabigatzen izan direla, eta alpinistok diote ozeano horretan iragarritakoa baino izotz askoz ere gehiagorekin topo egin zutela. Adibidez, fiordo asko ibilgaitzak ziren. Egoera hori ikusita, erronka atzeratzea erabaki zuten, urtze-aldia iritsi arte. Nahiz eta izotzezko bloke erraldoien labirintoan barrena arraun egitea oso zaila eta arriskutsua izan zen, eskalatzaileok fiordo egoki batera heldu ziren. Itsaso bertatik altxatzen den Droneren izeneko horma handira iritsi ziren. 1.200 luze da eta ukitu gabe zegoen.

Euriteak, elurteak, haizeteak… denetarik izan zuten. Horrek guztiak murru hori igotzeko zenbait ekinaldi zapuztu zituen. Baina egoera lasaitasunez hartu eta, azkenean, “Odissea Borealis” bidea sortzeko aukera izan zuten. 7b maila du marraren giltzak; gainera, protagonistek baieztatu dute oso psikologikoa dela. Plaka oso teknikoa da eta pecker oso txarrekin babestuta. Oro har, zailtasunean iraunkorra da, eta 35 luze horietan 7a/+ mailako artesi eder asko zituzten.

Estrategiari buruz, den-denek txandaka eskalatu zuten sokaburu. Batzuetan luzeak era askean sinatu zituzten guztiek; beste batzuetan, aldiz, soilik sokaburua saiatzen zen, ahalik azkarren joatearren. Bidearen giltza Schüpbachek zabaldu eta kateatu zuen. Della Bordellak ere era askean igo zuen, baina ez sokaburu. Welfringerrek, berriz, flash eran arrakasta lortu zuten; Gammeterrek aseguratu zuen. Artesiei dagokienez, eskalatzaileok diote den-denak bistan igo zituztela. Eta gehitu ere, horman ez zutela tresneriarik utzi. Soilik bileretan.

Bordella, Schüpbach, Gammeter eta Welfringerrek espedizio ederra egin dute. (Symon WELFRINGER)

Laburbilduta, horiek dira laukote horrek Groenlandian egin duen espedizioaren lerroburu nagusiak. Welfringerrek dio inoiz bizi izan duten eskarmentu handienetakoa izan dela: arriskutsua, fisikoa, teknikoa eta arrakastatsua. Frantziarrak berak azalpen gehiago emango dizkigu aipatutako esperientzia horren inguruan.

35 egun

«Kayakez eginiko bidaia ez zen batere samurra izan. Gogor saiatu behar izan genuen itsasertzaren hegoaldean dagoen Murru Handira iristeko. Eguraldiaren eta itsasoaren baldintza eskasek ez ziguten lagundu. Aurten inoiz baino izotz gehiago egon da; azken 20 urteotako kantitate handiena. Izozmendi ikaragarriek igarobide asko blokeatuta zituzten. Alabaina, nabigatzen egun ederrak igaro genituen, eta hormaren ondoan zegoen fiordora pixkaka hurbiltzen hasi ginen.

«Uharte txiki batera iristen ari ginenean, ekaitz batek harrapatu gintuen. Leize batean aterpetu ginen. Eguraldi iragarpenak txarrak ziren, baina ez genituen hain gogorrak espero: 100 km/h haizeteak, euria etenik gabe… Blai eginda geratzen ginen. Horrek babeslekuetan arropa lehortzera behartzen zigun.

«Hamar egun intentsoen ondoren, helmugara heldu ginen. Izan genituen baldintzak kontuan hartuta, kayakez nabigatzea egundoko erronka izan zen. Kokalekua zein hormaren balizko ibilbidea aukeratzea izan zen hurrengo urratsa. Horma 1.200 eta 1.400 metro artekoa zirudien. Eskaladari dagokionez, astebeteko lana iruditu zitzaigun.

«Hezetasuna eta euri txikia kanpalekuan ezarri ziren. Eskaladari dagokionez, lehen astebetea nahiko “lehorra” izan zen; hots, progresio gutxi egin genuen. Egun garbiak aprobetxatu eta 500 metro igo genituen. Bitartean, hurrengo ekinaldiak eraginkorrak izateko egun horietan luze batzuk garbitzen ibili ginen. Erraldoia zen horma, baina zailtasuna ez zen muturrekoa; ez ziruditen zazpigarren mailatik gorakoak zirenik. Artesi zuzenak eta plaka teknikoak nahasten ziren.

«Mila metrora eginiko elurrak gure pazientzian eragina izan zuen. Zain geunden leiho on bat iritsiko ote zen. Hiruzpalau egun behar genituen, ukitu gabe zegoen pareta handi hori igotzeko. Espedizioaren hogeita seigarren egunean, abuztuaren 19an, Silvanen urtebetetzea ospatu genuen. Opari eder batekin itzuli ginen kanpalekura. Hots, helburu bat bete genuen. Eguraldi txarrarengatik hiru ekinaldi egin eta gero, arrakasta lortu genuen.

«Lehenbiziko saialdi horretan, elurrak horma osoa estali zuen. Horrez gain, izotzak artesi guztiak blokeatu zituen. Ondorengoan, haizete bortitzek atzera egitera behartu ziguten. Sokekin ere, ezustekoren bat izan genuen; harkaitz batek horietako bat ebaki zuen.

“Odissea Borealis” bide berria. (Symon WELFRINGER)

«Etxera itzultzeko data gainean genuen, baina hirugarren eta azken ekinaldi bat egitea otu zitzaigun. Hotz handia egiten zuen, eta, horren ondorioz, paretan eginiko bibakak ez ziren batere atseginak izan. Hala eta guztiz ere, eskalatzeko baldintzak onak izan ziren. Progresio ona generaman, eta, azkenean, 1.200 metro eta 35 luze igo ondoren, gailurrera iritsi ginen. Ikuspen ikaragarria! Ozeanoa, izotz puskak… infinituan galtzen ziren. Irekitako ibilbidea rappelatu eta prest ginen gure kayakak antolatu eta itzulera bidaia egiteko.

«Bi aste lehenago hartz zuri bat ikusi genuen kanpalekuaren ingurumarian. Lasai zirudien eta ez zen gehiegi hurbildu. Baina etxera itzultzeko gertu ginela, berriro agertu zen. Asko hurbiltzeaz gain, jarrera oldarkorra izan zuen. Tiro batzuk airera bota, garrasi egin eta alde egin zuen. Nolanahi ere, azken egun horietan erne egon ginen. Hiru orduko txandak egin genituen gauero.

«Abuztuaren amaieran geunden. Kayakez itzultzea gogorra izan zen oso; hilabeteko espedizioaren nekea pilatu zen. Zorionez, itzulera askoz ere atseginagoa izan zen. Egoera hori gustuko dut: ahulduta eta nekatuta. 35 egun horietan Groenlandiako handitasunak eta edertasunak harrapatu ninduten. Askatasun efimeroa da. Egunerokotasunera itzultzea shock bat bezalakoa da. Ekaitzak, aurora borealak, hartzak… abentura horren osagaiak izan dira».