INFO

Kortesia nagusi Walz eta Vance presidenteorde gaien arteko eztabaidan

JD Vance senatari errepublikanoa ekitaldi batean. (Gage Skidmore | EUROPA PRESS)

Kamala Harrisek eta Donald Trumpek bigarren eztabaidarik ez egiteak arreta berezia ekarri du presidenteorderako hautagaien arteko debatera, Ekialde Hurbileko egoerak eta Helene urakanaren txikizioak bigarren planora ekarri arren. Ia bi orduz egon dira eztabaidan JD Vance senataria eta Tim Walz gobernadore demokrata.

Azpimarragarriena da azken aldiko giro toxiko eta polarizatuan bi hautagaiek soseguzko debatea mantentzeko gai izan direla bi hautagaiak. Ahotsik altxatu gabe, tarteka elkarri arrazoi ematen ere, errespetuzko eztabaida izan da. CBSk egindako inkestaren arabera, ikusleen ehuneko 42k JD Vance jo zuen debatearen irabazletzat, eta ehuneko 41ek Tim Walz, eta gainerako ehuneko 17k berdinketatzat hartu du.

AEBetako politikagintzan, presidentegaiak izan ohi dira mezu moderatua izaten dutenak, erdigunea irabazi nahian eta aurkarien zaleengandik ere hurbil agertzeko asmoz, herritar guztien presidente izateko asmoa azpimarratzeko. Aldiz, presidenteorde izateko hautagaiak euren jarraitzaileengana zuzendu izan ohi dira. Bart gaueko debatean (goizaldean Euskal Herrian) erabat aurkakoa gertatu da: Donald Trumpen etengabeko tonu oldarkorraren ordez, diskurtso leun eta sosegatua erabili du Vancek, eskuin muturra ziur aski arriskutsuen bihurtzen duen tonu lasaian. Mezua, funtsean, ez baita aldatzen: herrialdearen arazoak migratzaileenak dira, Trumpek iragarritako deportazio masiboak urratsez urrats izango dira, eta abortuaren gaiak errepublikanoek ez dute asmatu, baina ez dute eskubide konstituzionala berreskuratzeko asmorik.

Immigrazioan izan zen Vance aurkezleekin oldartu zen une garrantzitsuena: moderatzaileek gogora ekarri zuten Trumpek eta Vancek «legez kanpoko etorkin» izendatzen dituzten Ohioko haitiarrak legezko paperekin ari direla AEBetan bizitzen eta lanean. «Fact-check (esandakoa benetan den egiaztatzea) ez egitea adostu genuen!» bota die hautagai errepublikanoak CBSko kazetariei. Gainerakoan, argi geratu da JD Vanceren ardura «Donald Trump ez izatea» zela, iruzkingile batek aipatu bezala; nagusiari aurka egin gabe, baina bai ñabardura han-hemenka. Ivy League unibertsitate elitistetako eztabaida-taldeetan ikasitakoa txukun zabaldu zuen Vancek. Azken batean, politikaren kameleoietako bat da Ohioko senataria, lekuaren eta giroaren arabera diskurtso bat eta ia haren aurkakoa dirudiena eginez.

Eztabaidaren aurreko teoriak Tim Walzi abantaila txiki bat ematen zion, adinak eta politikan ematen dion eskarmentuagatik, baina oso urduri ekin dio debateari. Baldar hasi da Minnesotako gobernadorea; bigarren galderarako gorantz egin du, eta etxebizitza edo abortua bezalako gaietan indartsu defendatu ditu argudio progresistak.

Eztabaidaren ostean, errepublikanoak pozarren, «burdinazko ukabila belusezko eskularruan» agertu delako pantailan. Vancek, gentleman eztabaida aurkariaren mesede zela ohartuta, haren iruzurra agerian uzten saiatu da. 2020ko hauteskundeetako emaitzak onartzea adierazpen askatasunarekin parekatu du Vancek; Walzek gogora ekarri dio oinarri demokratikoei uko egiteak Kapitolioaren aurkako erasoa ekarri zuela.