INFO

Peio Etxeberria eta Rezusta, San Mateoko txapeldun distiratsu

Bergarako atzelariak sekulako erakustaldia eman du eta 22-12 menderatu dituzte Zabala eta Zabaleta. Rezustak bosgarren aldiz irabazi du Logroñoko torneoa.

Sari banaketaren unea. (ASPE)

Peio Etxeberriak eta Beñat Rezustak ongi merezita irabazi dute San Mateo Torneoaren finala, 6-11 galtzen ari ziren partida irauli eta Zabala-Zabaletaren aurka 22-12 nagusituz. Apostuak nabarmen urdinen alde zeuden arren, gorriek lan bikaina egin dute eta aspaldiko Beñat Rezusta distiratsuenaren eskutik garaile irten dira.

Nabarmentzekoa da Bergarako atzelariak Adarraga pilotalekuarekin daukan maitasun istorioa. Rezustak bost aldiz jokatu du Logroñoko torneoaren finala, bostak irabazi ditu, eta lautan pilotari onenaren saria jaso du. «Gustuko frontoia da, bai. Pilota ibiltzen den moduagatik-edo, hemen oso eroso sentitzen naiz. Gogoan dut gaizki irtendako torneoaren bat ere, baina orokorrean oso ongi jokatzen dut hemen eta gustura etortzen naiz. Gustuko frontoien zerrendan oso goian dago», adierazi du bergararrak partidaren ostean.

Izan ere, neurketa guztian eman du maila bikaina, baina deigarriena azken txanpan erakutsi duen freskotasuna izan da. Gogoratu behar da Rezustak aurre-kanporaketa bat jokatu behar izan zuela, min hartuta amaitu zuen Dariorekin, eta ozta-ozta 21-22 irabazita sartu ziren ligaxkan. Ondoren, Peio Etxeberriarekin, ligaxkako bi neurketak 19-22 eta 18-22 irabazi zituen, lan asko eginda. Gaurko finala ere gogorra izan da, erritmo oso bizian jokatua. Baina, hala ere, ikustekoak izan dira azken txanpan jo dituen ezkerkadak, pilota behin baino gehiagotan erreboteko zuloan sartuz. Guztira zortzi tanto egin ditu eta pilota bakarra galdu.

Urdinen hasiera indartsua

Finalaren lehen erdian, ordea, urdinek ezarri dute jokoaren erritmoa. Egia da Peio Etxeberriak sekulako hasiera eman diola norgehiagokari, hiru tanto eder sinatuz eta markagailuan 3-0 aurreratuz, baina apurka-apurka urdinen kolpea nagusitzen joan da. Zabaletak pilotakada bikainak jo ditu atzean eta Zabalak ere oso inspiratuta ekin dio demari. Naxerako aurrelariak, bere urtebetetze egunean (27 urte), zortzi tanto eginak zituen markagailuan 6-11 aurreratu direnerako. Pilotazale errioxarrak majo gozatzen ari ziren leporaino bete dituzten harmailetan eta bazirudien haien ametsetako gidoia betetzeko bidean zela.

Baina lortutako tanto horietako bakoitza lan asko eginda bereganatu behar izan dute Zabalak eta Zabaletak, kolpez gutxixeago izan arren lanerako kaskagogorkerian parekorik ez dutelako Peio Etxeberriak eta Rezustak. Eta partida gogortzen joan ahala, nekea gehiago nabaritu dute urdinek. Lehenik Jose Javier Zabaleta izan da bere egunik onenetan galtzen ez dituen pilota batzuk eraman gabe utzi dituena. Ez dira huts ikaragarriak izan, baina nahikoak markagailua apur bat parekatu eta joera aldatzen hasteko.

Eta ondoren Zabalaren opari batzuk iritsi dira, berak jaso beharrean aurkariei egin dizkienak. Ez dago matematikari fina izan beharrik 6-11 zihoan partida bat 22-12 amaitu baldin bada gorrien aldeko azken partziala sekulakoa izan dela konturatzeko: 16-1ekoa, alajaina.

Esan bezala, eta urdinen arazoak gora-behera, Rezustaren gorakada izan da partzial hori ulertzeko gako nagusia. Bergararrak ia beti egiuten duen defentsa lan eskergaz gain, sekulako pilotakadak jo ditu atzera, Zabaleta bezalako aurkari bat txiki uzteraino.

Une zailenetan eustearen garrantzia

«Zaila da azaltzen. Egia da hiru partida oso gogor jokatuta nentorrela finalera, baina sentsazioak oso onak izan dira hasieratik. Eskuetako minik ez daukat, ongi egin dut lo egun hauetan, ongi deskantsatu dut, eta ongi sentitu naiz», onartu du Rezustak amaierako adierazpenetan.

«Hasieran aurrea hartu digute, baina sentsazioak ez ziren txarrak. Maila onean ari ginen eta ikusten genuen partida apur bat gogortuz gero lanak emango genizkiela. Zabalak sekulako erritmoa sartzen dio partidari, baina erritmoa sartu nahi horretan nekatu ere egiten zara, eta uste dut hori gertatu dela», aztertu du neurketa.

Peio Etxeberria ere pozik azaldu da. Dario ordezkatuz sartu zen torneoan eta azkenean garaipenarekin doa etxera. «Nire ustez gakoa hasiera horretan egon da. Beraiek oso indartsu hasi dira, baina ez dugu inoiz amore eman. Horretan oso antzekoak gara Beñat eta biok, lanean segi dugu, eta azkenean saria etorri da», iritzi dio.

FITXA

Pilotakadak: 685. Partidaren iraupena: 72 minutu. Markagailua: 3-0, 3-3, 4-3, 4-8, 5-8, 5-9, 6-9, 6-11, 11-11, 11-12 eta 22-12. Jokoan egindakoak: 8 Peio Etxeberriak, 8 Rezustak eta 9 Zabalak. Galdutakoak: 3 Peio Etxeberriak, 1 Rezustak, 3 Zabalak eta 3 Zabaletak. Gertaerak: Sarrera guztiak salduta Logroñoko Adarraga pilotalekuan San Mateo Torneoaren finala ikusteko. Lehen sakea, gorri.