INFO

‘Dena eskaini nizun’, Leire Asiainek argitu beharreko seigarren krimena

Leire Asiain detektibeari bizitza aspaldi eman zion Alberto Ladron idazleak, eta detektibeak argitu beharreko seigarren krimena da ‘Dena eskaini nizun’ eleberria. Tratu txarrak jasaten dituen emakume baten ihesa izango du ardatz, eta bere desagerpena izango da ikergaia.

Alberto Ladron idazlea, eskuan ‘Dena eskaini nizun’ eleberri berria duela. (Gorka Rubio | FOKU)

Leire Asiain detektibeari berriro ere bizitza eman dio Alberto Ladron idazleak ‘Dena eskaini nizun’ (Elkar) eleberrian. Kasu honetan, Asiainek emakume gazte baten desagerpena aztertu beharko du, Laura Merinorena. 27 urte zituelarik desagertu zen; izan ere, bere senarrak tratu txarrak ematen zizkion eta sabelean isilpean daraman umekia babestearren, lankide baten laguntzarekin ihes egin zuen. Handik urte batzuetara,  2024ean, Lauraren ahizpak Vazquez eta Asiain detektibeen agentziara joko du desagertze hura iker dezaten.

Xabier Mendiguren editorearen esanetan, «thrillerra eta terrore psikologikoaren» generoak uztartzen ditu idazleak eleberri berrian. Kontatu du jada baduela publiko fidel bat Ladronek, eta estilo jakin bat duen arren, aldiro, «zerbait ezberdina» egiten duela.

Ladronek berak zehaztu du Asiain detektibea protagonista den seigarren eleberria dela astearte honetan aurkeztutakoa. «Asiain lasaiago bat topatuko du irakurleak eleberri honetan, aurrekoetan barne gatazka handiagoak zituen eta garrantzia handia hartzen zuten, batzuetan ohartzen nintzen arazo horiek protagonismoa kentzen ziotela argumentu nagusia den ikerketari», azaldu du.

Eta ondorioz, detektibearen bizitzan gutxiago sakontzen dela liburu honetan. Gainera, idazlearen ustez, bere aurreko eleberriak jarraitu dituen irakurleak jada ezagutzen ditu detektibearen familia eta lankideak, «ez zitzaidan beharrezkoa iruditzen istorio horiek behin eta berriz errepikatzea». Aurreratu du, liburu berrian familiak «pisu berezia» hartzen duela.

Estiloari eutsi, berritasunekin

Bere «ohiko estiloari» eutsi diola kontatu du Ladronek: erritmo azkarra, elkarrizketa biziak, umorea, suspentsea eta sorpresak. Beldurrezko generoaren pasarte batzuk ere idatzi dituela adierazi du, nahiz eta ez den beldurrezko eleberri bat, «zenbait pasartetan tentsioa muturreraino eramateko nahiak» pasarte horiek idaztera bultzatu duela azaldu du.

Liburuaren egituraketa hasierako ideiatik aldatu egin dela onartu du. Izan ere, hasiera batean, istorioa ordena kronologikoan kontatzea pentsatu zuen, baina azkenerako, Lauraren ihesaldia kontatzen duten atalak, Asiainen ikerketaren atalekin tartekatzea erabaki du. «Interesgarriagoa izango zela pentsatu nuen horrela, irakurleek pertsonaiek baino gehiago jakingo dutelako zenbait kasutan», zehaztu du.

Idazteko moduari dagokionean, kontatu du istorio errealetatik inspiratu izan dela, eta normalean pare bat ideia izaten dituela buruan bueltaka: «Ideia horien arteko harremanak bilatzen ditut, eta uztargarriak baldin badira aurrera egin eta idazten hasten naiz».