INFO

Iragana atzean utzi eta orainean zentratu

‘LOS DESTELLOS’ Estatu espainiarra, 2024. 101’. Zuzendaria: Pilar Palomero. Gidoia: Pilar Palomero (Eider Rodriguez-en kontakizuna). Aktoreak: Patricia Lopez Arnaiz, Antonio de la Torre, Marina Guerola, Julian Lopez, Musika: Vicente Ortiz Gimeno. Argazkia: Daniela Cajías.

Patricia López Arnaiz eta Antonio de la Torre (Caramel Films)

Pilar Palomerok pantaila handira eraman du Eider Rodriguezen ‘Bihotz handiegia’ ipuin bildumako izen bereko kontakizuna eta bere egin du; kokalekua desberdina da, Herrialde Katalanetan girotzen da filma, ez Euskal Herrian, eta testuingurua ere bestelakoa da.

Bere filmografia osatzen duten hiru filmetan, Palomerok, zenbait emakumeen bizitzaren arku (ia) osoa marraztu duela esan daiteke.; ‘Las Niñas’ (2020) filman, harriduraz eta aurkikuntzaz beteriko neska gazte batzuen istorioa azaltzen du. ‘La maternal’ (2022) filmean aldiz, nerabeak –eta amak– diren emakumeak ditu ardatz. Eta gaur bertan estreinatzen den ‘Los destellos’ pelikulan bikotekide ohiaren zaintzari –gaixorik dago– aurre egin beharko dion emakume heldu bat aurkeztuko digu.

Isabelen bizitza (Patricia Lopez Arnaiz) goitik behera aldatuko da alabak eskatzen dionean gaixorik dagoen aitari bisitan joateko. Emakumeak ez du senar ohia zaintzeko inolako gogorik, izan ere, hamabost urte daramatza harengandik urrun; garai batean familia izan arren, gaur egun gizona ezezaguna eta deserosoa iruditzen zaio. Hala ere, jakinik bizialdi laburra geratzen zaiola ahalegina egitea erabakiko du. Harekin berriro elkartzean, Isabel bere alde zaurgarrienarekin topo egingo du, eta senar ohia beste modu batean ikusten hasiko da. Iragana atzean utzi eta orainean zentratuko da.

Pasa den Donostiako Zinemaldiko prentsaurrekoan, Palomerori Eider Rodriguezen kontakizunetik zer iruditu zitzaion erakargarriena galderari honakoa erantzun zion: «Batez ere, maite dugun pertsona baten galerarekin zerikusia duena azaltzen duelako. Izan ere, uste dut maite duzun norbait galtzeak zure bizitzaz kontzienteago egiten zaituela. Hiltzen ari den pertsonaia bati buruzko filma izan arren, neurri batean bizitzari buruzkoa ere bada».