Adinekoen Egunaren bezperan aldarrikapenak Nafarroako Parlamentura eraman dituzte pentsiodunek
Adinekoen Nazioarteko Egunaren bezperan asteleheneroko elkarretaratzea manifestazio bilakatu du Iruñeko Pentsiodunen Mugimenduak. Aldarrikapenak Nafarroako Gobernuari eta talde parlamentarioei eraman dizkiete. Euskal Herriko gainontzeko hirietan eta hainbat herritan ere mobilizatu dira.
Pentsiodunen gaurko mobilizazioa ez da astelehenerokoa izan; Adinekoen Nazioarteko Egunaren atarian Iruñeko Pentsiodunen Mugimenduak manifestazioa egin du. Eguerdian, abiatu dira Udaletxe plazatik eta Nafarroako Gobernuaren egoitzatik igaro ostean Parlamentuaren aurrean amaitu dute mobilizazioa. Astelehenero bezala, Euskal Herriko gainontzeko hiriburuetan eta hainbat herritan ere mobilizatu dira, gaurkoa berezia izan bada ere, biharkoa Adinekoen Eguna izanik.
Hain zuzen ere, Iruñeako Pentsiodunen Mugimenduak Nafarroako Parlamentuaren atarian Gobernuari berari zein talde parlamentario guztiei zuzendutako adierazpena irakurri dute. Egun berezia baliatu nahi izan dute haien aldarrikapenak indartzeko.
Bi izan dira aldarrikapen nagusiak: «Batetik, Nafarroako mutualistei egindako PFEZren atxikipenak eguneratzea eta itzultzea eskatzea, atzeraeraginezko ondorioekin, eta, bestetik, Nafarroako Gobernuak eta Euskal Herria Bilduk sinatutako aurrekontu-akordioan aurrerapen zehatzak eskatzea».
«Covid 19aren krisi soziosanitarioak argi utzi du Zerbitzu Publikoen garrantzia, baina oso gutxi ikasi dugu», salatu dute. Horrela, azpimarratu dute Osasunbidean ez dela behar besteko inbertsiorik egiten ari eta horren ondoriozkoak direla itxaron-zerrendak, «bai osasun-zentroetako lehen mailako arretan, bai espezialistekin egindako kontsultetan».
Halaber, edadetuek zahartzaroa haien etxeetan bizitzeko duten eskubidea aldarrikatu dute eta argi adierazi dute horretarako «Etxeko Arreta Zerbitzu publiko eta kalitatezkoa bermatu» behar dela: «Ezin dugu onartu inork negozioak egitea adineko pertsonen osasunaren kontura». Ildo beretik, lan-baldintza duinak galdegin dituzte zaintza lanetan ari diren langileentzako.
Pobrezia energetikorako laguntzak, erosketa-saskirako mugak, etxebizitzaren arazoarentzako konponbideak edota bidezko soldatak eskatzea ere haien kezken artean dagoela adierazi dute eta nabarmendu dute behar horiei erantzuteko «baliabide ekonomikoak» behar direla.