Gernikako Urriko Lehen Astelehenean Pirinioetako 105 abelburu izango dira lehian
Urtero egin ohi duten moduan Pirinioetako arrazaren lehiaketa egingo dute aurten ere Gernikako Urriko Lehen Astelehenean. Aurten 12 abeltzain desberdinen 105 ale lehiatuko dira.
Gernikako Urriko Lehen Asteleheneko abeltzaintza azokan urtero bezala egiten den Euskadiko Pirinioetako arrazaren hogeita hamazazpigarren lehiaketa izango den honetan parte hartuko duten gehienak Bizkaiko abeltzainak izango dira. Santa Anako aparkalekuan egingo den lehiaketan 105 ale bilduko dira, hainbat kategoriatan banatuta, adinaren eta sexuaren arabera, eta kumea egin duten ala ez kontuan hartuta.
Bi egunetan zehar, herria lehen sektoreko erreferentzia-guneetako bat izango da. Gainera, euskal ustiategietan gero eta garrantzi handiagoa duen haragia ekoizteko arrazaren erakusleiho ere izango da, esne ustiategiek behera egiten duten heinean hazten ari dena. Guztira 12 abeltzain joango dira bertara, lurralde bakoitzeko 4. Bizkaitarrek 41 abelburu aurkeztuko dituzte, gipuzkoarrek 31 eta nafarrek 33. Horietatik 95 emeak izango dira eta 10 arrak.
Programa igandean hasiko da, lehiaketa osatzen duten bederatzi ataletan ale onenak aukeratuz. Bi adituk, besteak beste, abelburuen ezaugarri morfologikoak baloratuko dituzte eta hiru onenak izendatuko dituzte. Astelehenean, lehiaketaren arduradunek lehenengo sailkatuen artean behi eta zezenik onena, hazitarako emerik onena eta abeltzainik onena izendatuko dituzte.
Azokaren bi egunetan kalitatezko labela duen arraza honetako okela dastatzeko aukera ere izango da, eta bertaratzen direnek, gainera, sagardoa, artisautza produktuak, txakolina, ogia, euskal pastela eta gazta erosi ahal izango dituzte, abereak hartuko dituen karpa erraldoiaren inguruan kokatuko diren 30 postuetan.