Diru publikoa herritarren beharretara bideratzeko konpromisoa berretsi dute EH Bilduko alkateek
«Politika neoliberalak» gainditzeko beharra nabarmendu dute EH Bilduko alkateek Iruñean egin duten bilkuran. «Autonomia ereduaren porrota» ere aipatu du Arnaldo Otegik, «boto gehien eta alkate gehien dituen» indarraren ibilbide-orria marraztuz.
Iruñean bildu ditu bere alkateak EH Bilduk larunbat honetan, egungo egoera aztertu eta hartutako konpromisoak berresteko, udal mailako legealdiak bigarren urteari ekiten dion honetan.
Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia zuzendu zaie, ezer baino lehenago indar honek udalgintzan duen erantzukizuna mahai gaineratuz: «Euskal Herria bere luze zabalean kontuan hartuta boto gehien dituen eta alkate gehien dituen alderdia gara», ekarri du gogora.
Egungo egoera bi aldagaik ezaugarritzen dutela adierazi du Otegik. Bi porrot, alegia: politika neoliberalena, mundu osoan barrena, eta eredu autonomikoarena, Euskal Herriari dagokionez.
Lehenengoan sakonduz, «kapitalismoak eraman gaitu segurtasunik gabeko planeta batera. Ez dute ezer konpondu: ez desorekak, ez etxebizitza, ez hezkuntza… Politika neoliberalak ez badira gainditzen, ezin da ezer konpondu», ohartarazi du. Gauzak honela, «politika neoliberalak gainditzeko politikak jarri behar dira indarrean, herritarrak erdigunean jarrita», helarazi die alkate alderdikideei.
Era berean, «eredu autonomikoak porrot egin du. Ez dizkio herri honi behar dituen tresnak eman», salatu du Otegik.
Etxebizitza
Testinguru honetan EH Bilduk gidatzen dituen udal gobernuek jada politika antineoliberalak abiatu dituztela txalotu du, «erdian herritarren interesak jartzen dituztenak. Obsesio identitario handiak ditugu, etxebizitza adibidez», esan du ironiaz.
Aurrekontu egitasmoen zehaztapenak eta horien gaineko eztabaidak eta bozketa gertu direla jakitun, «baliabide publikoak non inbertitatzea» gako nagusia dela adierazi du Arnaldo Otegik, «zenbat diru dugun eta non jarri» alegia. Eta honako hau azpimarratu du: «Argi dugu diru publikoak joan behar direla jendearen beharrizanak asetzera, eta hori egingo dute gure alkateek».
Irakurketa historikoa erantsi du interbentzioan: «Udalek beren garrantzia dute bi ardatz hauetan. Ardatz nazionalari dagokionez, historian garrantzia handia izan dute udalek. 1931eko Lizarrako Estatutua udalek egin zuten, Trantsizioaren garaian Alkateen Mugimendua izan zen Bergaran, Udalbiltza ere antolatu zen... Udalek badute zeregin nagusi bat gure askatasun nazionalaren defentsan. Eta hurrengo urteetan ere tokatuko zaie gure askatasun nazionala defendatzea», aurreikusi du Otegik.